Abiadura handia Bilbora heltzeak eragingo duen eraldaketa irudikatu du Eusko Jaurlaritzak erakusketa batean

2019.eko ekainak 20

  • “BILBAO-ABANDO, hurrengo geltokia” izenburua daraman eta Zazpikaleetako metro geltokiaren atarian dagoen erakusketak azpiegitura berriari buruzko informazioa jasotzen du  
  • Egungo trenbide zabalgunea lur azpian sartzeak, trenbide trintxerak bereizita izan dituen auzoak (Bilbo Zaharra, Abando eta Zabala) elkartzeko eta herritarrentzako gune berriak irabazteko aukera emango du
  • Panel batzuek, trenak hirian utzi dituen guneen aprobetxamenduak eragin duen hirigintza arloko birgaitzearen adibideak erakusten dituzte

Diziplina anitzeko erakusketa batek, abiadura handia Bilboko Abandoko geltokira heltzeak eragingo duen eraldaketa aurreratzen eta irudikatzen du. ‘BILBAO-ABANDO, hurrengo geltokia’ izenburua daraman eta Zazpikaleetako metro geltokiaren atarian dagoen erakusketak, azpiegitura berriaren planoetan oinarritutako infografiak jasotzen eta hainbat euskarriren bitartez, garraio publiko hori Bizkaiko hiriburura heltzeak izango dituen ondoreetako batzuk irudikatzen ditu.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailburua, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Julián López Sustapen Ministerioko Azpiegitura Idazkari Nagusia erakusketaren inaugurazio ekitaldian egon dira gaur arratsaldean, eta bat etorri dira abiadura handia Bilbora eta Euskadira heltzeari lehentasuna emateko beharrean.

Eusko Jaurlaritzak bultzatutako erakusketak, argiztatutako hogei panel ditu, testu eta irudi askorekin, bisitariek Abandoko terminal berria nolakoa izango den eta AHTa Bilbora heltzeak eragingo duen eraldaketa ikus dezaten. Halaber, pantaila batek, Bizkaiko hiriburuko biztanle batzuen lekukotzak jasotzen ditu, euren iritziz, lur azpiko geltoki berriaren eraikuntzak eta garraio publiko berria martxan jartzeak euren jardunean izango dituzten ondorioak azalduz.

Erakusten den paneletako batean irakur daiteke Abando ez dela geltoki hutsa, “hiri proiektua” baizik. Horrela, egungo trenbide zabalgunea lur azpian sartzeak, trenbide trintxerak bereizita izan dituen auzoak (Bilbo Zaharra, Abando eta Zabala) elkartzeko eta Bilboren bihotzean herritarrentzako gune berriak irabazteko aukera emango du. Izan ere, 128.000 metro karratuko azalera utziko du libre, lau Guggenheim museoren edo bi Iberdrola dorreren azaleraren parekoa.

Beste panel batzuek, trenbideak hartzen zituen guneak aprobetxatzeak hiri bereko hainbat puntutan eragin duen hirigintza arloko birgaitzearen adibideak erakusten dituzte, Ametzolan, Abandoibarran edo, duela denbora gutxi, Matikon, adibidez.

Erakundeak bat etorri dira esatean Abiadura handia Bilbo erdialderaino lur azpitik sartzea “aurrerapen historikoa dela hiriarentzat”. Bidaiak egiteko denborak murriztuko dituen eta pertsonen eta jomugen arteko konexio hobea eskainiko duen garraio jasangarria eta eraginkorra delako.

Abando geltokira arteko Abiadura Handiaren konexioa Abusu-Abando arteko 2,1 kilometroko trenbide bikoitzeko tunel berriaren bitartez egingo da. Basauri-Abusu tartearen amaieratik abiatu eta Cantalojaseko tunela azpitik gurutzatuko du egungo trenbide zabalgunearen behealdetik, etorkizuneko geltokira heldu arte.

Abando lur azpiko intermodal handia bilakatuko da, eta bertan sei garraio mota elkartuko dira. Penintsulako eta Europako gainerako lekuekin modu eraginkorrean eta jasangarrian lotura zuzena ezartzeko aukera emango du.