Azpiazuren iritziz euskal ekonomiaren %2tik gorako igoera potentziala"azpimarragarria" da, eta %0,2 inguruko superabita aurreikusten du 2019rako

2019.eko uztailak 24

  • 2018an, Euskadik konbergentzia lortu zuen EB-15arekin, krisialdia gogorrago jasan ondoren
  • Enpleguaren sorkuntzak, langabeziaren murrizketak eta biztanle bakoitzeko BPGaren hazkundeak hobekuntza orokor aipagarria erakusten dute
  • Benetako soldata arrakala, soldaten banaketaren muturretako soldatek erakusten duten bilakaera desberdinean hautematen da
  • Euskadi, giza garapenaren indizean erregistro onenak dituzten herrialdeen buruan dago, eta OCDEko herrialdeen batez bestekoa baino maila nabarmen handiagoak erakusten ditu lurralde ongizatearen indizean

Ogasun eta Ekonomia Sailak 2018ko Urteko Txostena argitaratu du gaur. Bertan, Euskadiren hazkunde ekonomikoaren bertutezko eredua egiaztatzen da, eta epe ertaineko joera estrukturalak erakusten ditu:

  • Eredu ekonomikoaren sendotasuna
  • Lehiakortasuna
  • Kohesioa
  • Sektore publikoaren eta bere politiken egonkortasuna.

Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia Sailburuarekin batera Alberto Alberdi Ekonomia, Finantza eta Aurrekontu Sailburuordea eta Jordi Campás Ekonomia Zuzendaria egon dira aurkezpen ekitaldian.

Adierazi duten bezala, 2018aren amaieran ekonomia globalaren inguruan sortu ziren zalantzek 2019aren hasieran zerbait atzera egin zutela egia den arren, euskal ekonomia pixka bat %2tik gora dagoen hazkunde potentzial epealdi berrian dago murgilduta, eta “hori azpimarragarria da”, Azpiazu Sailburuaren berbetan.

2018an, Euskadik konbergentzia lortu zuen EB-15arekin, “azken urteetan gure lekua modu bikainean berreskuratuz”, Alberdiren berbetan, eta biztanle bakoitzeko 35.130€ korronteko BPGa lortu zuen,  EB-15ak erakusten dituen 35.375€-etatik oso gertu, baina Alemaniaren 40.851€en edo EEBBen 52.853€en azpitik. “Europaren bihotzean ikusten diren mailetara itzuli gara, krisialdia gogorrago jasan ondoren”, azpimarratu du Sailburuordeak.

Ongizatea, errentaren banaketa eta kohesioa

Enpleguaren sorkuntzak, langabeziaren murrizketak eta biztanle bakoitzeko BPGaren hazkundeak hobekuntza orokor nabarmena erakusten dute. 2018ko Urteko Txostenak erakusten duenez, ekonomiaren susperraldia lan merkatuan ere islatu da, eta hori argi ikusten da 2018an biztanleria aktiboak izan duen %0,7ko hazkundearekin, aurreko hiru urteetako erregistro negatiboei amaiera emanez eta jarduera tasa %56,6 igoz. 1.042.600 biztanle aktibo daude.

Biztanleria aktiboaren hazkunde horrekin batera, %10 inguruan geratu zen langabezia tasaren murrizketa etorri zen. Enplegu tasak gora egin du adin tarte guztietan, gazteenen arteko %20,8a nabarmenduz, gazteen okupazioak izan duen %10,6ko hazkundearen ondorioz. Dena den, datu horrek ez du baztertzen gure biztanleria aktiboa gero eta zaharkituagoa dagoenik, eta 2018an 19.000 lanpostutan baloratuta egon diren erretiroaren ondoriozko ordezkatze beharrak 25.000ra igoko direla 2030erako.

Eraikuntzaren sektoreak erregistratu duen okupazioaren %3,6ko igoera azpimarratu behar da, zerbitzuek %2,1 eta industriak %1,7. Gizarte Segurantzako afiliazioak ere %2,1 egin zuen gora 2018an. Azken kasu horretan atzerriko biztanleen afiliazioak ezagutu zuen %10,6ko hazkundea nabarmendu behar da. Horrela, kolektibo horrek afiliatutako 60.000 pertsonaren muga gainditu du.

Soldatei dagokienez, dokumentuak jasotzen duenez, benetako soldata arrakala soldaten banaketaren muturretako soldatek erakusten duten bilakaera desberdinean hautematen da, hau da, soldata baxuenak dituzten biztanleen soldataren bilakaeraren eta soldata altuenak dituztenen bilakaeraren artean. Generoari dagokion soldata arrakala nabarmenagoa da errenta maila baxuetan.

Errentaren lehen mailako banaketan ematen diren desberdintasun horiek gizarte arloko desberdintasunen eta, ondorioz, kohesioaren, bilakaera baldintzatzen dute. 2016. urtearekin alderatuz okerrera egin izanaren atzean egon daitezkeen zergatiak, guraso bakarreko familietan eta bakarrik bizi direnetan, eta biztanleria etorkina duten etxeetan, ikusi den okerrerako joeran daude. Izan ere, hiru kasu horien bilakaera gero eta handiagoa da gure herrialdearen egitura demografikoan.

Hala ere, ongizatea BPGtik haraindi neurtzeko aukera ematen duten adierazleek giza garapen indizean erregistro onenak dituzten herrialdeen artean jartzen dute Euskadi (14. postua, EEBBen eta Erresuma Batuaren artean). Espainia 26. postuan dago.

Joan den azaroan OCDEk argitaratu zuen lurralde ongizate indizeak erakusten duenez, Euskadi maila azpimarragarrietan dago komunitate, segurtasun edo osasun alorretan. Guztiak ere kohesio mailarekin oso lotura estua duten alderdiak dira. Euskadiren maila OCDEko herrialdeen batez besteko maila baino nabarmen altuagoa da.

Sektore publikoaren analisia

Eusko Jaurlaritzak 2017an utzi zuen defizitaren bidea. Urte horretan, Jaurlaritzaren kontuak, kontsolidazio perimetroa kontuan hartu barik, BPGren 0,3ko superabitarekin itxi ziren, Estatuarekin zeuden fluxuen erregularizazioaren ondoren, eta 2018an altuagoa erregistratu zuten, 0,5ekoa, hain zuzen ere. Beraz, 2020ko ekitaldia zero defizitarekin ixtea aurreikusten zuen kontsolidazio fiskala hiru urte lehenago lortu da, eta 2019ko aurrekontuan gorde beharreko balioa izan da.

Urtearen amaieran, zor maila %13,6koa zen. Estatuarekin sinatutako akordioan %14,2koa aurreikusten zen, Aurrekontu Egonkortasunerako Legean aurreikusitako %13a 2020rako lortzeko helburuarekin. Beste ezein administrazio ez dago hori lortzeko moduan. Azpiazu Sailburuak Eusko Jaurlaritzaren 0 defiziteko estrategia berretsi du, eta adierazi duenez, diru-bilketarako aurreikusten den bilakaera kontuan izanda, 2019a BPGren 0,2 inguruko superabit txikiarekin itxi ahal izango da.

Bilakaera hori sendoa da, benetako hazkundea bere potentzialera hurbiltzen den ekonomiarekin eta, testuinguru horretan, presio fiskala murrizteko edozein dei “ekonomia eta aurrekontu politika txarraren” adierazpena izango litzateke. “Kontuan izan behar da oraindik asko dagoela egiteko krisiaren doikuntzaren ondorioak berreskuratzeko, aurrerapauso esanguratsuak eman ditugun arren, 2019. urte honetan, batez ere”, adierazi du. Krisialdian Jaurlaritzak lehentasuna eman zien pertsonen babesari eta funtsezko zerbitzu publikoei, osasunari batez ere, izan ere, aurrerapen teknologikoaren eta biztanleriaren zahartzearen ondorioz, gero eta baliabide gehiago eskatzen ditu.

Doikuntza, neurri handian, gastuaren %40 baino gehiago hartzen duen zerbitzu publikoko langileen ordainketen pisu galeran eta murrizketarako aukera gehiago ematen dituen inbertsioen murrizketan oinarritu zen. “Argi geratu behar da krisiaren ondorioz galdu ziren eta zorrak ordeztu zituen diru-sarrerak itzuliko ez diren bezala, ezinezkoa dela egin ez ziren gastu haiek berreskuratzea”, azaldu du Azpiazuk.

“Ezin dugu denborarik galdu itzuli ezin daitekeen iraganari begira, orainaldiari begiratu eta etorkizuna proiektatu behar dugu. Posible denari begiratu behar diogu, hau da, ekonomiaren susperraldiaz baliatu behar dugu, funtsezko zerbitzuak eta pertsonak helburu nagusiak direla ahaztu barik, ordainketa mailatan hobekuntzak egiteko eta inbertsio mailak berreskuratzeko. Hori da Jaurlaritzak, oso modu azpimarragarrian, 2019 urte honetan egin izan duena”, esan du, amaitzeko.