Eibar ospitale berriak ospitaleratze-unitatea jarri du martxan; unitateak, hilean, 25 eta 30 paziente bitartean hartzeko gaitasuna du

2019.eko urtarrilak 14

Gainera, gaurtik aurrera, plantillan 46 profesional gehiago sartuko dira, ospitaleratzeetarako eta bihotzeko errehabilitazioko, arnasketa-errehabilitazioko eta barne-medikuntzako kanpo-kontsulten zerbitzu berrietarako

 

Pasa den urriaren 29an, Osakidetzak Eibar Ospitale berria jarri zuen martxan, Debabarrena ESIko 75.000 herritarrei osasun-arreta hobea eskaintzeko, eta, aste honetan, zerbitzu berriak irekitzeko bigarren faseari ekin zaio. Horrela, asteazken honetan, Osakidetzako ospitale berriak dituen hiru ospitaleratze-unitateetako baten jarduera hasiko da. Unitate bakoitzak zortzi logela bikoitz eta lau banako izango ditu, eta guztiek izango dute ekipamendu modernoa eta arreta jasoko duen pazientearen egoerara egokituta egongo dira, nagusiki adinekoen, gaixondo-egoeran daudenen, errehabilitaziorako beharra edo zainketa aringarrietarako beharra dutenen egoerara. Ospitaleratze-unitate berri hori martxan jartzean, abian jarriko dira, halaber, farmazia-, sukaldaritza- eta gimnasio-zerbitzuak unitate horretan ospitaleratutako pazienteentzat. Datozen hileotan, jarduerarekin hasiko dira, halaber, beste ospitaleratze-unitate bi.

Eibar Ospitalearen zerbitzu berriaren bidez, guneko herritarrek ez dute joan-etorririk egin behar izango Donostian dauden zentroetara; bertan ematen dira gaur egun zainketa-zerbitzu horiek. Jon Darpón Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak Ospitalea bisitatu du gaur, eta honako hau esan du: “25-30 paziente eta beren familiak izan ahalko dira hilero ospitaleratze-unitate berri honen onuradun; horren bidez, bidaiak aurreztuko dituzte paziente eta erabiltzaile ugarik. Beste aurrerapauso bat gehiago da Osakidetzaren ospitale berri honen zerbitzuak pixkanaka irekitzeko prozesuan, zeina 2019an zehar amaituko baita”.

Osasun sailburuak, era berean, datorren astetik aurrera eskualderako asistentzia-eskaintza berria sartuko dela iragarri du: bihotzeko errehabilitazioa. Arnasketa-errehabilitazioarekin eta barne-medikuntzako kanpo-kontsulten zerbitzuarekin amaituko da bigarren fase hori. Jon Darpónek esan duenez, zerbitzu horiek emateko, pixkanaka sartuko dira zenbait kategoriatako 46 profesional berri: medikuntzako eta erizaintzako langileak, farmaziako laguntzaileak, administrari laguntzaileak, gizarte-langileak, terapeuta okupazioalak eta logopedak, bai eta sukaldaritzako langileak ere (dietistak, sukaldariak eta zerbitzuetako langileak).

 

21.500 PERTSONAK BAINO GEHIAGOK JASO DUTE ARRETA

Eibar Ospitalea inauguratu zenetik, lehen hileetan Debabarrenako herritarren artean asistentziaren kalitatea sustatu eta hobetu da. Egun arte, 21.595 pertsonak jaso dute arreta eta 28.825 kontsulta egin dira bertako zerbitzuetan.

Osasun Sailaren eta Osakidetzaren datuen arabera, kontsulta-kopuru handiena Lehen Mailako Arretan izan da; guztira, 18.472. Bestalde, Osasun Mentaleko zerbitzuak 2.279 pertsonari eman die arreta. Etengabeko Arretako Gunean  (EAG) 1.736 pertsonak jaso dute arreta. Kanpo-kontsultetan 4.101 kontsulta egin dira eta erradiodiagnostikoaren zerbitzuan 3.281 proba eta 232 erresonantzia magnetiko. Era berean, errehabilitazioko 11.525 saio egin dira.

Eibar Ospitalea puntako azpiegitura da irisgarritasunean, teknologian eta ekipamenduan, eta Eusko Jaurlaritzari 31 milioi euroko inbertsioa ekarri dio (27 obran eta 4 ekipamenduan), eta urtean 7,3 milioi euroko aurrekontua du. Bertako instalazioetan 200 profesionalek baino gehiagok lan egiten dute; horietatik, 97 lanpostu sortu berriak dira.            

                                   

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urtarrilaren 14a