80 ikuskatzaile inguruk Hezkuntza Ikuskaritzaren jardunaren eragina aztertu dute jardunaldi batean

Alonso_ikuskaritza.jpg

2019.eko maiatzak 09

  • Nazioarteko ospea duten hainbat adituk Europan egun diren Hezkuntza Ikuskaritzaren askotariko ereduak azaldu dituzte, baita horiek hezkuntza-sistemetan duten eragina ere.

Maite Alonso Hezkuntza sailburuordeak Euskadiko Hezkuntza Ikuskaritzak antolatutako heziketa-jardunaldi bati hasiera eman dio gaur goizez. Bertan elkartu dira 80 ikuskatzaile inguru eta hainbat ikastetxetako zuzendariak ere, Heize Euskadiko Eskola Publikoaren Zuzendaritzen Elkarteen Federazioko kideak, azken hauek.

Jardunaldiko saio guztiek gai nagusi bat izan dute ardatz: Ikuskaritzaren jardunak ikastetxeetan duen eragina, alegia, Hezkuntza Ikuskaritzaren lanak hezkuntza-sistema hobetzeko ekar ditzakeen ondorio onuragarriak, edo hobekuntza helburu batez Ikuskaritza zerbitzuek nola lan egin dezaketen.

Alde horretatik, nazioarteko ospea duten hizlarien parte-hartzeari esker, bertaratuek herrialde askotako esperientziak eta emaitza esanguratsuenak ezagutu ahal izan dituzte.  

Alonso sailburuordeak jardunaldia ireki ondoren, Chantal Manes-Bonnisseau Frantziako Ikuskatzaile Nagusiak hartu du hitza; Manes-Bonnisseau andrea SICI Standing International Conference of Inspectorates, Europako Ikuskatzaileen Elkarteko presidentea ere bada. Manes-Bonnisseau-k “L’impact de l’inspection” txostenaren ondorioak eta hari buruzko gogoetak aurkeztu ditu; 2018ko txosten hori bera buru duen SICI nazioarteko elkarteak ondu du.

Ondoren, Herbert Altrichter Linzeko Johannes Kepler Unibertsitateko Hezkuntza eta Psikologiako irakasleak (Austria) Europako Ikuskaritzaren azterlan konparatu bat aurkeztu du. Hitzaldi horretan, askotariko ikuskapen-ereduek hezkuntza-sistema bakoitzean duten eragiteko moduari erreparatu dio.

Bukatzeko, Euskadiko hiru ikuskatzailek (Lourdes Orueta, Lucía Barrutia eta Alicia Epeldek) Irlandako Job Shadowing esperientziaren eta haren alderdi onuragarrienen berri eman dute. Hiru euskal ikuskatzaile horiek egonaldi batean izan dira Irlandan. Era horretan, esperientzia hori bertatik bertara ezagutu eta Irlandako ikastetxeak ebaluatu ahal izan dituzte.

Egun Europan dauden Hezkuntza Ikuskaritzako eredu ugarietan, Euskadikoak ikuskaritza proaktiboaren eredua jarraitzen du, ikuskatu eta aholkatzen duen ikuskaritza, ikastetxeak hobetzeari begiratzen dion laguntza mota emanez.