18 eta 29 urte bitarteko gazteak dira zinemara gehien doazenak

Argitalpen-data: 

Gazteak dira pelikulak, zineman zein etxean, ikusteko zaletasun handiena daukatenak

Euskadiko 18 eta 29 urte bitarteko gazteen erdiak baino gehiagok adierazi dute asko gustatzen zaiela pelikulak ikustea, zineman zein etxean (% 55,7); aitzitik, bakarrik % 5,6 k esan dute gutxi gustatzen zaiela hori edota ez zaiela batere gustatzen.

Pelikulak ikusteko zaletasuna handiagoa da adinean behera egin ahala.

Pelikulak ikusteko zaletasuna, Euskadiko biztanleriaren adin-talde handien arabera

 

Gustatu ez ezik, 18 eta 29 urte bitarteko gazteak dira zinemara gehien doazenak. Adin horretako gazteen % 79,7 zinemara joan ziren, gutxienez behin, aurreko urtean. Portzentaje hori beherantz doa adinean gora egin ahala: 30 eta 45 urte bitartekoen % 63,0 joan ziren zinemara aurreko urtean, 46 eta 64 urte bitartekoen % 58,1 eta 65 urtetik gorakoen erdiak baino gutxiago (% 35,0).

Zinemara joateko maiztasuna ere handiagoa da gazteen artean; hala, 18 eta 29 urte bitarteko gazteen % 24k adierazi dute 7 aldiz edo gehiagotan joan zirela zinemara aurreko urtean.

Aurreko urtean zinemara joan izanaren maiztasuna

Gazteen taldea (18 eta 29 urte bitartekoek osatzen dutena) aztergai bakartzat hartzen badugu, ikusiko dugu adin horretako neskek mutilek baino neurri handiagoan diotela pelikulak ikusteko zaletasun handia dutela (nesken % 60,8ri asko gustatzen zaie hori eta mutilen kasuan % 51,6ri). Baina zinemara joateko maiztasuna aztertzen badugu ez da alde esanguratsurik ikusten neska gazteen eta mutil gazteen artean.

Bestetik, gazteak 25 urtetik gorako eta beherakoen artean banatzen baditugu, ikusiko dugu pelikulak ikusteko zaletasuna antzekoa dela bi talde horietan, baina 18 eta 24 urte bitartekoek 25 eta 29 urte artekoek baino neurri handiagoan esan dute zinemara joan zirela aurreko urtean: 25 urtetik beherakoen % 84,8 eta 25-29 urte bitartekoen % 73,5.

Datu horiek Gazteen Euskal Behatokiak aztertu ditu baina, jaso, Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak jaso zituen 2018an 66. Euskal Soziometroa izeneko txostena osatzeko, eta gero Gazteen Euskal Behatokiari pasatu zizkion gazteei dagozkienak aztertu ahal izateko.

 

 

 Sare sozialetan jarrai gaitzazu!