EIMA Katalogoak prest ditu mailegu-zerbitzu berria eta webgune berritua, hezkuntza-komunitateari zein herritarrei irekiak

2019.eko apirilak 24

  • Hezkuntza Sailaren zerbitzuak 25.000 erreferentzia inguru ditu, horietako asko hezkuntza-komunitatearentzat ez ezik herritarrentzat ere eskuragarri.
  • Euskarazko ikasmaterialen dokumentazio-zentroa da EIMA Katalogoa; ikasmaterialen informazio zehatza emateaz gain, horiek zuzenean kontsultatu edo jaisteko aukera ere ematen du.

Hezkuntza Sailaren EIMA Katalogoak martxan dauka mailegu-zerbitzu berria, eta horrekin batera, baita webgune berritua ere: eimakatalogoa.eus  Unibertsitate aurreko mailetarako euskarazko ikasmaterialen dokumentazio-zentroa da EIMA Katalogoa, hezkuntza-komunitatearentzat pentsaturiko baliabide erabilgarria, baina katalogatutako hainbat material edozein herritarren eskura ere ipintzen duena. Datuak ez dira nolanahikoak: gaur egun, 25.000 erreferentzia ditu katalogoak, eta horietatik 4.000 inguru sarean kontsultatu edo deskargatu daitezke.

Askotariko baliabideak dira EIMA Katalogoan jasorikoak, besteak beste:

  • Eskolan erabiltzeko sortutako materiala: testu-liburuak, ariketa-koadernoak, aplikazio informatikoak... orotara 9.300 erreferentzia.
  • Sareko hainbat baliabide didaktiko: webguneak, simulazioak, jolasak… 1.200 erreferentzia.
  • Haur eta gazte-literatura, adin-tarteka eta gaika sailkatuta: 4.700 erreferentzia.
  • Helduentzako literatura: 2.800 erreferentzia.
  • Monografiak: 5.900 erreferentzia.
  • Ikus-entzunezkoak: 2.300 erreferentzia.
  • Jolas didaktikoak: 190 erreferentzia.

Euskarazko ikasmaterialen informazio zehatza eskaintzeaz gain, hainbat eta hainbat ikasmaterial zuzenean kontsultatzeko edota jaisteko aukera ere ematen du. Webgune berritua dauka horretarako EIMA Katalogoak.

Webgune berritua: eimakatalogoa.eus

Katalogatuta dauden 25.000 dokumentuen artean kontsultak ikasmailen, jakintza-gaien, ikasmaterial moten, argitaletxeen, edo egileen arabera egin daitezke. EIMA Katalogoaren webgune berrituan errazago egingo zaio erabiltzaileari katalogoko materialak bilatzea eta eskatzea, intuitiboa eta erabilerraza baita plataforma berritua:

  • Interneten eskuragarri dauden materialak badira, bertatik bertara eskuratu daitezke.
  • Materiala euskarri fisikoan badago, eus webgunetik eskatu daiteke. Horretarako, erabiltzaile-kontua sortu behar da aurretik. Erabiltzailea irakaslea bada, materiala ikastetxean jaso dezake posta bidezko doako mailegu-zerbitzua baliatuz.
  • Erabiltzaileak nahi duen material hori aurkitzen ez badu, EIMA Katalogoarekin harremanetan jar daiteke, lortzen saia daitezen.

Horrez gain, EIMA Katalogoak berak gai bat ardatz hartu, katalogoan horren inguruko bilaketa egin, eta material-aukeraketak ere proposatzen ditu. Adibidez:

EIMA Katalogoaren dokumentazio-zentroak Eibarren du egoitza (Eibarko Hezkuntza Esparruan, Otalora hiribidea, 29), eta irekita dago bertaratu nahi duen edozein herritarrentzat. Materialak kontsultatu eta maileguan har daitezke bertan. Eibarko egoitzak eskaintzen du:

  • Mailegu-zerbitzua: egoitzan dauden material gehienak maileguan har daitezke.
  • Kontsulta-gela: materiala kontsultatzeko, ikerketa-lanetarako… atondutako espazioa. Interneteko sarbidea duten hainbat ordenagailu daude erabiltzaileen eskura. Wifi konexioa ere badago.
  • Ikus-entzunezko gela: U-matic, VHS, Beta eta DVD euskarrietan dauden baliabideak bisualizatzeko gela.

Nori dago zuzendua EIMA Katalogoa?

Bereziki hezkuntza-komunitateari irekitako baliabidea da: ikastetxeei, irakasleei, eta baita gurasoei ere. Dena den, euskarri digitalean dagoen hainbat material didaktiko, baldin eta erabilera askekoak badira, plataforma honen bidez eskura ditzake edozein herritarrek, bertan bilaketa egin ondoren.

EIMA: euskarazko ikasmaterialgintza

EIMA izena akronimo bat da eta hau esan nahi du: euskal ikasmaterialgintza. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Euskara Zerbitzuak 1982. urtetik hona abian duen lan-programa bat da. Helburu nagusia da unibertsitate aurreko ikasmailetarako euskaraz behar adina ikasmaterial sor dadin bultzatzea, ikasmaterial horien kalitatea zaintzea eta ikasmaterial horiek zabalkundea izan dezaten administraziotik laguntzea.

Zerbitzu honen baitan, EIMA Katalogoa da funtsezko adarretako bat. Ikasmaterialen zabalkundean laguntzeko 2005ean sortua, urte hartatik dihardu EIMA Katalogoak dokumentazio-zentroan euskarazko ikasmateriala biltzen, katalogatzen eta sarean kontsultagarri jartzen.