Espainiako irakurketa eta liburuen erosketa ohiturei buruzko 2017ko barometroa

  • Espainiako irakurketa eta liburuen erosketa ohiturei buruzko 2017ko barometroa

  • DataUrtarrilak 19
  • Gaia Literatura

Hazi egin da liburu-irakurleen kopurua Espainian, % 65,8ra arte. Espainiarren % 59,7k aisiagatik irakurtzen du, denbora librean, lanetik eta ikasketetatik kanpo.

Emakumeek liburu eta aldizkari gehiago irakurtzen dute, baita sare sozialetan ere. Gizonek gehiago irakurtzen dituzte prentsa, komikiak, webguneak, blogak eta online foroak.

Denbora falta izaten da irakurtzen ez dutenek erabiltzen duten argudio nagusia irakurtzeko ohiturarik eza azaltzeko (% 47,7).

Madril da, berriro ere, irakurleen indize handiena duen erkidegoa. Nafarroa, Errioxa, Asturias, Murtzia, Gaztela-Mantxa eta Andaluzia dira 2011. urtetik aisialdian liburuen irakurketa gehien hazi den autonomia-erkidegoak.

Hamalau urtetik gorako espainiarren % 76,3k euskarri digitaleko eduki motaren bat irakurtzen du, 2012. urtean baino 18 puntu gehiago. Formatu digitaleko liburuen irakurketa txikiagoa da prentsarena edo sare sozialena baino, baina modu esanguratsuan hazi da: 2012ko % 11,7tik 2017ko % 27,2ra.

Herritarren % 40,3k paperean baino ez du irakurtzen; % 20k, berriz, euskarri digitalean irakurtzen ditu, jada, liburuak.

Irakurle digitala da intentsiboena; urtean 16,7 liburu irakurtzen ditu batez beste, paperean soilik irakurtzen duten irakurleek, berriz, 11,6 irakurtzen dituzte.

Adingabeen irakurketak protagonismo handia dauka. 10 eta 14 urte bitarteko gazteen % 80k maiz irakurtzen du. Ordutik aurrera, murriztu egiten da irakurleen ehunekoa, eta hazi, berriz, irakurketa digitalaren pisua.

Liburu digitalen % 80 doan lortu ziren. Elkarrizketatuen % 29,5ek adierazi zuten liburu digitalak ordainduz lortzen zituztela.

Arinki hazi da liburu-erosleen proportzioa (% 61, aurreko % 56aren aldean), baina batez besteko erosketa murriztu egin da, 10,9 liburu, 9,4 libururen aldean. Erosleek nahiago dute liburu-dendetara joatea horretarako.

Liburutegien balorazioak hobera egin du ia erkidego guztietan, baina mailegu-zerbitzua jaitsi egin da.

Espainiako 14 urtetik gorako liburu-irakurleen ehunekoa gehitu egin da 2012. urtetik, eta biztanleriaren % 65,8ra iritsi da, 2,8 puntu gehiago. Horrela, pixka bat gehiago murriztu da Europako batezbestekotik aldentzen gaituen tartea, han % 70 da irakurleen ehunekoa biztanleriaren adin-tarte horretan.

Aisialdian irakurtzen duela baieztatzen duen biztanleria kontuan izaten badugu (ikasketengatik edo lanagatik irakurtzen denaz gain), hor ere hazkunde bat dago, txikiagoa den arren (0,6 puntu), % 59,7ra arte. Hau da, biztanleriaren % 40,3k ez du inoiz edo ia inoiz irakurtzen. Bestalde, maiz irakurtzen duten irakurleen ehunekoa, gutxienez astean behin irakurtzen dutenena, hazi egin da 2012. urtetik, eta 14 urtetik gorako biztanleriaren % 47,7 dira jada; hala ere, murriztu egin da egunero irakurtzen dutenen kopurua, % 31,2tik % 29,9ra igaro baita.

Kopuru horiek, besteren artean, jasotzen dira gaur goizean aurkeztutako Liburuen Irakurketa eta Erosketa Ohiturei buruzko Barometroan, zeina Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioko Kultura eta Liburu Politikako eta Industriako Zuzendaritza Nagusiaren babesarekin argitaratu baitu Espainiako Editoreen Gremioen Federazioak. Liburuen irakurketari eta erosketari buruzko lehen inkesta da, 2012. urtetik. Bestelako edukien irakurketaren eboluzioa ere aztertu du Barometroak, eta, islatzen duenez, 2012. urtetik gehitu egin da era guztietako liburuen eta eduki digitalen irakurketa, eta murriztu egin da, berriz, aldizkako argitalpenen (prentsa eta aldizkariak) eta komikien irakurleen guztizko kopurua. Horrez gain, oraingoan haurren eta nerabeen irakurketa-ohiturei buruzko datuak ere jaso dira.

1. koadroa

2. koadroa

Irakurlearen profila

Aisialdiko liburu-irakurketa handiagoa da orain ere emakumeen artean (% 64,9) gizonen artean baino (% 54,4); hamar puntuko aldea. Emakumeak dira, era beran, aldizkarien eta sare sozialen irakurle gehienak. Gizonen eta emakumeen arteko alde handienak 45 urtetik 54ra bitarte gertatzen dira (21 puntu). Alde txikienak 14 urtetik 24ra bitarteko gazteen artean daude (3 puntukoa). Aisialdiko liburu-irakurketa adinarekin jaisten da. 14 urtetik 24ra bitarteko gazteak dira gehien irakurtzen duen biztanleria-taldea; alabaina, 25 urtetik 34ra bitartekoek irakurtzeko ohitura bertan behera uzten dutela ikusten da. Emakumeen artean ohitura berreskuratu egiten da 35 urtetik 54ra bitartean. Aipatu behar da ezen, 2010. urtetik, liburuen irakurketaren etengabeko hazkundea hauteman dela adinekoenen artean.

3. koadroa Descripción: PDF

Irakurtzeko ohitura determinatzen duen beste faktore bat ikasketa-mailarena da. Unibertsitate?ikasketak dituztenen % 80,7k irakurtzen dutela diote; hala ere, irakurleen beherakada bat detektatzen da 2012. urtearekiko (% 84,2). Horrez gain, esanguratsua da azken bost urteotan lehen mailako ikasketak dituztenen irakurketa-tasan izandako hobekuntza.

Okupazioak ere baldintzatzen du irakurketa. Ikasleak dira, tradizionalki, gehien irakurtzen dutenak (% 75,7), eta, 2012. urtera arte, biztanleria okupatua haien atzetik kokatzen zen. Alabaina, 2017ko Barometroak islatzen duenez, biztanleria-tarte horretan murrizketa bat islatzen da (% 61,5 2017. urtean eta % 63,4 2012. urtean). Langabezian dagoen biztanleriak irakurtzeko interes handiagoa erakusten du: % 63,2. Badirudi liburuen aisialdiko irakurketa gehitzen ari dela tradizionalki irakurketa maila txikienak izan ohi zituzten biztanleria-taldeen artean (etxekoandreak eta erretiratuak).

Madrilek du irakurle-indizerik handiena; ia erkidego guztietan gehitzen da.

4. koadroa

Barometroak irakurleen ehunekoaren gehikuntza jasotzen du erkidego guztietan 2011. urtetik, Extremaduran izan ezik. Madrilek jarraitzen du irakurle-indize handieneko erkidegoa izaten (% 71,4), estatuko batezbestekoa baino hamaika puntu gehiago (% 59,7). Harekin batera, batezbestekoaren gainetik dauden erkidegoak hauek dira: Nafarroa (% 65,1); Euskal Autonomia Erkidegoa (% 63,9); Errioxa (% 63,6); Kantabria (% 63,3); Katalunia (% 62,7); Aragoi (% 61,8); Valentziako Erkidegoa (% 61,2), eta Balear Uharteak (% 60). Nafarroa, Errioxa, Asturias, Murtzia, Gaztela-Mantxa eta Andaluzia dira 2011. urtetik aisialdian liburuen irakurketa gehien hazi den autonomia-erkidegoak.
Irakurleen % 74,6rentzat, irakurritako azken liburua Literaturakoa zen. % 9,9rentzat, humanitate eta gizarte-zientzietakoa zen. % 89,6k espainieraz idatzitako liburu bat irakurri zuen, % 4,2k katalanez, eta % 3,5ek ingelesez.

Ez irakurtzeko arrazoiak

Denbora falta izaten da, berriro ere, irakurtzen ez dutenen argudio nagusia irakurtzeko ohiturarik ez izateko (% 47,7), bereziki 35 eta 44 urte bitarteko biztanleriarentzat. % 35,1ek dio ez duela irakurtzen gustatzen edo interesatzen ez zaiolako, eta hori da arrazoi nagusia 25 eta 34 urte bitarteko ez-irakurleen % 49,4rentzat ere. 65 urtetik gorakoen artean, osasuna edo ikusmen-arazoak izaten dira ez irakurtzeko erabiltzen diren arrazoiak, kasuen % 30,9n. Horrez gain, irakurtzen ez duen biztanleriaren % 18,7k adierazi zuen nahiago duela bere aisialdia beste entretenimendu mota batzuetan igarotzea.

Euskarri digitalean irakurtzea

Hamalau urtetik gorako espainiarren % 76,3k euskarri digitaleko eduki motaren bat irakurtzen dute. Horrek esan nahi du 18 puntuko igoera izan dela 2012. urtearekin alderatuta. Formatu digitaleko liburuen irakurketa txikiagoa da prentsarena edo sare sozialena baino, baina azken urteotako hazkundea esanguratsua izan da: 2012ko % 11,7tik 2017ko % 27,2ra. Liburuen % 25 formatu digitalean irakurri dira.

5. koadroa

6. koadroa

7. koadroa

Formatu digitaleko irakurketaren igoera hori ez da islatzen, hala ere, irakurketa osoaren gehikuntza paralelo batean; horrek iradokitzen du arian-arian transferentzia bat izaten ari dela paperezko irakurketatik irakurketa digitalera.

Biztanleriaren % 20k irakurtzen du, jada,  liburuak euskarri digitalean; % 40,3k, berriz, paperean baino ez. Ordenagailua irakurtzeko erabiltzen du (% 49,6), baina 2012. urtetik beherakada bat izan da euskarri horren erabileran. Tablet bidezko irakurketa nabarmentzen da (% 32,8), eta hazi da, halaber, mugikorraren erabilera, irakurtzeko euskarri gisa (% 20,2). Irakurleen erantzunen arabera, liburu digitalen % 80 doan lortu ziren. Elkarrizketatuen % 29,5ek zehaztu zuten liburu digitalak ordainduz lortzen zituztela.

Formatu digitaleko liburuen aisialdiko irakurleak profil berezia dauka: Femeninoagoa, gazteagoa, eta prestakuntza maila hobekoa da.

Gainera, gehien irakurtzen duena da; urtean 16,7 liburu batez beste, paperean soilik irakurtzen duten irakurleek 11,6 irakurtzen dituzten bitartean. Irakurle digitalaren liburutegiak titulu gehiago ditu, gainera; 340, beste irakurleen 286en aldean. Irakurle digitalen % 70,3k liburuak erosi ditu, paperezko irakurleen % 64,5aren aldean; eta gehiago erosi dute, 6,7 liburu batez beste, 5,1en aldean. Halaber, gehiago erabiltzen dituzte Internet eta sare sozialak liburuei buruzko informazioa bilatzeko.

Liburuen erosketa

Espainiako liburuen erosketa ere aztertzen du barometroak. Txosteneko datuen arabera, 14 urtetik gorako espainiarren % 61,3k liburuak erosi zituen 2017. urtean, horrek esan nahi du erosleen kopurua gehitu egin dela 2012. urtearekin alderatuta (% 55,4). Hala ere, erosle horiek liburu gutxiago erosi zituzten, 9,4 batez beste, 2012ko 10,3en aldean. Testuko liburuak baino ez zituen erosi % 14k, % 18,8k testukoak eta testukoak ez zirenak erosi zituen, eta % 28,5ek testukoak ez zirenak baino ez. Testukoak ez diren liburuak erosi dituzten espainiarren ehunekoa 7 puntu gehitu da 2012arekin alderatuta, % 47,3n kokatu arte.

Euskal Autonomia Erkidegoan eta Errioxan daude testukoak ez diren liburuen erosleen portzentaje handienak. Nafarroa eta Madril izan ziren erositako liburuen batezbesteko handiena izan zutenak; 12,7 eta 11 hurrenez hurren. Kanariar Uharteak eta Gaztela eta Leon izan ziren erosle-portzentaje txikieneko erkidegoak. Bigarrenean, gainera, erosi ziren liburu gutxien batez beste (5,5 liburu).

8. koadroa

Erositako hamar liburutik zazpi (% 67,8) literaturakoak ziren. Horietatik, % 62,9  eleberriak eta ipuinak ziren. Gehikuntza bat izan zen, halaber, gazte- eta haur-literaturako liburuen erosketan: % 8,2, 2012. urteko % 3,9aren aldean; baita liburu praktikoen erosketan ere.

Erositako liburuen % 89,9ren hizkuntza gaztelania zen. % 5,4 katalanezkoa zen; beraz, 2012ko zenbakiek bere horretan jarraitzen dute. Katalunian, erositako liburuen % 26 katalanez ziren. Liburuen % 2,9 ingelesez idatzita zeuden.

Espainiarrek nahiago dituzte, oraindik ere, liburu-dendak erosketak egiteko; % 48,4k establezimendu horietako batean erosi zuen azken liburua. Internetez egindako erosketek gehitzen jarraitzen dute, eta % 11,9ra iritsi dira. Liburu-kateek, saltoki handiek, irakurle?klubek, eta hipermerkatuek beheranzko joerarekin jarraitzen dute, azken barometroetan detektatu zen bezala.

Liburu irakurrienen eta erosienen rankinga

Patria, Fernando Arambururena; El Guardián Invisible, Dolores Redondorena, eta Los pilares de la Tierra, Ken Folletena, izan ziren irakurrienak 2017an.

Erositako liburuen rankingaren lehen lekuan ere Patria dago, eta haren ondoren Cincuenta Sombras de Grey, E.L.James-ena, eta Los pilares de la Tierra.

Irakurketa eta adingabeak

9 urtetik beherako haur gehienek irakurtzen dute, edo haien gurasoek irakurri ohi dute. Kontsultatutako gurasoen % 82,7k adierazi zuten berak edo familiako norbaitek seme-alabei irakurtzen ziela. 6 eta 9 urte bitarteko haurren % 85,5ek testukoak ez diren liburuak irakurtzen dituzte.

10 eta 14 urte bitarteko haurren % 99,6, eta 15 eta 18 urte bitarteko haur eta gazteen % 92 liburu-irakurleak dira. 15 urtetik aurrera murriztu egiten da ohiko irakurleen proportzioa, gazteen % 54,8 dira, 10 eta 14 urte bitarteko haurren % 78,9aren aldean. Gehienbat paper?formatuko liburuak irakurtzen dituzte, nahiz eta, adinak gora egin ahala, hazi egiten da euskarri digitaleko irakurleen proportzioa. Hala ere, aipatzekoa da irakurle nerabe (15-18 urte) ia guztiek (% 95,4) eduki digitalen bat irakurtzen dutela, eta % 34k formatu digitaleko liburuak irakurtzen dituztela. Zenbaki hori handiagoa da helduen artean formatu digitalean irakurtzen dutenena baino (% 27).

10 eta 14 urte bitarteko haurren % 90,5ek ikasketengatik eta aisialdian irakurtzen dute. Konpuru hori % 77ra arte murrizten da 15 eta 18 urte bitarteko gazteen artean. Bi kasuetan, etxea da irakurtzeko leku gogokoena.

Liburutegiak

Liburutegi edo bibliobusetarako bisitariak 1,8 portzentaje-puntu gehitu dira 2012. urtetik, eta biztanleriaren % 31,9 izatera iritsi dira.  Portzentajea gehitu egiten da liburutegi bateko kide direnen ehunekoari erreparatzen badiogu, % 36,8 baitira. Erabiltzaile gehienak liburutegi publiko batera joaten dira, gehienek aldizka joaten badira ere. Haietatik, % 28,3 baino ez dira maiz joaten. Liburutegiek eskaintzen duten zerbitzuaren erabiltzaileen balorazioa oso positiboa da; izan ere, 8,23ko nota ematen diete batez beste.

Autonomia-erkidego guztietan erabiltzaileek oso balorazio positiboa egiten dute beren liburutegiei buruz, eta 2012. urtean baino nota hobea ematen diete, Balear Uharteetan eta Kantabrian izan ezik, ez oso modu esanguratsuan, hala ere. Aragoiarrak dira beren liburutegiak hobekien balioesten dituztenak.

Liburutegien erabiltzaileen % 55,3 liburuak maileguan hartzera eta bueltatzera joaten dira; bigarren arrazoia liburuak kontsultatzea da (% 25,8) eta hirugarrena ikastea (% 27,5).

Espainiako Editoreen Gremioen Federazioak Liburuen Irakurketa eta Erosketa Ohiturei buruzko Barometroa eman du argitara berriro, lehen aldiz, 2012. urtean argitalpena eten zenetik. Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak bere lankidetza eskaintzen dio azterlan horri, zeinak etengabeko informazioa eskuratu nahi baitu Espainiako herritarren irakurketa?ohiturei lotutako hainbat alderdiri buruz.

Azterlanean beste alderdi batzuk ere hartzen dira kontuan, hala nola liburuen erosketa, etxean dauden liburuen kopurua, beste hedabideen irakurketa, liburutegietarako bisitak, Interneten erabilera, aisialdiko beste ohitura batzuen lehenespena, eta adingabeen irakurketa.

Azterlan hau Conecta Research & Consulting enpresak egin du. Urteko emaitzak 5.000 gizabanakoren artean egindako laginketa batetik eskuratu dira.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri