Bingen Zupiria sailburuak Joaquín Ignacio de Barrenechearen korrespondentzia diplomatikoa aurkeztu du, euskal eliteak XVIII. mendean izandako eraginari eta garai hartako euskararen erabilerari buruzko balio handiko informazioa biltzen duena

Argitalpen-data: 

Euskadiko Artxibo Historikoak eskuratu duen fondoak euskarazko eskutitzak biltzen ditu, Barrenechearen (Portuko Markesa), Vianako Markesaren eta Felipe V.aren Estatu Idazkari Juan Bautista de Orendaínen artekoak

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Joaquín Ignacio de Barrenechearen korrespondentzia diplomatikoa aurkeztu du gaur, Euskadiko Artxibo Historikoan egindako aurkezpen batean. Eusko Jaurlaritzak eskuratutako “nazioarteko kalitatezko” artxibo honek balio handiko informazioa eskaintzen du euskal aristokratek XVIII. mendean zehar Gortean izan zuten eraginari buruz, baita garai hartan euskarak bizi zuen egoera sozialari buruz ere. Korrespondentzia horrek agerian uzten du Felipe V.aren erreinaldian euskal elite diplomatikoak zuen pisua eta aditzera ematen du elite haiek euskara erabiltzen zutela harreman diplomatikoetan.

Zupiria sailburuarekin batera, Artxiboko zuzendari Borja Aguinagalde eta Euskal Filologian doktore Koldo Ulibarri ere izan dira gaurko prentsaurrekoan. “Kalitate handiko artxibo honen gainean egindako analisiak agerian utzi du euskal eliteak zuen boterea Europako diplomazian eta informazio berria ekarri digu garai haren inguruan. Era berean, eta hau oso garrantzitsua da, aukera eman digu garai hartako euskararen egoera soziala hobeto ezagutzeko eta ikusteko gure hizkuntzak prestigioa zuela elite haren baitan”, azaldu du Zupiriak.

Euskadiko Artxibo Historikoak Barrenechea familiaren enbor-artxiboaren zati nagusia eskuratu izanak eman du aukera dokumentazio hau aztertzeko. Dokumentazio honek ahalbidetu du Joaquín Ignacio de Barrenechea y Erquiñigo (Bilbo, 1681 – Haga, 1751), aurreneko Portuko Markesa, bere ingurunean kokatzea eta Europako diplomaziarekin izan zuen korrespondentzia aztertzea, kontuan izanik euskaldunek aparteko pisua zutela eremu horretan. 23 liburuki dira, Barrenecheak berak antolatuak, foliatuak eta sailkatuak, eta 11.880 folio biltzen dituzte guztira         

Bizkaiko jaurerriko familia nagusietako batekoa zen Joaquin Ignacio de Barrenechea eta 46 urterekin hasi zuen karrera diplomatikoa. Borja Aguinagaldek azaldu duenez, Felipe V.aren gertu-gertuko ingurunetik murgildu zen erabat karrera diplomatikoan, haren emaztearen konfiantzazko gizona baitzen. “Gure ikuspegitik interesgarria da nabarmentzea Barrenechea bilbotarrak Juan Bautista de Orendain y Azpilicueta gipuzkoarra zuela babesle, 1725etik Felipe V.aren Estatuko eta Despatxuko idazkaria; beste hitz batzuetan esanda, garai hartako Monarkiako diplomaziaren arduraduna. Barrenecheak eta Orendainek (Bakearen Markesa) tandem bat eratu zuten eta, zenbait urtez, Europako harreman diplomatikoetako gai garrantzitsuenetan esku hartu zuten”, gaineratu du.

Euskara Gortean

Korrespondentzia horren ekarpen handienetako bat da euskarazko erreferentzia ugari agertzen direla elite haien arteko korrespondentzia diplomatikoan. Kasu honetan, euskarak presentzia handia du Vienako enbaxadore José de Viana y Eguiluzek "Abezian jaioa (Urkabustaiz) eta Urduñan hazia" Barrenecheari berari eta Orendaini bidalitako eskutitzetan. “Horrek aukera ematen digu baieztatzeko elite diplomatikoek haien ama-hizkuntza zena erabiltzen zutela harreman diplomatikoetan. Kasu honetan, Vianako Markesak, José de Viana arabarrak, idazten du euskaraz eta Bilboko eta Segurako bi hartzaileri zuzentzei zaie”, azaldu du Aguinagaldek.

UPV/EHUko Euskal Filologiako doktore Koldo Ulibarrik aztertu du, euskararen eta hizkuntzaren historia sozialaren ikuspegitik, artxibo honek egiten duen ekarpena. Korrespondentzia horren barruan, euskarazko materiala 19. liburukian biltzen da, Barrenechearen korrespondentziaren artean guztira aurkitu diren 16 gutunen artean banatuta. Austriatik Vianak berak idatzitako gutun pertsonalak eta dokumentu diplomatikoak dira, eta guzti-guztiak originalak dira. 16 gutun horietan euskaraz idatzizko zatien luzera oso aldakorra da: zenbaitetan esaldi bakar bat, beste batzuetan paragrafo bakar batzuk eta, azkenik, haietako batzuetan gutunak euskaraz idatzitakoak direla esan daiteke, gaztelaniazko pasarte batzuekin.

Gutun horietan euskararen presentzia aztertzetik ateratako aurreneko ondorioa hau da: “Garai hartako euskararen kanpoko historiaz dakiguna aztertu beharko litzateke berriz”. “Ikusten dugunez Espainiako Gorteko eliteek euskara erabiltzen dute beren eguneroko jardunean, Euskal Herritik kanpo egon arren. Eta Aita Larramendik eta Peñafloridako Kondeak beren proiektuei ekin aurretik”, adierazi du Ulibarrik.

Horrela, Ulibarrik esan duenez, ezagun zen historiaren beste garai batzuetan, lehenago eta geroago ere, eliteek euskararen alde egin zutela apustu, nahiz eta kasu honetan erabilera familia-eremutik harago doala ikusten den. “Zenbaitetan erabilera praktiko bat antzematen bada ere, ñabardura dibertigarriak edo mezu pribatuak helarazteko asmoz, euskararen aldeko jarrera erakusten da. ‘Gure hizkuntza ederra (Nuestra preciosa lengua)’ aipatzen da, ‘bertso bizkaitarrak (versos vizcaínos)’ bidaltzen dira, hau da, euskaraz, eta, adibide bat jartzearren, esker ona erakusten da euskarazko parteak idazteagatik ‘asko pozten nauten bizkaierazko bi errenkada txiki hauengatik (dos rengloncitos en vizcaíno que me dejan muy consolado)’”, adierazi du Ulibarrik.

Beraz, ateratako ondorioa da berrikusi egin beharko litzatekeela elitearen eta herri xehearen hizkuntza-ohiturei buruz esan izan dena, Ulibarrik adierazi duenez erakutsi egiten baita “euskaldunen artean, elitean ere, euskaraz hitz egiten zutela eta euskarazko literaturako erreferentziak ere trukatzen zituztela”. Aguinagaldek testu hauen balioa goratu du: “Testigantza honek izugarrizko balioa du euskararen erabilera sozialen historia ezagutzeko boterearen esfera gorenetan, Ilustrazioaren atarian”.

Ulibarrik adierazi duenez, dialektologiaren ikuspegitik ere ekarpen nabarmena egiten du funtsak: “Dialektologiaren ikuspuntutik, ikusten dugunez, XVIII. mendearen hasieran Araban jaio eta hazitako pertsona batek idatzitako testuak dira, Arabako euskara oraindik indarrean zen garai batean. Aurreko ezaugarriak kontuan hartuta, aztertu ahal izan dugunez, Arabako euskaraz idatzitako testu batekin koherentea da. Hala ere, aztertutako testuek aldaketak planteatzen dituzte Arabako euskarari buruz dugun ikuspegiarekin, garrantzizko datuak eskaintzen baitituzte euskalkiaren barne-koherentziaren eta gainerako euskalkiekiko zuen erlazioaren inguruan. Zehaztasunez aztertu beharreko gaiak dira”.

Era berean, azaldu duenez, forma jakin batzuk agertzen dira testuan, esperoko ez genituzkeenak Arabako mendebaldeko pertsona batek idatzitako testu batean. Baliteke forma dialektaletan ikusten den aldaera hau, hain zuzen ere, egileak prestigio linguistiko handiagoa zuten euskalkiak erabili nahi izan zituelako agertzea (kasu honetan, erdialdeko euskalkiak, Gipuzkoakoak eta Nafarroakoak) edota euskal diplomatikoen artean erabilitako hizkuntza-kode antzeko bat zegoelako (koiné bat), euskararen aldaera desberdinen iturrietatik edaten zuena.

“Orain arte bagenekien Beterriko euskarak prestigioa izan zuela XVIII. mende erdialdetik aurrera, Peñaflorida bezalako handiki baten aipuak erakusten digunez, baina Larramendiren lanen ondorio zela proposa dezakegu. Ezaugarri azalgaitz hauek aldaera prestigiotsu bati egotziko bagenizkio, Vianak erakutsiko liguke Larramendi aurretik erdialdeko hizkera baten prestigioa bazela Gortean ziren euskaldunen artean”, azaldu du Ulibarrik.

Azkenik, azken ekarpen bat aipatu du Ulibarrik hizkuntzalaritzaren ikuspegi batetik: “Testuan euskara eta erdara nahasita erabiltzean (esandakoa sekretuan mantentzearren eginda ere) orain artean Euskal Herriko mendebaldean behar bezala aztertzea ezinezko izan zaigun kode txandaketaren inguruko datu esanguratsuak ekar ditzake, eta testuinguru elebidunetan pisua hartu duen ikerketa-lerro bat da hau”.

Artxiboaren kalitatea

Aurkikuntza horiek euskararen ikuspegitik ekarpen bat izateaz gain, Borja Aguinagaldek nabarmendu duenez, erabateko garrantzia dute XVIII. mendearen lehenengo erdian monarkia gobernatzen zuen euskal elite baten papera aztertzeko, “erreforma eta aldaketa ekonomikoak, politikoak eta sozialak” nagusi ziren garai batean. “Pieza ikusgarri bat da, eta bere aurkikuntzak, ustekabekoak, izugarri lagunduko du gai hau argitzen, eta lehendik inoiz egin ez den bezala, modu nabarmen batean jarriko ditu aztergai herrialdeko artxiboak, hantxe jorratzen baitziren elite ilustratu, bidaiazale eta aitzindari haren harremanak eta barne-aliantzak. Izan ere, artxibo honek erakusten du berebiziko zeregina betetzen zutela Barrenecheak eta Orendainek Europako harreman diplomatikoetan. Ezezagun zaigun aparteko zerbait da”, adierazi du.

Aguinagaldek berak esan duenez, garaiko diplomaziak sarean lan egiten zuen; beraz, Europako Gorte desberdinen aurrean arduradun eta agente akreditatuen artean heltzen zieten gaiei bide zuzen eta hierarkikoetatik. Dena den, agente haiek negozioak ere kudeatzen zituzten elkarren artean eta, beraz, ezinezkoa da gertaerak ulertzea dokumentazio-iturri nagusia bada informaziorako sarbide bakarra.

Hala, artxiboak eskaintzen duen informazioa dokumentazio ofizialean bildutakoa baino zabalagoa da. “Funts trinko bat da, non egunetik egunera deskribatzen den Europako potentzien arteko negoziazio diplomatiko desberdinen garapena protagonisten ahotik. Barrenecheak gorde egiten zituen Europa osotik jasotzen zituen despatxu eta eskutitz originalak, baita haien erantzunen kopia ere. Dokumentazioak aukera ematen du aztertzeko, artxiboko funts edo bilduma bakar batean, Europako egoitza diplomatiko guztietatik agente inplikatu guztiek aldi berean aurrera eramaten zituzten negoziazio guztiak”, gaineratu du Aguinagaldek.

Garai hartan Europan gertatzen ari zenaren kontaketa historiko eta zehatz horren barruan nabarmentzekoa da Soissonseko Biltzarrari (1727-1730) buruzko informazioa, Ingalaterra eta Espainia arteko Gerrari azkena emateko helburuz eratutakoari. Hala ere, Aguinagaldek esan duen bezala, nabarmentzekoa da funtsak oso modu pedagogiko eta adierazgarri batean biltzen dituela balio globalak eta tokikoak. Izan ere, funtsak izugarrizko balioa duen informazioa eskaintzen du Europak bizi zuen egoerari buruz, baina baita bertan parte hartzen zuen euskal eliteari buruz ere. “Dokumentazio honek, bere edukiagatik eta kalitateagatik, Europako lehen mailan kokatzen du berau gordailatzen duen Artxiboaren interesa”, adierazi du.