2019ko Kirolene Film Fest lehiaketa maiatzaren 1etik 3ra bitartean burutuko da, Durangon

2019.eko martxoak 04

  • Lehiaketarako film laburrak jasotzeko epea apirilaren 15 arte dago zabalik
  • Eskia, surfa, mendia, eskalada, mendiko bizikleta edo naturan egiteko edozein kirol mota maite dutenek huts egin ezin duten hitzordua daukate Durangon
  • Kirolene Film Fest saioak maiatzaren 1ean, 2an eta 3an egingo du aurtengo ekitaldia

Kirolene, Kirol Irakaskuntzetako Ikastetxe Publikoak gaur eguerdiz aurkeztu du Durangon Kirolene Film Fest lehiaketaren bigarren edizioa, maiatzaren 1etik 3ra bitartean Bizkaiko herri horretan bertan burutuko dena. Aurtengo lehiaketa aurkezteko ekitaldian parte hartzaile izan dira, Durangoko alkate Aitziber Irigorasekin batera, Kimetz Iturralde, Kirolene Film Fest-en zuzendaria, eta Iker Lopez Torre, Kirolene ikastetxearen idazkaria.

Esparru naturalean egiten diren kirolen erreferente izan nahi du Kirolene Film Fest film laburren zinemaldiak, jaio zen egunetik sustrai eta zutabe izan dituen baloreei eutsita: naturan kirola egiten dutenen ekoizpen propioa bultzatu, ingurugiroarekiko errespetua eta kirolaren baloreak zabaldu, euskarazko lana indartu, desgaitasunen bat duten kirolariei lagundu eta emakumezkoen eta gizonezkoen artean aukera berdintasuna bermatu. Aurten, lehenengoz, aipamen berezia egingo die festibalak emakumezkoek egindako film laburrei.

Iaz bezala, Kirolene Film Fest-ek Profesional eta Amateur sailetako film laburrak jasoko ditu.

 Arlo profesionalean film laburrik onena eta Teaser onena (publikoak sarean bozkatzekoa) sarituko dira. 

Amateur arloan hauek sarituko dira:

  • Eskiko film laburrik onena
  • Snowboardeko film laburrik onena
  • Mendi eta eskaladar iburuzko film laburrik onena
  • Ur kirolen film laburrik onena
  • Esparru naturalean egindako beste kirol batzuen film laburrik onena (parapentea, mendiko bizikleta, piraguismoa…)
  • Teaser-ik onena (ikusleek sarean bozkatzekoa)

Aipamen berezia:        

  • Film labur inklusiborik onena
  • Euskarazko film laburrik onena
  • Emakumezkoek egindako film laburrik onena
  • Argazkionenaren film laburra.

 Lanak jasotzeko epea apirilaren 15 arte dago zabalik, eta informazio osoa www.kirolene.hezkuntza.net/web/kirolene-filmfest/kirolene-filmweb orrian ikusgai.

Film irabazleen erakustaldia eta sari banaketa  maiatzaren 3an egingo  dira Durangoko San Agustin Kultur guneko areto nagusian.