Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak 2019ko Gure Artea sarietako irabazleak iragarri ditu: Miren Arenzana Letamendi, Sahatsa Jauregi Azkarate eta Xabier Arakistain Ecenarro

2019.eko ekainak 17

  • Arenzanaren ibilbide artistikoa aitortu da; Jauregik sorkuntza lana aitortzeko modalitateko saria jaso du eta, azkenik, Arakistainek ikusizko arteen arloa sustatzeko lana aitortzeko saria

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Gure Artea sarietako aurtengo irabazleen izenak iragarri ditu, gaur goizean, Bilboko Arte Ederren Museoan. Sari hauek arte plastikoen eta ikusizkoen arloan Euskadin ematen diren garrantzitsuenak dira, eta epaimahaiak honako saridunak aukeratu ditu aurten: Miren Arenzana Letamendi, ‘Ibilbide artistikoa aitortzeko’ modalitatean; Sahatsa Jauregi Azkarate, ‘Sorkuntza-lana aitortzeko’ modalitatean; eta Xabier Arakistain Ecenarro ‘Arakis’, ‘Arte plastiko eta ikusizkoen arloan agenteek egindako lana aitortzeko’ modalitatean. Edizio honetako sariak emateko ekitaldia irailean egingo da, Gasteizko Artium Museoan.

Arenzanak eta Jauregik epaimahaiaren erabakia iragartzeko prentsaurrekoan parte hartu dute gaur, eta beren poza agertu dute (Arakistain Euskaditik kanpo dago eta ezin izan da azaldu). Sarietako epaimahaiaren presidente Fernando Golvanok ere parte hartu du aurkezpen honetan eta epaimahaikideen erabakia oinarritzeko zioak azaldu ditu. Golvanorekin batera, Beatriz Herráez, Gema Intxausti, Iñaki Gracenea eta Maite Martínez de Arenazak osatu dute aurtengo epaimahaia. Irabazle bakoitzak 18.000 euro jasoko ditu aurtengo sariagatik.

Bingen Zupiria sailburuak, bere aldetik, sari hauen garrantzia azpimarratu du, Euskadiko arte plastiko eta ikusizkoen arloan sortzaileek egiten duten lana aitortu eta ikusgarriago egiten baitute. “Euskal gizarteak, Eusko Jaurlaritzaren bitartez, arte plastiko eta ikusizkoen arloko artistei egiten dien aitortza bat dira Gure Artea sariak. Saridunak epaimahai aditu batek erabakitzen baditu ere, Eusko Jaurlaritzak sustatzen du aitortza hori, gizarte osoaren izenean. Beren lana aitortzeaz eta babesteaz gain, sari hauek beren lana eta sorkuntza ikusgarriago egin nahi dute, jomugan jarri nahi dute gure sortzaileen lana”, adierazi du.

Irakurri epaimahaiaren ebazpena.

‘Ibilbide artistikoa aitortzeko’ saria

‘Ibilbide artistikoa aitortzeko’ saria Miren Arenzana Letamendi artista bilbotarrak jaso du aurten. Gure Artea sarietako epaimahaiak bere erabakian adierazi duenez, Arenzanaren lana “erreferentzia garrantzitsua da ondoko belaunaldientzat”. Halaber, bere sorkuntzan genero ikuspegia txertatzeko egin duen apustua nabarmendu du. “Hiru hamarkadaz lanean ibili ondoren, Miren Arenzana Letamendi eskultoreak bere obretan beste esparru eta diziplina batzuetako erreferentziak erabiltzen ditu, adibidez, diseinua eta arkitektura. Laurogeita hamarreko hamarkadaz geroztik, bere produkzioa industriako materialen (plastikoak, gomak, metakrilatoak…) eta eskulangintzako beste batzuen (bordatuak) inguruko ikerketa izateagatik definitzen da, baita eskulturaren praktika esanahi eta berrikuntza formaleko beste esparru batzuetara zabaltzen duten objektuak birziklatzeagatik ere”, nabarmendu du.

Epaimahaiak, halaber, bere lanak azken urteetan bizi izan duen bilakaera azpimarratu du: “Azken urteetan artistaren jarduera gero eta soilago bihurtu da, gu mugitzen eta bizi garen espazioa definitzeko, espazio hori galeriarena edo etxeko espazio batena izan kontuan hartu gabe. Arkitekturarekin jokoak, argia eta kolorea modu askotara inbrikatzen dira bere azken proposamenetan”.

‘Sorkuntza-lana aitortzeko’ saria

‘Sorkuntza-lana aitortzeko’ saria Sahatsa Jauregi Azkaraterentzat izan da aurten, “eskulturari eta artxiboari loturiko lan bat garatzeagatik eta herri-kulturaren forma ezberdinen analisi sakonean oinarritutako erreferentzia-aukera itzela osatu duelako horretarako”. Epaimahaiak, era berean, bere ekoizpen zabala nabarmendu du: “Baina etengabeko elkarlaneko saretan eragileak eta praktikak lotzen dituen Euskal Herriko artearen kartografia batean Jauregiren jarduera garrantzitsua bada ere, artista gisa produzitzen duena bere belaunaldiko azpimarragarrienetakoen artean kokatzen da. Azken urteetan eraiki duen formen eta irudien katalogo zabalak —hainbat testuingurutan eta euskarritan erakutsia— berau inguratzen duena modu berezi eta zehatz batean erregistratzen duen bildumagile artatsu bati buruz hitz egiten du”.

Era berean, bere ikuspegi artistikoaren berezitasuna goraipatu du epaimahaiak: “Inguratzen gaituenari buruzko ezohiko begirada bat da berea. Bertan gustuaren konbentzioak analizatzen ditu herrikoitasuna eta kitsch aipatzen dituen iruditeria konplexu eta aberats bat eraikiz”.

‘Arte plastiko eta ikusizkoen arloan agenteek egindako lana aitortzeko’ saria

Azkenik, Xabier Arakistain Ecenarro ‘Arakis’ saritua izan da ‘Arte plastiko eta ikusizkoen arloan agenteek egindako lana aitortzeko’ modalitatean. Erakusketa-komisario gisara izan duen ibilbidea azpimarratu nahi izan du epaimahaiak, non “emakumezko eta gizonezko artistak berdintasunez tratatu eta arte ofizialaren historiografiaren kanonak berraztertu baitituen”. Epaimahaiak ondoko erakusketak aipatu ditu, besteren artean: ‘Transexual Express’ Bilbaoarte (Bilbo, 1999); ‘Transexual Express’, Rosa Martínezekin batera (Bartzelona, 2001); ‘Kiss Kiss Bang Bang’ Arte Ederren Museoa (Bilbo, 2007); ‘Guerrilla Girls’ (2013); ‘Why Not Judy Chicago?’ (2015); edota ‘Margaret Harrison. Sexu, klase eta indarkeriaren arteko harremanak’ (2017), Azkuna Zentroan (Bilbo).

Epaimahaiak, bestalde, 2001 eta 2003 bitartean Arakistain Bilbaoarteko erakusketa-programaren arduraduna izan zela eta 2006tik 2011ra arte Vitoria-Gasteizko Montehermoso Kulturuneko zuzendaria izan zela adierazi du: “Montehermoson, kudeaketa-eredu feminista zuen arte eta pentsamendu garaikideko kultur-gune berritzaile bat sustatu zuen, emakumeen paritatea bermatuz programa guztietan”.

Azkenik, Xabier Arakistainek hitzaldi ugari eman dituela azpimarratu du epaimahaiak, honakoak bezalako kultura-aretoetan: Londresko Tate Modern, Royal College of Art eta UCL, Parisko EHESS, Vienako MAK, Berlingo 8. Bienala, New Yorkeko Brooklyn Museum eta New Museum, Boston College, Mexiko Hiriko MUAC, Costa Ricako Unibertsitatea, Txileko Santiagoko Arte Ederren Museoa edo Madrilgo MNCARS, besteren artean.