Cristina Uriartek 2019-2023 aldirako Hezkuntza Azpiegituren Plana aurkeztu du

2019.eko ekainak 12

  • Planak 250 lan inguru jasotzen ditu 2019-2023 aldirako, 318 milioi euroko inbertsioarekin; inbertsioa %6,7 hazi da aurreko planarekin alderatuta

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, Olatz Garamendi Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearekin batera, 2019-2023 aldirako Hezkuntza Azpiegituren Plana aurkeztu du gaur goizez Bilbon. Hezkuntza Sailak aipaturiko aldi horretan eta ikastetxe publikoetan burutuko dituen azpiegitura lanak jasotzen dira bertan. Gehien bat hezkuntza-instalazioak hobetu edo egokitzeko lanak, ikastetxeak handitzeko jarduerak eta eraikin berriak eraikitzeko obrak dira. Instalazio eta azpiegiturak hobetzeko helburua duen plan honek eragina du, halaber, hezkuntzaren kalitatean ere.  

Plan berriak burutu beharreko ia 250 jarduera jasotzen ditu 2019-2023 aldirako. Lan horiek egiteko berriz, 318 milioi euroko aurrekontua aurreikusten da, aurreko planean baino 20 milioi gehiago. Datu honek %6,7ko aurrekontu igoera esan nahi du, 2014-2018 aldiko Azpiegitura Planarekiko alderaketan.

Planean jasotzen den jarduera zerrenda luzean, Uriarte sailburuak honako hauek nabarmendu ditu aurkezpenean:

  • Salburua Bigarren Hezkuntzako Institutu berria eraikitzea, Gasteizen, DBHko 7 lerro eta Batxilergoko 4 lerrokoa. Aurreikusitako inbertsioa, 13 milioi eurotik gorakoa. Hezkuntza Sailaren asmoa da lanak 2020 urteko bigarren seihilekoan zehar hastea.
  • Orixe Bigarren Hezkuntzako Institutu berria eraikitzea, Tolosan, egungoa ordezkatu eta irisgarritasuna hobetzeko. Planean jasoriko proiektu guztien artean inbertsiorik handiena aurreikusten du: 14,5 milioi euro. Une honetan eraikina diseinatzen ari da.
  • Dantzertirentzako egoitza berria. Euskadiko Goi Mailako Arte Dramatiko eta Dantza Eskola (Dantzerti) BAMI eraikinean kokatuko da (egun Bizkaiko Foru Ogasuna eta EiTB dauden eraikinean), Arriaga Musika Konsterbatorioan duen behin behineko egoitza utzita. EiTBren azpian 3.000 metro koadro pasa hartuko ditu. Egoitza egokitzeko lanak 2020 urte amaieran hastea aurreikusten da. Aurrekontua: 4 milioi euro.
  • Ispasterren, bertako eskola txikia handitzeko eta irisgarritasun alderdia egokitzeko lanak, 1,5 milioi euroko aurrekontuarekin.
  • Eraikin berria Gasteizko Zabalgana-Boronbizkarra auzoan, Haur eta Lehen Hezkuntzako Aldaialde ikastetxe berria hartzeko. Hiru lerroko ikastetxea egiteko 11 milioi eurotik gorako inbertsioa egingo da. Hezkuntza Saila beharrezko baimenak noiz jasoko zain da, lizitazioari ekiteko.
  • Muskizko Bigarren Hezkuntzako Institutua handitzeko lanak, Batxilergoa har dezan. 6,8 milioi euroko aurrekontua. Une honetan exekuzio-proiektua idazten amaitzen ari da. Eraginkortasun energetiko handieneko irizpideekin eraikiko da.
  • Zumaiako Bigarren Hezkuntzako Institutuari eraikin berria egitea, ondoan patio estalia duela. 5,4 milioi euroko aurrekonatua. Uneotan exekuzio-proiektua idazten ari da.

2019-2023 aldirako Azpiegitura Plana eta bertan jasotzen diren jarduerak, honako ardatz estrategiko hauek aintzat hartuta atondu dira:

  • Eskola plazen eskaera
  • Eraikinak birgaitzea
  • Kanpoko jolasguneak
  • HBI ikastetxeak
  • Sukaldeak eskolan
  • Genero ikuspegia
  • Energia eraginkortasuna

195 jarduera, aurreko planean

Hezkuntza Sailburuak aurreko planaren balantzea egiteko tarte bat ere hartu nahi izan du, plan berria aurkezterakoan. Izan ere, datu esanguratsuak utzi baititu 2014-2018 aldiko Azpiegitura Planak. Azken 5 urteotan, Hezkuntza Sailak ia 300 milioi euro (298,3 milioi) bideratu ditu plan horretara, nahiz eta hastapenean 245 milioi euroko aurreikuspena egin zen. Aipaturiko inbertsio horrekin ia 200 jarduera egin dira ikastetxe publikoetan, hobekuntza lanak, ikastetxe-handitzeak eta eraikin berriak jasotzeko lanak tarteko.

Egindako lan guztien artean batzuk aipatzekotan, nabarmentzekoak dira: Mariturri eskolaren eta Zabalgana Institutuaren eraikin berria, biak Gasteizen; Xabier Munibe Institutu berria Azkoitian, eta Lanbide Heziketako Migel Altuna Institutuarentzako eraikin berria, Bergaran; Elortza eta Eretza Berri ikastetxeen eraikin berriak, Urduliz eta Gueñesen, hurrenez hurren; edo Pagasarribide Institutua, Bilbon.

Uriartek 2014-2018 aldiko Azpiegitura Planaren ezaugarri nagusi bat nabarmendu du: plan bizi eta dinamikoa izan dela. Izan ere, hasieran aurreikusi ez ziren hainbat lan barneratu eta gauzatu ditu planak, epe horretan denborak aurrera egin ahala. Era berean, lan horiek guztiak burutzeko Hezkuntza Saila hezkuntza-komunitatearekin, ikastetxeetako zuzendaritzekin eta udalekin elkarlanean aritu dela ere azpimarratu du sailburuak.  

Hezkuntza Sailak 2019-2023 aldirako Hezkuntza Azpiegituren Plana legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean aurkeztuko du. Egina du horretarako eskaera.