4.200 emakume baino gehiagori egin zaie dei, dagoeneko, Umetoki-lepoko Minbiziaren Baheketarako Programan parte hartzeko, ekainean abian jarri zenetik

2019.eko urtarrilak 19

  • Gutunak bidaltzeko lehen fase honetan, 25 eta 29 urte bitarteko emakumeei eman zaie lehentasuna 
  • Gaur egun, programa Debabarrena, Araba, Debagoiena eta Arabako Errioxako ESIetan dago ezarrita, eta, urtea amaitu aurretik, Euskadi osora zabalduko da
  • Debabarrenan abiarazi zen pilotajea duela sei hilabete; bertan, baheketa xede-biztanleriaren % 70i egin zaio.

 

Osakidetzak jarraitzen du arrakastaz ezartzen Umetoki Lepoko Minbiziaren Baheketarako Programa. 2018ko ekainean Debabarrenako ESIan esperientzia pilotu gisa hasi zenetik, dei egiteko gutuna bidali zaie 4.221 emakumeri, guztira, Gipuzkoan eta Araban, eta xede-biztanleria 126.926 emakume dira. Osasun-zentrora emaginarenera joateko dei egin zaie, umetoki-lepoko minbizia garatu aurreko minbizi aurreko lesioak detektatu ahal izateko proba erraza egitera.

2018an, programa lau eskualdetan jarri da abian: Debabarrenako ESIan (1.421 gutun), Arabako  ESIan (2.291 gutun), Debagoienako ESIan (403 gutun) eta Arabako Errioxako ESIan (106 gutun). Gutunak bidaltzeko lehen fase honetan, data eta osasun-zentroa zehazten dira. 25 eta 29 urte bitarteko emakumeei eman zaie lehentasuna, baina programaren helburua da hiru lurralde historikoetako 25 eta 65 urte bitarteko emakume guztietara heltzea, 2023. urtea baino lehen.

Debabarrenako ESIan jarri zen lehendabizi programa pilotua abian, eta, dagoeneko, partaidetzari buruzko lehen balantzea du. Lehen probak 2018ko ekainaren amaieran hasi ziren egiten, eta lehen sei hil hauetan ondoriozta daiteke xede-biztanleriaren % 70i baheteka egin zaiola, gaur egungo bi formuletako partaidetza-datuak batzen badira (populazio-eredua eta oportunista, beherago azaltzen dena). Gainera, nabarmendu behar da proba egin duten emakume guztietatik, % 2 inguru Umetoki Lepoko Patologiako ginekologia-espezialistarenera bideratu dela, proba zehatzagoak egitera (kolposkopia), diagnostikoa egiaztatzeko edo gezurtatzeko eta, beharrezkoa izanez gero, tratamendua emateko.

Bitartean, Biztanleriaren Behaketa Programa ezartzeko egutegiak aurreikuspenen arabera jarraitzen du; aurten, Gipuzkoan geratzen diren Zerbitzu Erakundeetara eta Bizkaira zabalduko da. Horrela, 2019an, programan, Gipuzkoan, Donostialdea ESIa, Bidasoako ESIa, Goierri-Urola Garaiko ESIa eta Tolosaldea ESIa sartuko dira, bai eta Bizkaiko guztiak ere, alegia, Basurto-Bilbo ESIa, Barrualde-Galdakao ESIa, Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta ESIa, Barakaldo-Sestao ESIa eta Uribe ESIa. Horrela, 2019a amaitzen denerako, baheketa-programa Euskadi osoan izango da; lehen urte honetan 25 eta 29 urte bitarteko emakumeei emango zaie lehentasuna. Datozen urteotan, gero eta emakume gehiagorengana iritsiko da, 65 urte dituztenetara iritsi arte. Horrela, honako ezarpen-fase hauek ezartzen dira ESI bakoitzeko, adin-tarteen arabera:

 

  • Ezarpenaren lehen urtea: 25 eta 29 urte bitarteko emakumeak
  • Ezarpenaren bigarren urtea: 30 eta 34 urte bitarteko emakumeak
  • Ezarpenaren hirugarren urtea: 35 eta 44 urte bitarteko emakumeak
  • Ezarpenaren laugarren urtea: 45 eta 54 urte bitarteko emakumeak
  • Ezarpenaren bosgarren urtea: 55 eta 65 urte bitarteko emakumeak

 

POPULAZIO-EREDUAREN ETA OPORTUNISTAREN ARABERAKO GONBIDAPENEN ARTEKO DESBERDINTASUNA

Autonomia-erkidego gehienetan bezala, umetoki-lepoko baheketa Euskadin eredu oportunistaren arabera egiten hasi zen, alegia, pazientea kontsultara proba egitera doala aprobetxatzen da proba egitea eskaintzeko. Formula horren bidez, 2018ko Osasun Inkestak jaso duen bezala, 15 urtetik gorako emakumeen % 59k azken hiru urteotan baginako zitologia egin du. Formula horrez gain, oraingoz, 2018an abiarazi zen populazio-ereduak jarraituko du, alegia, proba egin ez duen emakumeren batek baheketa egin nahi badu, osasun-zentroan eskatu ahalko du egiteko.

Hala ere, lortutakoa baino babes handiagoa bermatzeko, aurrerantzean umetoki-lepoko baheketak populazio-ereduari erantzungo dio, hau da, Osasun Zerbitzuan antolatutako eta integratutako prozesua da, eta, gutunen bidez, xede-biztanle guztiei helduko zaie, alegia, 25 eta 65 urte bitarteko emakumeei. Euskadi programa hau ezartzen lehen autonomia-erkidegoetako bat izan da; eredu horren bidez, gainera, proben kalitatearen kontrola ziurtatu, zelula anormalak edo giza papilomaren birusaren (GPB) presentzia detektatzen den kasuetan bideratzeko eta segimendua egiteko berezko zirkuituak ezarri, birdeia egiteko sistemak erabili eta proba aplikatzeko tartea errespetatu ahalko da.

Programaren funtsezko oinarri dira honako alderdi hauek:

 

  • Lehenengo eta behin, laborategi zentrala, kalitateko eta automatizazioko estandar altuekin, Donostiako ESIko Anatomia Patologikoaren Zerbitzuan dagoena; bertara bidaltzen dira lagin guztiak.
  • Lehen mailako arretarako emaginak dira laginak hartzeko, emaitzen berri emateko eta horiek ESIren ginekologiako kontsulta berezietara bideratzeko arduradunak, baldin eta azterlana osatu behar bada, arreta integratuko eredua izanik.
  • ESIen ginekologiako zerbitzuek sarean lan egiten dute, koordinatuta, eta umetoki-lepoko patologiako unitate bereziei bideratuko dizkiete kasu konplexuak.
  • Programarekin batera, pazientearen historia klinikoan erabat integratuta dagoen sistema informatikoa dago; horren bidez, prozesu osoaren segimendua egin daiteke, lehen mailako arretan sartzen denetik, alde espezializatura doan artekoa.
  • Baheketa-probak egin dituzten emakumeen kontrola egiten da, bai eta tratamenduena eta emaitzena ere, programaren segimendua eta ebaluazioa egiteko.

 

Programa horrez gainera, Osakidetzak martxan ditu, dagoeneko, detekzio goiztiarreko beste bi programa eta parte-hartze tasa handia dute: Kolon eta Ondesteko Minbiziaren Baheketa eta Bularreko Minbiziaren Bakeheta.

LAUGARREN MINBIZI ARRUNTENA EMAKUMEETAN

Umetoki-lepoko minbizia laugarren minbizi-mota ohikoena da emakumeetan. 2000-2012 Minbiziarekiko Biziraupena Euskadin txostenaren arabera, urtero, Euskadin, umetoki-lepoko 87 kasu inguru diagnostikatzen dira. Diagnostikoaren batez besteko adina 57 urte dira.

Gainera, estandarizatutako biziraupen garbia, adineko, % 63,3koa da, diagnostikoa egiten denetik bost urtera. Europan, bost urtera umetoki-lepoko minbiziaren biziraupena % 62,4koa izan zen, 2000. eta 2007. urteen artean (horiek dira eskuragarri dauden azken datuak). 2017an, Euskadin, 21 emakume hil zen gaixotasun horren ondorioz.