Autokontsumoa: autokudeaketan oinarritutako energia-eredu berri baterantz

P5092039_1_.JPG

2019.eko maiatzak 09

  • Energiaren kudeaketaren erdian jartzen du kontsumitzailea autokontsumoak, produzitzaile bihurtuz energia berriztagarrien bidez.
  • Arau-marko berriak energia merkatzea, enpresen lehiakortasuna gehitzea eta ekonomikoki haztea dakar.
  • Autokontsumoa funtsezko tresna da energia-eredu berri iraunkorrago bat lortzeko, eta klima-aldaketaren aurka borrokatzeko moduetako bat.

250 lagun inguruk bete dute Euskalduna Jauregiko aretoa, non Energiaren Euskal Erakundeak autokontsumoari ezartzen zitzaizkion mugak hausten dituen dekretuaren barrenaldeak aztertzeko prestakuntza-jardunaldia garatu den.

Gobernu zentralak berriki onartutako autokontsumoari buruzko arau-markoak autokontsumorako elementu administratibo, tekniko eta kudeaketa-arlokoak ahalbidetzen ditu, eta autokontsumo kolektiborako atea zabaltzen du, zenbait kontsumitzailek (jabekideen erkidego bat, adibidez) energia sortzeko planta berera lotzeko aukera izan dezaten eta bakoitzak behar duen energia kontsumitu dezan. Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusi Iñigo Ansolak adierazi duenez, "energia kontsumitzen den moduan ikuspegi berri bati" ematen dio hasiera autokontsumoak. Hirugarrenek eskaintzen zioten energiaren erosle soila zen gaur egun arte kontsumitzailea, eta orain, aldiz, energiaren produzitzaile ere izan daiteke teknologia berriztagarrien bidez, eta bere soberakinak saldu”. Ansolak iragarri du hurrengo egunetan azalduko dela Energiaren Euskal Erakundearen Laguntza Programa, zeinak hainbat proiektu bultzatuko dituen Energia Estrategiaren helburuak lortzeko lagungarri izango direnak eta arautze berriaren araberakoak izango direnak.

Euskal energia-agentziak estatu osorako lehenengo prestakuntza-jardunaldietako bat antolatu du, eta askotariko publiko profesionalaren interesa eragin du. Bertaratuen artean bereziki nabarmentzekoak dira eguzki-energia fotovoltaikoaren enpresa instalatzaileak, eta arkitekturako eta ingeniaritzako estudioak. Autokontsumoa arautzen duen eta energia berriztagarrien garapenari eta energia-autosufizientzia handiagoari bultzada ematen dion 244/2019 Errege Dekretuak zabaltzen dituen aukerei buruz lehen eskuko ezagutzak lortzeko bertaratu dira prestakuntza-elkarraldira.

Unión Española Fotovoltaica elkarteko zuzendari nagusi José Donosok, bestalde, azpimarratu du autokontsumoa "ez dela soilik energia garbia, eta energia merkeagoa, enpresen lehiakortasunerako babesa, eta enplegua sortzea eta hazkunde ekonomikoa ere badela”. Era berean, autokontsumoa herritarrek eta enpresek "klima-aldaketaren aurkako borrokan duten konpromisoa erakusteko" duten moduetako bat dela iritzi dio.

Energiaren Euskal Erakundea duela 36 urte sortu zenetik, mix energetikoaren erabateko eboluzioaren buru izan da Euskadi, eta aurrera jarraitzen du eredu jasangarriago baterako eta energia berriztagarriak lehenesten dituen eredu baterako trantsizioa egiteko. 2030. urterako egungo Energia Estrategia da helburu hori lortzeko bide-orria, epe luzerako ikuspegiarekin, baina zenbait helburu garrantzitsu ere ezartzen ditu, hala nola energia berriztagarrien erabilera % 125ean indartzea. Ildo horretan, Energiaren Euskal Erakundearen sorkuntza banatuko arduradun Natalia Diaz de Arcayak azaldu duenez, "autokontsumoa funtsezko tresna da Euskal Energia Trantsizioaren Estrategia modu eraginkorrean ezartzeko".