Cristina Uriartek XVII Eduardo Chillida Matematika Olinpiadaren sariak banatuko dituzte

2019.eko ekainak 07

  • Lehen lau sarituek Ingalaterran ingelesa hobetzeko egonaldia irabazi dute
  • DBHko 2. mailako 259 ikaslek hartu dute parte aurten finalean

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, Maite Alonso sailburuordearekin batera, XVII. Eduardo Chillida Matematika Olinpiadaren sariak banatu ditu gaur goizez, Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan burutu den ekitaldian. Sari banaketan izan da Luis Chillida ere, olinpiadari izena ematen dion eskulturagilearen semea.

2019ko edizio honetan, Euskadiko 105 ikastetxetako 3.000 neska-mutil inguruk hartu dute parte, denak ere DBHko bigarren mailako ikasleak (Arabako 20 ikastetxe, Bizkaiko 52 eta Gipuzkoako 33). Olinpiadaren lehen fasea parte hartu duten ikastetxeetan bertan burutu zen, eta irakasleek eurek hautatu zituzten finalera pasatuko ziren bi edo hiru ikasle onenak, zentroaren tamainaren arabera. Finala maiatzaren 11an burutu zen, hiru hiriburuetan, eta 259 neska-mutil lehiatu ziren. Olinpiadan puntuaziorik altuena eskuratu duten 12 ikasleek dagozkien sariak jaso dituzte gaur goizez, senitartekoak eta euren ikastetxeetako ordezkariak ere ekitaldian zirela.

Aurtengo saridunak hauek izan dira:

1.- Ibai Martínez Puente                                San Nikolas Ikastola. Getxo

2.- Tristán Romera Sobrado                         IES San Ignacio BHI. Bilbao

3.- Xabier Díaz Gil-Negrete                           CPEIPS Niño Jesús de Praga. Donostia

4.- Ibai Jurado Ortún                                     CPEIPS Azkorri. Getxo

5.- Unax Olano Arozena                               Usabalgo Laskorain Ikastola. Tolosa

6.- Amets Alonso Ceballos                           IES Ekialdea BHI. Vitoria-Gasteiz

7.- June López Ramírez                               IES Mendebaldea BHI. Vitoria-Gasteiz

8.- Martín Aznar Peral                                   IES Lizardi BHI. Zarautz

9.- Nerea Isusi Gómez                                  IES Lizardi BHI Zarautz

10.- Julen Arriaga Arizmendi                         IES Laudio BHI. Laudio

11.- Jon Valbuena Alvarez                            CPEIPS Lauaxeta Ikast. Amorebiet-Etxano

12.- Andoni Armendariz Linacero                  CPES Egibide BHIP. Vitoria-Gasteiz

 

Matematiken bidez gozatzea

Sariak banatzeko ekitaldian hitza harturik, ikasleak ez ezik hauen irakasleak ere zoriondu ditu Uriarte sailburuak, EIME 20+11 elkarteak (Euskadiko Matematika Irakasleen Elkarteak) lehiaketa hau antolatzen egiten duen lana ere aitortuz. “Poztekoa da benetan halako ekimen bat gure eskoletan hain sustraitua ikustea. Euskadiko ikastetxeen laguntzari esker, matematikek merezi duten protagonismoa dute olinpiada hauen bitartez”, baieztatu du.

Matematika Olinpiadak zein helburu dituen ere azaldu du Hezkuntza sailburuak, gisa honetako ekimen batek izan behar duen izaera ludikoa albora utzi gabe. “Era honetako jarduerek matematiken bidez disfrutatzeko aukera bilatzen dute, erronka intelektualak gainditzeak dakarren poztasun txikia aurkitzea. Eta hori guztia sormena, ezohiko problemak ebazteko trebetasuna eta erabakiak hartzeko autonomia garatzen diren bitartean. Baina gainera, eguneroko egoera errealetan ezagutza matematikoak aplikatzeaz ere ari gara ekimen hau bultzatzean, eta problemak ebazteaz, arrazoiketa, argudio eta komunikazio prozesuak lehenetsiz”.

Uriartek azpimarratu du, esandako horregatik guztiagatik, Hezkuntza Sailarentzako garrantzi handiko ikasgaia direla matematikak. “Baina ez soilik matematikak. Zientzia, teknologia, edo ingeniaritzako hainbat alor ere oso garrantzitsuak dira”. Horrela bada, iazko ikasturtean berak zuzentzen duen Sailak abian jarri zuen STEAM estrategia hartu du hizpide sailburuak. “Ikasleoi, ikasle guztioi, maiz izua sortarazten dizuen eta bazterrera uzten dituzuen edukiak hurbilarazteko helburua du estrategia honek. Beldur hori albora utzi behar da. Garrantzitsua da bokazio zientifikoei bultzada ematea, nesken artean batez ere. Izan ere, estatistiken arabera, neskak gutxiago hurbiltzen dira jakintza horietara”, esanaz animatu ditu ikasleak.

Egonaldia Ingalaterran

Lehen lau sarituek, hala direla egiaztatzen duen diplomaz gain, Casio kalkulagailu zientifiko bana eta Ingalaterran hiru astez ingeles ikastaroa egiteko beka jaso dute. Gainera, lehen hiru sailkatuek ekainaren 26tik 30era Jaenen egingo den Estatuko olinpiadan parte hartzeko eskubidea irabazi dute, Euskadiren ordezkari. Gainerako saridunek, diplomarekin batera Elkar liburu dendetan erabiltzeko 100 euroko txartel bana eta Casio kalkulagailu zientifiko bana jaso dituzte.

Eduardo Chillida Matematika Olinpiada EMIE 20+11 Euskadiko Matematika Irakasleen Elkarteak antolatzen du Hezkuntza Sailaren laguntzaz, eta hirugarren ediziotik darama eskulturagile handiaren izena.

Aurten 17. ediziora iritsi den ekimenak, honako helburu hauek ditu:

  • Matematiken arloa ezagutaraztea, ikasle nahiz irakasleentzat dibertigarri izango den jardueraren bidez.
  • Ikasleen artean Matematikarekiko zaletasuna bultzatzea, problemak ebatziz.
  • Sormena, erabaki gaitasuna, pentsamendu dibergentea eta egoera berriei aurre egiteko eta ez ohiko problemak askatzeko gaitasuna piztea.

Baina ikasleen matematikarako konpetentziaz gain, Olinpiada honek –arazoak konpontzeko lana sustatzen duenez- oinarrizko beste konpetentzia batzuk ere garatzen ditu: ikasten ikasteko konpetentzia, ekintzailetza eta ekimenerako konpetentzia eta hizkuntza-konpetentzia.

Sari banaketa ekitaldiaren ondoren, Fernando Fouz matematikariak hitzaldia eman du “Los tres problemas históricos de la Geometría griega” izenburupean (“Geometria greziarraren hiru arazo historikoak”), olinpiadako irabazleentzat, hauen senitartekoentzat nahiz irakasleentzat.