Cristina Uriartek 2017-2018ko Batxilergoko Aparteko Sariak banatu ditu

2019.eko apirilak 12

  • 15 irabazle gazteek ingelesa hobetzeko ikastaroa eta egonaldia egingo dute udan hiru astez Toronton (Kanada)

  • Saridun guztiak unibertsitateko lehen mailan ari dira egun ikasketak burutzen, eta Batxilergoa 8,75 puntu edo gehiagoko batez bestekoz amaitu zuten

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eta Maite Alonso sailburuordeak, 2017-2018 ikasturteko Batxilergoko Aparteko Sariak banatu dituzte gaur eguerdian Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan burutu den ekitaldian. 15 gazte irabazleek, saridun direla egiaztatzen duen diploma jaso dute sailburuordearen eskutik, eta horrekin batera, Toronton (Kanadan) hiru asteko ingeles ikastaroa eta egonaldia ere eskuratu dute, uda honetarako. Irabazleak unibertsitateko lehen mailan ari dira egun ikasketak burutzen.

Joan zen 2017-2018 ikasturtean 14.400 ikaslek baino gehiagok bukatu zuten Euskadin Batxilergoa, eta horietatik 560 aurkeztu ziren Batxilergoko Aparteko Saria eskuratzeko probetara. Guztiek betetzen zuten baldintza hau: Batxilergoko bi kurtsoetan 8,75 puntutik gorako bataz besteko nota izatea. 2018ko ekainaren 12an burutu zuten proba, Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan, unibertsitatera sartzeko hautaprobak amaitu ondoren. Azterketan, hiru ariketa gainditu behar izan zituzten, bai norberaren Batxilergo modalitateari zegozkion ikasgai espezifikoen ingurukoak, bai hizkuntza probak (Euskara edo Gaztelania, eta atzerriko hizkuntza bat). Azkenik, puntuaziorik altuena lortu zuten 15 ikasleek eskuratu zuten saria, gaur eguerdiz jaso duten saria, hain zuzen ere.

Ekitaldian izan dira halaber ikasle sarituen senitartekoak, eta baita Batxilergoa ikasi zuten institutuetako arduradunak ere. Ekitaldia girotzeaz Gasteizko Jesus Guridi Musika Kontserbatorioko sei ikaslek osaturiko musika talde bat arduratu da, Camila Cabello eta Joe Zawinul-en piezak eskainiz. Amaieran, parte hartzaile guztiek Gamarrako Ostalaritza Eskolako ikasleek prestaturiko mokaduak dastatu ahal izan dituzte.

Irakasleen konpromisoa

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak ikasle sarituak zoriondu ditu ezer baino lehen, baina baita familiak ere, “hauek jaso duten aitortzaren zati bat zuena ere bada eta. Zuen babesik gabe, ziurrenik ez zuketen lortuko”, azaldu du, familien babesak gazteen hezkuntza ibilbidean eta eskola arrakastan duen garrantzia agerian utziz era horretan.

Uriartek gogorarazi duenez, Batxilergoaren helburuetan nagusienetako bat da “ikasleei garapen pertsonal nahiz sozialean aurrera egiten jarraitzeko prestakuntza, heldutasuna, ezagutzak eta trebetasunak ematea, horrela goi mailako ikasketetarako sarbidea izan dezaten. Horregatik, gehitu du, “Batxilergoko Aparteko Sari hauen helburua da, hain zuzen ere, eginahal horretan nabarmendu direnak saritzea”.

“Agerian utzi duzue ahaleginduz gero lor daitezkeela helburuak. Eta hori ez da erraza, ahalegina eskatzen du, baina lor daiteke”, esan die ikasle gazteei. Euskal Hezkuntza Sistemak dituen indargune nagusietako bi ere nabarmendu nahi izan ditu Uriartek: aukera berdintasuna eta irakasleen konpromisoa. “Euskadin ezer bada ondo zaintzen duguna, ezer babestu bada urte askoan, aukera berdintasuna izan da. Ekitatea, kalitatezko hezkuntza jasotzeko aukera, eta egin nahi diren ikasketak egin ahal izatea. Hortxe dugu gure hezkuntza sistemaren indarguneetako bat, irakasleen konpromisoarekin batera. Gure hezitzaileen garrantzia aldarrikatu nahi nuke berriro. Gutxi izango dira irakasleena bezain lanbide garrantzitsuak. Gure seme-alaben prestakuntza euren esku uzten dugu, nahiz eta zenbaitetan gure gizarteak behar adina ez baloratu hauek egiten duten lana. Uste dut garrantzitsua dela azpimarratzea”, esanez amaitu du.  

Batxilergoko Sari Berezien helburua honako hau da: Batxilergoan ibilbide akademiko bikaina erakutsi duten ikasleei egindako ahalegina aitortzea. 2018-2019 ikasturte honetarako sarien deialdia maiatzean argitaratuko da.

Ikasle sarituen zerrenda:

Saritutako ikasleek guraso, senitarteko eta Batxilergoko ikasketak burutu zituzten institutuetako arduradunak lagun zituztela jaso dituzte sariak. Hauek izan dira irabazleak:

Izen abizenak

Ikastetxea

Lurraldea

PABLO KOWALSKI KUTZ

CPEIPS San Patricio HLBHIP

Donostia. Gipuzkoa

IRENE CAMPILLO PEREDA

CPEIPS Begoñazpi Ikastola HLBHIP

Bilbao. Bizkaia

MARKEL GURRUTXAGA SESTELO

CPES Oiartzo Batxilergo Ikastola BHIP

Errenteria. Gipuzkoa

UNAI LEJARZA ALONSO

IES Aixerrota BHI

Getxo. Bizkaia

ANE SAINZ DE LA MAZA ESCOBAL

CPEIPS Pureza De María HLBHIP

Bilbao. Bizkaia

ELVIRA GROUHEL OTAOLA

CPEIPS Vizcaya HLBHIP

Zamudio. Bizkaia

ALBA FERNANDEZ PITA

CPEIPS Sto. Tomás Lizeoa HLBHIP

Donostia. Gipuzkoa

LEIRE MORO GARCIA DEL VALLE

CPEIPS Esclavas Sc - Fátima HLBHIP

Bilbao. Bizkaia

MADDALEN LAZARO CAMINERO

CPEIPS Ayalde HLBHIP

Loiu. Bizkaia

PERU AMORRORTU BARRENETXEA

IES Ekialdea BHI

Gasteiz. Araba

SANTIAGO CANCIO SANCHO

CPEIPS Summa Aldapeta HLBHIP

Donostia. Gipuzkoa

EÑAUT MACAZAGA ZAMACONA

CPES Oteitza Lizeoa BHIP

Zarautz. Gipuzkoa

TORRE ARISTEGUI AITANA

IES I. Arozena-Barrueta-tar Benito BHI

Bermeo. Bizkaia

MUGICA MARTINEZ IZEI

CPEIPS Axular Lizeoa HLBHIP

Donostia. Bizkaia

ZORROZUA DIAZ ANDONI

014278 - IES Elexalde BHI

Galdakao. Bizkaia