Osakidetzak eta sindikatuek urteko lehenengo osasuneko mahai sektoriala amaitu dute 2016-2017ko epe-a egiteko oinarrien eta baldintzen gaineko akordioa lortuta

Argitalpen-data: 

Atzo, asteartean, Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak eta Euskal Osasun Zerbitzuan ordezkaritza duten sindikatuek urteko lehenengo osasuneko mahai sektoriala egin zuten Vitoria-Gasteizen. Bertan, akordioa lortu zuten Enplegu Publikoaren Eskaintza berriaren garapena arautzeko. EPEa datorren ekainean egingo da. Akordioa SATSE, Euskadiko Sindikatu Medikoa eta UGTrekin lortu da.

Atzoko bileran adostutakoaren arabera, 2016-2017ko EPEa sindikatuekin adostutako oinarriekin eta gai-zerrendekin egingo da. Era berean, adostu zuten Enplegu Publikoaren eskaintza honetan, azterketetan lortutako puntuazioaz, langileek Osakidetzan garatu ahal izan duten esperientziaz eta lortutako prestakuntzaz gain, amaierako nota ere kontuan hartzea, Osakidetzari geroz eta prestatuago, gaituago eta konprometituago dauden profesionalak eskaini ahal izateko helburuarekin.

Akordio berri honek, gainera, prozedura berritzailea dakar, horren bidez, hurrengo bi EPE-etara aurkezten diren hautagaiek puntuazioa aukeratu ahal izango baitute. Hau da, 2016-2017ko Enplegu Publikoaren Eskaintzara eta 2019ko Enplegu Publikoaren Eskaintzara aurkezten diren pertsonek puntuaziorik altuena aukeratu ahal izango dute, lanpostu bat kontsolidatzeko kontuan hartzen den nota horixe izan dadin.

Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendari Juan Carlos Sotok nabarmendu zuenez, sindikatuekin egindako bilera amaitu eta gero, “gaur lortutako akordioa aurrerapauso garrantzitsua da, Osakidetzako Enplegu Publikoaren hurrengo Eskaintzaren zain dauden milaka pertsonen interesen alde. Akordio hau, gainera, Osasun Sailaren eta Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiaren borondate irmoaren eta ahaleginaren emaitza ere bada, Euskal Osasun Zerbitzuaren barruan enpleguaren egonkortasuna lortzearen eta behin-behinekotasuna murriztearen aldeko lanen emaitza”.

Bestalde, atzo goizean egin zen lehen mahai sektorial honetan Osakidetzak eta Euskadiko Sindikatu Medikoak adostu zutenaren arabera, Osakidetzako mediku guztiek eta nahi duten teknikari guztiek ere, aurretik 67 urteetan ezarritako erretiro-adina beste urtebetez atzeratzeko aukera izango dute.

Langile fakultatibo mediko eta teknikoen 68 urtera arteko luzapena, betiere borondatezkoa izango dena, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eta Osakidetzak bultzatutako neurrietako bat da, datozen urteetan egongo diren erretiroengatik sortutako lanpostu hutsak betetzeko profesional kopuru handiagoa izateko. Beraz, atzo hartutako neurri hau lagungarria izan daiteke behar besteko profesionalen eskaintza eta eskariaren egoera hobetzeko.

Osakidetzaren hurrengo Administrazio Kontseiluak berretsiko ditu atzoko bileran hartutako akordioak.

Informazio gehiago: prentsa oharra deskargatu