Emakumeen eta Gizonen Soldata Berdintasunaren aldeko Europako Eguna (Gobernu Bilera 2019-02-19)

gobernu_kontseilua.jpg

2019.eko otsailak 19

Adierazpen Instituzionala – 2019ko otsailaren 22a

Datorren otsailaren 22an, ostirala, Emakumeen eta Gizonen Soldata Berdintasunaren aldeko Europako Eguna ospatuko dela eta, Eusko Jaurlaritzak berretsi egin nahi du lan-ingurunean emakumeen eta gizonen benetako berdintasunarekin hartu duen konpromisoa eta soldata-desberdintasunaren arazoari erantzun integral bat emateko egindako apustua.

Soldata-arrakala gizonen eta emakumeen arteko egitura-desberdintasunari lotutako ordainsari-arazoaren adierazpena da. Arrakalak erreproduzitu eta iraunarazi egiten du emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna gure gizartean, eta faktore askoren ondorioa da. Faktore horien artean, honako hauek azpimarra daitezke: sexuaren araberako lan-segregazioa eta emakumeek egindako lanaren balorazio sozial eta ekonomiko txikiagoa; emakumeek eta gizonek lan-merkatuan duten posizio desberdina (jenero-harremanek eta estereotipoek baldintzatuak); eta erantzunkidetasunik eza zainketa-lanetan.

Soldata-desberdintasunaren ondorioen artean, honako hauek aipa daitezke: emakumeen autonomia ekonomiko txikiagoa, pobrezia-indize handiagoak eta horren zuzeneko eragina gizarte-segurantzarako kotizazioetan, eta, beraz, pentsioetan.

Administrazioen erantzukizuna da soldata-arrakala desagerrarazten laguntzea, jakinik arazo konplexua dela, hainbat dimentsiotatik ekin behar zaiola eta inplikatutako agente guztien parte-hartzearekin lortuko dela.

Eusko Jaurlaritzak soldata-arrakala murrizteko hartu duen konpromisoa XI. Legegintzaldirako Gobernu Programan, Estrategia 2030ean eta, bereziki, Euskadin Soldata Arrakala Murrizteko Estrategian eta Ekintza Plan Eragilean islatu da. Estrategia eta ekintza-plan hori joan den azaroaren 27an onartu zuen Gobernu Kontseiluak, eta Euskadi 2030. urterako soldata-desberdintasunik txikieneko Europako bost herrialdeen artean kokatzea du helburu.

Eusko Jaurlaritza era koordinatuan ari da Plan hori lantzen. Izan ere, gure ustez, emakumeen eta gizonen soldata-berdintasunerantz aurrera egitea, bidezkoa izateaz gain, onuragarria da gizarte osoarentzat, hazkunde ekonomikoan, produktibitatearen gehikuntzan eta familia-bizitzaren, bizitza pertsonalaren eta lan-bizitzaren kontziliazioan laguntzen baitu.

Lehentasunezko helburua da, eta lan koordinatu bat egin behar da jardun-arlo guztien artean, Euskadin emakumeen eta gizonen arteko soldata-berdintasuna bermatzeko. Hori da gure helburua, eta hori da gure zeregina.

Horretarako, eta Euskadin Soldata Arrakala Murrizteko Estrategian eta Ekintza Plan Eragilean hartutako konpromisoei jarraikiz, Eusko Jaurlaritza honako ekimen hauek lantzen ari da (erantsitako dokumentuan daude zehaztuta), eta 2019ko lehen hiruhileko honetan jarriko ditu abian:

1.- Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea aldatzeko Legearen Aurreproiektuan soldata-arrakala murrizteko neurriak txertatzea.

2.- Ordainsari-berdintasuna ikuskatzeko plan espezifikoaren onarpena, Ikuskatzailetzak indarrean dauden legeen kontrakoak diren eta soldata-arrakala sortzen duten ekintzen aurka egiten duen lana sendotzeko.

3.- Elkarrizketa Sozialerako Mahaian lantalde espezifiko bat abian jartzea, lan-harremanen eremuan emakumeen eta gizonen benetako berdintasunerantz aurrera egiteko.

4.- “Kontratu publikoetan, dirulaguntza publikoetan, hitzarmenetan eta itun sozialetan jenero-ikuspegia txertatzeko gida” eguneratzea, eta kontratazio publikoan emakumeen eta gizonen berdintasunerako klausulak eta soldata-arrakalaren aurkako neurriak txertatzeko instrukzio espezifiko bat onartzea; instrukzio horrek lan-baldintzei dagokienez emakumeen eta gizonen berdintasuna erraztuko duten eta emakumeen eta gizonen soldata-berdintasuna bultzatuko duten klausula sozialak jasoko ditu, besteak beste, eta Administrazio Orokorreko, Administrazio Instituzionaleko eta sektore publikoko gainerako entitateetako kontratazio-organoei zuzenduta egongo da.

5.- 1,2 milioi euro gehigarriren gaikuntza, hainbat partidatan, soldata-arrakala murriztera bideratutako jardunak sendotzeko.

 

ADIERAZPEN INSTITUZIONALAREN ERANSKINA

2019ko OTSAILAREN 22a

Emakumeen eta Gizonen Soldata Berdintasunaren aldeko Europako Eguna

Adierazpen honi eta Soldata Arrakala Murrizteko Estrategian eta Ekintza Plan Eragilean hartutako konpromisoei jarraikiz, Eusko Jaurlaritzak honako ekimen hauek jarriko ditu abian 2019ko lehen hiruhilekoan:

1.- Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea aldatzeko Legearen Aurreproiektuan soldata-arrakala murrizteko neurriak txertatzea.

Legearen Aurreproiektu horrek (lantzen ari da gaur egun) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean soldata-arrakala eragiten duten faktoreei aurre egiteko aurreikusitako neurriak indartuko ditu, batez ere hezkuntzari eta lanari buruzko kapituluetan jasotakoak. Adierazitako faktoreak, nolanahi ere, jarduera-tasetan eta enplegu-tasetan emakumeen eta gizonen artean dauden desberdintasunei, segregazio horizontalari (enplegua), segregazio bertikalari (kristalezko sabaia), lan-prekaritateari eta etxeko lanetan eta zainketa-lanetan agertzen den erantzunkidetasunik ezari lotuta daude.

Hezkuntzaren eremuan, baterako hezkuntzaren helburuetako bat, hezkuntza-etapen ezagutza-arlo eta diziplina guztietan txertatu beharrekoa, ikasleak aukera akademikoak jeneroan oinarritutako baldintzarik gabe egiteko trebatzea eta horretarako dauden oztopoak kentzea izango da, emakumeek industrian, zientzian eta teknologian eta gizonek giza arloan, hezkuntzan edo osasunean duten ordezkaritza txikia gainditu ahal izan dadin. Helburu hori eta baterako hezkuntzari lotutako beste helburu batzuk lortzeko, hezkuntza-maila guztietan irakasgai eta/edo eduki espezifikoak ezartzea eta ikastetxe guztietan baterako hezkuntzaz arduratutako irakasleen izendapena, ordutegi-prestasuna eta prestakuntza egokia bermatzea planteatuko du legeak, baita berdintasunaren gaia landuko duten batzordeen sorkuntza bermatzea ere, hezkuntza-komunitatearen parte-hartzearekin. Halaber, ikastetxeen ordezkaritza-organo gorenetan prestakuntza egokia izango duten berdintasuneko ordezkariak egotea planteatuko du.

Ordaindu gabeko lanaren eremuan, besteak beste zainketen inguruko erantzunkidetasuna sustatzeko, bizitza pertsonalaren, familia-bizitzaren eta lan-bizitzaren kontziliazioa sustatzera zuzendutako arau eta jardunetan gizonen erantzunkidetasuna sustatzeko neurriak jaso daitezen planteatuko du legeak. Bereziki, bi gurasoentzat berdina eta besterenezina den guraso-baimena sektore publiko osoko langileengan zabaltzea eta baimen horiek sektore pribatuan aplikatzeko aukera sustatzea planteatzen da.

Enpleguaren edo ordaindutako lanaren eremuan, alde batetik, emakumeak ordezkatuta ez dauden lanpostu eta mailetan (zuzendaritza-postuetan eta kalitate handiko eta ongi ordaindutako enpleguak eskaintzen dituzten sektoreetan bereziki) sartzeko eta horietara igotzeko neurriak planteatuko dira.

Bestalde, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza sendotzea hartzen da kontuan, ordainsari-diskriminazioaren aurkako planak eta kanpainak areagotu ditzan. Era berean, erakunde publikoei, enpresei, sindikatuei eta herritar guztiei ordainsari-diskriminazioari aurre egiteko eta balio bereko lanagatik ordainsari berdina jasotzeko printzipioa bermatzeko baliabideak eskaintzea planteatzen da (bereziki, lanpostuen balorazio, sailkapen eta ebaluazio ez-sexista baterako eta lanbide-sustapen ez-sexista baterako jarraibideak, irizpideak eta metodologiak, informazioa eta aholkularitza emateko eta kexak edo salaketak bideratzeko zerbitzu bat eta kontrol-sistemak, ordainsari-auditoriak barne). 

2.– Ordainsari-berdintasuna ikuskatzeko plan espezifikoa. 

Ikuskatzailetzak emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko indarreko legeen kontrakoak diren eta soldata-arrakala sortzen duten ekintzei aurre egiteko egiten duen lana sendotze aldera, Lan eta Justizia Sailak ordainsari-berdintasuna ikuskatzeko Plan Espezifiko bat jarri du abian. Plan horrek soldata-arrakala sortzen duten bi arrazoi nagusi hartzen ditu eraginpean zuzenean: soldata-diskriminazioa eta lan-iruzurra. Plan horretan ezartzen denez, ikuskapen-unitate espezifikoak sortu behar dira hiru lurralde historikoetan, eta soldata-arrakalari lotutako alderdietan prestatu behar dira unitate horiek. Ikuskapen-unitateen kopuru handiagoari eta haien prestakuntza espezifikoari esker (2019ko martxoan hasi beharrekoa), ikuskapen-jarduera integral bat egin ahal izango da arlo horretan, eta lanaldiaren eta lan-denboraren kontrola eta aldi baterako eta lanaldi partzialeko kontratazioan gertatzen den iruzurraren kontrola landu ahal izango dira, besteak beste.

Bestalde, ikuskatu beharreko enpresak Laneko Ikuskatzailetzak sistemari egindako iruzurraren patroiak aurreikusteko zehaztutako programen bidez hautatuko dira, eta soldata-auditoriak egingo dira.

Era berean, ordainsari-berdintasuna ikuskatzeko Plan Espezifikoaren barruan, berdintasun-planak (enpresen berdintasun-planak berrikusiko dira, eta 2019an berrikusiko dira guztiak), sexu-jazarpena, enplegua lortzeko sexu-diskriminazioa eta familia-bizitza eta lan-bizitza kontzialiatzeko eskubideak ikuskatzeko kanpainak areagotuko dira. 

3.- Elkarrizketa Sozialerako Mahaian lantalde espezifiko bat abian jartzea, lan-harremanen eremuan emakumeen eta gizonen benetako berdintasunerantz aurrera egiteko. 

Joan den otsailaren 11n, lan-harremanen eremuan emakumeen eta gizonen benetako berdintasunerantz aurrera egiteaz arduratutako Lantaldea eratu zen Elkarrizketa Sozialerako Mahaiaren barruan, sindikatuekin eta enpresa-erakundeekin batera kontziliazio erantzunkidea sustatzera, enpresetan berdintasun-planak bultzatu eta ezartzera, jenero-berdintasuna tratatzera eta negoziazio kolektiboan ordainsari-berdintasuna sustatzera bideratutako neurriak hartzeko.

Gainera, “balio berdineko lan” kontzeptua zehaztuko duen azterlan bat egitea aurreikusten da, “balio berdineko lanagatiko ordainsari berdinaren” printzipioa eraginkortasunez aplikatzen dela bermatzeko.

4.– “Kontratu publikoetan, dirulaguntza publikoetan, hitzarmenetan eta itun sozialetan jenero-ikuspegia txertatzeko gida” eguneratzea, eta kontratazio publikoan emakumeen eta gizonen berdintasunerako klausulak eta soldata-arrakalaren aurkako neurriak txertatzeko instrukzio espezifiko bat onartzea. 

 “Kontratu publikoetan, dirulaguntza publikoetan, hitzarmenetan eta itun sozialetan jenero-ikuspegia txertatzeko gida” lantzeko fasean dago gaur egun, eta lan-baldintzei dagokienez emakumeen eta gizonen berdintasuna erraztuko duten eta emakumeen eta gizonen soldata-berdintasuna bultzatuko duten klausula sozialen ereduen deskribapen eta analisi juridiko bat biltzen du, besteak beste, aplikazioaren adibide zehatzekin, agiriak idazteaz eta kontratu publikoak jenero-arloan behar bezala gauzatzen direla egiaztatzeaz arduratutako pertsonei lana ahal den heinean errazteko.

Gida hori osatzeko, kontratazio publikoan emakumeen eta gizonen berdintasunerako klausulak eta soldata-arrakalari aurre egiteko neurriak txertatzeko instrukzio espezifiko bat onartuko da (2019ko martxoan), eta Administrazio Orokorreko, Administrazio Instituzionaleko eta sektore publikoko gainerako entitateetako kontratazio-organoei zuzenduta egongo da.

5.- 1,2 milioi euro gehigarriren gaikuntza, hainbat partidatan, soldata-arrakala murriztera bideratutako jardunak sendotzeko. 

Ogasun eta Ekonomia Sailak 1,2 milioi euro gehigarri gaituko ditu, 2019. urtean Euskadin Soldata Arrakala murrizteko Ekintza Plan Eragilea indartzeko.

Zenbateko hori hainbat partidatan banatuko da, Eusko Jaurlaritzak soldata-arrakala murrizteko hartu duen konpromiso orokorraren barruan Lehendakaritza (Emakunde), Lan eta Justizia Saila, Hezkuntza Saila, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila eta Ogasun eta Ekonomia Saila bultzatzen ari diren neurriak sendotzeko.

Gobernu Kontseiluak joan den azaroaren 27an onartutako Soldata Arrakala murrizteko Estrategiak eta Ekintza Plan Eragileak 283 milioi euroko aurrekontu orokorra du, eta 60 neurri garatzera bideratuko da.