Bingen Zupiria sailburuak parte hartu du Euskaltegien ikasturte hasierako ekitaldian, bertan Paula Elosua EHUko katedradunak hitzaldi akademikoa eskaini du

habe_akademikoa.jpg

2019.eko irailak 13

Euskadiko euskaltegien sareak 2019-2020 ikasturte akademiko berriari eman dio hasiera gaur, Donostiako Kursaalean egindako ekitaldi baten bitartez. Urtero bezala, hitzaldi akademiko bat eskaini da ekitaldi horren barruan, aurten Paula Elosua EHUko Psikometria katedradunaren eskutik. Elosua proben bidezko ebaluazioaren esparruan itzal handieneko International Test Commission (ITC) erakundearen idazkaria nagusia. Ekitaldian izan dira, baita ere, Bingen Zupiria, Eusko Jaularitzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Miren Dobaran, Hizkuntza Politikako sailburuordea; Jokin Azkue, HABEko zuzendaria; Mertxe Mujika , gizarte ekimeneko euskaltegien ordezkaria; eta Jesus Mari Asurabarrena, udal euskaltegien ordezkaria.             

                Ekitaldiaren hasieran Zupiria sailburuak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzaren eta euskalgintzaren konpromisoa euskararen munduan azaltzen diren erronkei heltzeko: “Argi dago, euskararen kontu hauetan gauza batzuk begi-bistan dauzkagula, asko baikor izateko modukoak.  Baina bada beste mundu bat, haratago, zaindu beharrekoa eta, unean unean, gure prozesu honek dituen argi-itzalak ikusgai uzten dituena eta etorkizuneko eginkizun eta erronkak ezartzen dizkiguna. Bai begi bistako mundu hori eta bai haratago dagoena kudeatzeko asmo sendoa daukagu hemen gauden guztiok, eta elkarrekin egitekoa gainera”.

Elosuak azpimarratu du eremu urriko hizkuntzak biziberritzeko lurraldeetan “hizkuntza gutxituan komunikatzeko konpetentzia nola aitortzen den kontu garrantzitsua bihurtu” dela. “Herritarren komunikazio-konpetentzia da egiaztatzen dena, haien ama-hizkuntzarena edo bigarren hizkuntza moduan ikasi duten hizkuntzarena, hain zuzen ere. Egiaztatze-proben ondorioak larriak izan daitezkeenez, proba horiek  bidezkoak  eta alborapenik ez dutela frogatu behar dugu, eta herritarrei erakutsi. Europako Erreferentzia Markoaren eta Psikometriaren arteko elkarlanaz baliatzen gara hori hala izango dela bermatzeko. Horrela lor dezakegu ebaluazio-prozesuaren zuzentasuna eta, aldi berean, lortu egiaztatze-proben onarpen soziala”.