Iñaki Otamendi: «Zaletasun hutsetik sortutako proiektua da Komikipedia»

  • Iñaki Otamendi: «Zaletasun hutsetik sortutako proiektua da Komikipedia»

Duela hile batzuk ezagutu genuen Komikipedia proiektua, sarean gauzatu den euskaraz argitaratutako komikien gune eta bilgunea. Orain arte sakabanatuta egondako informazioa jasotzearen garrantziaz oharturik, elkarlanari ekin zioten hainbat komikizalek. Helburu sinple bezain asmo handikoa eurena, euskarazko komikigintzaren ikusgarritasunerako lehen urratsa izan nahi duena. Kulturkliken ekimenaren sustatzaileetakoa den Iñaki Otamendirekin hitz egin dugu.


Nola jaio zen Komikipedia egitasmoa? Noiz hasi zineten martxan jartzen?

Komikizale batzuen arteko solasaldietan behin eta berriz euskarazko komikien ikusgarritasunari buruzko kezkak partekatzen genituen. Martxan zeuden komikiei buruzko blogen bidez (batez ere E-gor Blog  eta Komikeri) eta komunikabideen bidez noizean behin izaten genuen euskarazko komiki berrien berri, baina oso sakabanatua zegoen informazio hori guztia, baita autore edo argitaletxeekin harremana zuen informazio guztia ere.

Baina kezkatik baino zaletasunetik sortutako proiektua da, komikiarekin gozatzen dugulako, eta beharrezko ikusten dugulako euskarazko komikigintzaren aberastasuna ikusgarri egitea eta komiki irakurzaletasuna sustatzea.

2017ko udaran hasi ziren wikiaren lehen barne-lanak, eta azken urteotako argitalpenen datuei eman zitzaien lehentasuna: 2018ko urtarrilean oraindik ere autore eta argitaletxeei buruzko hainbat fitxa eguneratzeke zeuden, baina blog batzuetan proiektuaren berri eman zen eta egitasmoa publiko egin zen. Beraz, Komikipedian oraindik zer hobetu badago, eta estilo eta hizkuntza aldetik ahalegin gehiago egin behar ditugu komikigintzak behar duen duintasun maila lortzeko, baina proiektuaren oinarrizko helburua bete da, eguneratua dugulako gaur egun eskuragarri dauden komikien zerrenda.


Datu-biltegi honetan ez dituzue bakarrik komikien fitxak sortu, gidoilari eta marrazkilarien atala ere badituzue, argitalpenena... Nolakoa izan da bildu duzuen informazio hori guztiaren bilaketa lana?

Komikipediako azalean daude erabili ditugun iturrien estekak: hasieran aipatu dugun bezala, Igor Leturia eta Mikel Begoñaren blogetan informazio asko dago eta euskarazko komikigintzaren bizitasunaren isla dira, beraiei esker ezagutu ahal izan ditugu autore berriak edo euskal komikigintzaren historian murgildu gara.

Tebeosfera atarian ere azken hamarkadetan euskaraz sortu diren komiki gehienen fitxak jaso dituzte, gaztelaniaz, katalanez eta espaniar estatuko beste hizkuntzetan argitaratu diren komikien katalogo handia osatuz.

Informazio bila argiteletxeen webgunetara jotzen dugu ere (komiki produkzio handia izan duten Harriet, Ikastolen Elkartea Xabiroi bidez, Astiberri, Saure, Argia... eta kopuru aldetik komiki gutxiago argitaratzen dituztenak: Elkar, Txalaparta, Denon Artean, TTarttalo... komikiren bat argitaratu duten argitaletxe guztiak ezingo genituzke aipatu) eta internet sarean ere informazio asko dago, baina bilatzeko lan asko hartu behar da: autoedizio lanak eta argitaletxe txikiak, gizarte mugimenduek argitaratutako komikiak... Autore bakoitzaren webguneak, twitter eta Facebook orrialdeak ere arakatu ditugu.

 

(Xabiroi aldizkaria, Ikastolen Elkartea. Lehen zenbakia [2005])

 

Beste iturri garrantzizkoa Gasteizko Atiza Elkarteak edo Donostiako udalak komikigintzari buruz argitaratutako liburuak izan dira, baita Ipurbeltzeri buruzko ale monografikoa ere; 2017an “Euskal komikia 1975-2017” eta “Egungo euskal komikiaren historia” lanak argitaratu dira, eta bertako informazioa ere erabiliko dugu Komikipedia osatzeko.

Beste hizkuntzetatik euskarara itzulitako komikien kasuan, oso baliagarria izan da EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartearen Nor da Nor euskal itzulpengintzaren datu basea. Bedetheque ataria ere oso aproposa da frantsesetik itzuli diren lanen datuak ezagutzeko.

Erabiltzen ditugun beste iturriak Liburutegi Publiko eta beste erakundeek interneten dituzten katalogazioak izan dira, baita liburu-dendek eskainitakoak ere.

Azkenik, Berria, Argia, Uberan ataria... eta beste komunikabide batzuk ere euskarazko komikigintzaren berri ematen dute.

Eta esan beharra dago Wikipedia ere asko erabili dugula, eta saiatzen garela plataformen arteko elkar elikatze prozesuak sustatzen, hau da, Wikipediatik informazioa eskuratzen dugu baina Wikipedian ere euskal komikigintzari buruzko informazioa eguneratzen dugu.

Esan bezala, iturri interesgarri guzti hauetarako sarbideak jarri ditugu Komikipediaren azalean, eta poliki poliki komiki edo autore bakoitzaren fitxetan ere iturriak zehatzago sartzen saiatuko gara. Espero dugu komikipediak lan txukun bat egiten badu argitaletxe eta autoreek beraien lanei eta aurreikuspenei buruzko informazioa zuzenean komikipedia@gmail.com helbidera bidaltzea.

 

Momentuz 2008tik aurrerako materiala bildu duzue, 2000. urtera ailegatuko bazarete ere. Baduzue XX. mendeko ekoizpenari heltzeko asmorik?

Euskarazko komikigintzaren historia ezagutaraztea garrantzizkoa da, eta norbaitek Komikipedian beste hamarkadetako datuak sartu nahi baditu informazio hori gehitzeko aukera du, baina lehentasuna gaur egungo komikigintzaren argazki eguneratua izatea da.

Lehentasuna gaur egungo komikigintzak dauka, gaur egungoa ikusgarri egiteak, irakurleak irakurtzera eta erostera bultzatzea, honek indartu dezakeelako etorkizuneko komikigintza. Horregatik Komikipediaren helburua da begi kolpe batez ikusi daitezela une honetan argitaldari edo autoreen webguneetan, dendetan edo liburutegietan dauden euskarazko komikiak.

Dena den, autore edo argitaletxeen fitxetan euskaraz sortu duten produkzio osatua jasotzen ere saiatuko gara.


Zeintzuk dira proiektu honetarako Media Wiki softwarea erabiltzeak eman dizkizuen abantailak?

Komikipedia ez da proiektu pertsonal bat, eta MediaWiki softwareak duen abantaila da sormen kolektiborako aukera ematen duela, eta ondorioz edozein komikizalek bere ekarpena zuzenean eta oso erraz egiteko aukera daukala. Software librea da eta hori ere garrantzizkoa da. Komiki berri bat argitaratu dela jakiten duen edonork sar dezake erreferentzia berri hori, edo autore baten biografia sortu, edo informazio puntuala gehitu... Akatsik balego ere, erraz konpondu lezake edozeinek. Beraz, komikizaleak ekarpenak egitera animatu nahi ditugu.

Bestalde, MediaWikik aukera ona eskaintzen du informazioa urteka antolatzeko, edo taulen bidez informazio ikusteko, eta autore, argitaletxe edo itzultzaileen fitxetara heltzeko.

Dena den, Komikipedia epealdi baterako plataforma gisara ulertzen dugu, etorkizunean ziur beste edozein zalek edo zale talde batek edo erakunderen batek euskarazko komikigintzaren webgune osatuagoa sortu dezakeela, eta ondorioz komikipediak bere ibilbidea amaitutzat emango luke.


 

Duela gutxi Unibertsitateko Laia Ikerketa Taldeak bere “Egungo euskal literaturaren historia” bilduma itxi du, hain justu eta lehen komentatu duzun bezala, euskal komikigintzan oinarritutako ale batekin, eleberri, saiakera edo poesia generoekin parekatuz. Zer nolako garrantzia daukate ikerketa lan hauek?

Kalitate handiko lana da, eta azterketa honek komikigintzaren alor asko hartzen ditu bere baitan: fanzineak, aldizkariak, prentsa, argitaletxeak, autoreak, jardunaldiak, lehiaketak... unibertsitateko kideek sakon egin duten azterketa da, baina edozein zalerentzat edo komikigintza ezagutu nahi duenarentzat interesgarria izan daiteke eta hizkera eskuragarrian idatzita dago. Iratxe Retolazak egindako lana eskertu beharrekoa da.

Beste lan batzuetan euskal komikigintzaren ibilbideaz aritu direnean, gertatu izan da gaztelaniazko komikigintza ildo nagusi bezala hartu dela, eta euskarazkoa “paralelo” eta minoritario bezala geratu da, haur literaturaren esparrura edo asmo pedagogikoekin egindakora mugatuaz. Eta aldiz Laia taldearen lanak datuekin erakusten du euskarazko komikigintzak ibilbide propio eta jarraikor bat izan duela, agian album kopuruetan isla gutxiago duena, baina Euskal Herriko kulturgintzan txertatua egon dena eta gure herriari ekarpen handia egin diona. Komikian ere diglosia ematen da, baina euskarazko komikigintzak ibilbide propio eta interesgarria izan duela frogatuta dago.

Bestalde, azterketatik nik ondorioztatzen dudana da gaztelaniaz edo frantsesez egindako euskal komikigintza autore norbanakoen lanean oinarritzen dela nagusiki, TMEO eta Gasteiz edo Bilbo inguruetako esperientzia batzuk salbu, baina euskarazko komikigintzak autore onak eskaintzeaz gain, harremanetan eta proiektu kolektiboetan oinarritutako egitasmo asko izan ditu ere: Napartheid, Xabiroi, H28... dira ezagunenak, baina autoreen arteko lankidetzak ugariak dira ere. Eta euskal prentsan duen presentzia handia da ere. Hori ikusten da “Egungo euskal literaturaren historia” lanean.

Azkenik, aipatu behar da Laia Ikerketa Taldearen lanak Komikigintza ere beste kultur adierazpideen mailara jasotzen duela, eta hori garrantzizkoa da ere.

 

Zein da euskarazko komikigintza sektorearen osasun egoera?

70/80/90 hamarkadetan euskaraz lanak sortzen hasi ziren komikigileen lan berriak argitaratu dira, eta XXI. mendean komikigintzan hasi direnek ere maila handia erakutsi dute eta ekarpen ederrak egiten dituzte. Album edo eleberri grafikoen kopurua handitu da, eta euskal prentsan eta internet sarean ere komikigileen lanak geroz eta eskuragarriago daude. Xabiroik egindako lana oso ederra da, kalitatearen aldetik eta komikigintzaren inguruan sareak sortu dituelako. H28 ere proiektu indartsu eta gozagarria izan zen, baina egitura hori sostengatzea ezin du soilik marrazkilarien bizkar egon.

Album kopuruei begiratuta, produkzioa asko handitu da azken urteetan (euskaraz sortu direnak, itzulpenak eta berrargiltapenak barne), eta Harriet, Saurek eta Astiberrik edo eta Ikastolen Elkarteak Xabiroi bidez edo IkaslEkar argitaldaritik egindako lanaren isla da, baina baita adibidez gizarte mugimenduek komikigintza tresna bezala erabiltzeko hartu duten erabakiaren ondorio ere. Autoedizioa ere handitu da edo argitaldari txikiagoek ere komikiak merkaturatzen dituzte.

Kopuruaz gain, lanen kalitatea eta tematika zein marrazketa estiloen aniztasuna nabaria da.


Zer behar du euskal komikigintzak pauso irmoz aurrera egin dezan?

Euskarazko komikigintzak gaur egun duen indarra ez ahultzeko, nire ustez oreka behar da adierazpen artistiko edo aldarrikapenetarako tresna moduan egiten diren komiki proiektuen eta marrazkilarientzat komiki sorkuntzatik diru sarrerak eskuratzeko aukeren artean. Marrazkilari onak sor daitezke, eta ezin ukatuzkoa da ilustrazioaz gain komikian murgiltzeko hautuan arrazoi ekonomikoek eragina daukatela eta horri esker komiki lan ederrak ezagutu ditugula, baina zaletasunik gabe euskarazko komikigintzari bixigarria faltatuko litzaiokeela uste dut: komikiak sortzeko aukerak anitzak izan behar dute, esperimentaziorako eta barne adierazpenari bide emateko aukerak sortu behar dira, adibidez fanzineen bidez, azoka eta erakusketetan euskal egileei dagokien tokia emanez, lehiaketak antolatzen jarraituaz eta irabazleen lanak zabalduaz…

Mikel Begoñak orain irakurleak behar direla esaten du, eta nik uste dut liburu-denda edo azoketan euskaraz sortzen diren komikiak ikusgarriago egongo balira errazago handituko litzatekeela euskarazko irakurleen kopurua. Komunikabideek ere maizago eman beharko lukete euskarazko komikigintzaren berri, ez soilik une puntualetan.

Autoreek bere onena eskaintzeko prest daude, eta erakundeek (aurten ikusiko da Eusko Jaurlaritzak emandako diru laguntzen emaitza) zein herri mugimenduek eta kulturgintzak komikigintza sustatzeko baliabideak jarri behar dituzte.

Herritarrek komikigintza hobe ezagutuko balute, norbere zaletasun, desio eta gustuekin bat egin dezaketen kalitatezko komiki anitz daudela konturatuko lirateke, lehen aipatu dugun gaien eta marrazketa moten aniztasuna handia baita.