Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak hasiera eman dio "Wikimedia + Hezkuntza" nazioarteko lehen konferentziari, igandera arte Donostian antolatzen ari dena

2019.eko apirilak 05

  • Hasiera ekitaldia Donostiako Udaleko udalbatza aretoan antolatu da eta hezkuntza gaietan aditua den Mary Burnsek hitzaldia eskaini du.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak parte hartu du, gaur arratsaldean, ‘Wikimedia + Hezkuntza’ nazioarteko lehen konferentziaren hasiera ekitaldian. Donostiako Udaleko udalbatza aretoan izan da ekitaldia, eta han sailburuak nabarmendu du euskarazko Wikipediaren inguruan egiten ari den lana. “Euskarak Wikipedian duen posizioak eta proiektu honen inguruan egiten ari den lanak erakutsi digute ingurune digitaletik datozen erronkak aukera bilaka daitezkeela gure hizkuntza eta kulturarentzat”, adierazi du Zupiriak. Hasiera ekitaldiaren ostean, hezkuntza curriculumaren garapenean aditu den Mary Burnsen hitzaldia izan da.

Zupiria sailburuak azpimarratu du euskarazko Wikipediaren moduko proiektuak posible izaten ari direla euskararen batasunaren aldeko apustua egin zelako: “Euskarazko Wikipediaren gaur egungo arrakasta ez zatekeen posible izango aurretik beste apustu batzuk egin izan ez balira. Galdetu al diozue zeuen buruari zer izango litzatekeen euskarazko Wikipedia aurretik gure hizkuntzaren batasuna lortu izan ez balitz? Ziurrenik, hutsaren hurrengoa. Boluntarismo hutsa. XXI. mendera baldintza hauetan heldu baldin bagara izan da aurretik asmatzeko gai izan zirelako. Eta hortxe daukagu, hain zuzen ere, gaur egungo erronka: berriz ere asmatzea”.

Sailburuak, bestetik, euskarazko Wikipedia elikatzen duten lagunen lana eskertu du eta nabarmendu du gazteen artean hartu duen garrantzia. “Euskal herritarrek egunero-egunero euskarazko 70.000 artikulu baino gehiago kontsultatzen dituzte euskarazko Wikipedian. XXI. mendeko entziklopedia hau hedabide gehienak baino gehiago kontsumitzen da gure gazteen artean”, gaineratu du.

Nazioarteko konferentzia

Mundu osoko 50 herrialde ezberdinetako 130 pertsonek parte hartuko dute igandera arte luzatuko den ‘Wikimedia + Hezkuntza’ nazioarteko konferentzian. 50 jarduera baino gehiago antolatu dira egun hauetarako, eta ekimen horien ardatza Wikipediaren eta hezkuntzaren arteko lotura izango da.

Gaurko hasiera ekitaldiaren eta Mary Burnsen hitzaldiaren ostean, bihar helduko da biltzarraren egun nagusia. Katherine Maher Wikimedia Fundazioko zuzendari exekutiboaren eskutik hasiko da jardunaldia. Wikimedia mugimenduan hezkuntzak duen garrantziaz hitz egingo du Maherrek. Hitzaldia, eguneko gainontzeko ekitaldi guztiak bezala, Tabakaleran izango da.

Mintzaldi horren ostean, hitzaldiak, eztabaidak, ikastaroak eta posterren erakusketa bat antolatu dira. Tabakalerako 4. pisuan izango dira jarduera horiek, lau eremu ezberdinetan banaturik.

Igandean amaiera emango zaio asteburu osoko egitarauari. Goizean Wikimedia 2030 estrategian hezkuntzak izango duen protagonismoari buruz eztabaidatzeko aukera izango da, eta, ondoren, bertaratutakoek lau eremu ezberdinetan ikasi eta eztabaidatzeko aukera izango dute berriz ere. Arratsaldean, ekimenari amaiera emateko, partehartzaileak Milafrangara joango dira, Korrikako 749. kilometroan parte hartzera.

Euskarazko Wikipedia

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak hitzarmen bat sinatu zuen 2017an Euskal Wikilarien Kultura Elkartearekin, euskarazko Wikipedian kalitatezko artikuluak sustatzeko asmoz. Akordio horren arabera, Eusko Jaurlaritzak 200.000 euro inbertituko ditu, urtero, hiru urtez luzatuko den proiektua honetan (guztira, 600.000 euro 2017, 2018 eta 2019an). Horrez gain, Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza horri esker posible izango da datorren astean Donostian antolatuko den nazioarteko konferentzia. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren iritziz, euskarazko Wikipedia egitasmo estrategikoa da euskara ingurune digitalean eta gazteen artean sustatzeko.

Duela 18 urte sortua, munduko entziklopediarik irakurriena da Wikipedia. 302 hizkuntzatan argitaratzen da eta euskarak posizio bikaina dauka horien artean. Momentu honetan, artikulu kopuruaren arabera, euskarazko Wikipedia 29 postuan dago, malaysiera, turkiera eta armenieraren aurretik. Era berean, artikulu garrantzitsuenen sakoneran lehenengo 50 Wikipedien artean ere badago.