Orain arte zituen 15.000 liburuez gain, eLiburutegiak 1.600 film eta egokitutako 600 audioliburu eskaintzen ditu gaurtik hasita

ELibur.jpg

2018.eko ekainak 13

  • Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak egile-eskubideekiko errespetua oinarri duen kultura kontsumo digital arautu baten aldeko apustu hau berretsi du gaur; iaz, 45.000 liburu mailegu erregistratu ziren atari publiko honen bidez.

 

Bilbo, 2018/06/13              

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak eLiburutegiaren azken berritasunak aurkeztu ditu gaur Euskadiko Artxibo Historikoan. Sailburuak adierazi duenez, Infobibliotecas enpresaren eFILM ekimenarekin sinaturiko akordioari esker erabiltzaileek 1.600 film eta dokumental dituzte aukeratzeko, eta euskal zinemagintzak aipatuen artean pisu berezia izango du. Horiez gain, eduki digitaleko online plataforma publiko honek egokitutako 600 audioliburu ere izango ditu gaurtik aurrera, Daisy formatuan, eta horien erdia euskaraz dago. Zerbitzu berri horiek eLiburutegiak orain arte eskaintzen zituen horiei gehituko zaizkie: 15.000 liburu baino gehiago, 24.000 erabiltzaile eta, iaz, 45.000 mailegu baino gehiago eskaini zituen. Zenbaki hauei esker eLiburutegia Estatuko liburutegi digitalik handiena da.

Gaurko aurkezpenean Zupiriarerekin batera izan dira Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Garapenerako aholkulari Imanol Agote eta Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzuko arduradun Francisca Pulgar. Sailburuak aipatu duenez, apustuak eLiburutegia proiektua bultzatu nahi du eta, era berean egile-eskubideak errespetatuko dituen eduki digitalen kultura kontsumo arautu bat sustatu nahi du.

“eLiburutegia proiektua hazten doa urtez urte, eta 15.000 liburu ezberdin baino gehiago ditu, bai eta 24.000 erabiltzaile inguru ere. Emaitza oso ona bada ere, tresna honen kultura kontsumoa sustatzen jarraitzeko aukera dugula uste dugu. Orain, pauso bat aurrera eman nahi izan dugu, eduki digital berriak eskainiz: 1.600 film, hemendik gutxira 2.000 izango direnak; eta Daisy formatuan dauden egokitutako 600 audioliburu. Digitalizazioa kulturarentzat aukera berri bat izan daitekeela uste dugu, beti ere kultura edukiak era ordenatuan eskaintzen badira, egile-eskubideak aintzat hartuz eta dagozkien lizentziak ordainduz”, adierazi du Zupiriak. 

Infobibliotecas enpresaren eFILM ekimenarekin sinaturiko akordioari esker, Eusko Jaurlaritzak 1.600 film eskaini ditzake gaur eLiburutegia plataforman. Bi aldeek sinatu duten konpromisoaren arabera, urte amaieran eLiburutegiak 2.000 film izango ditu, eta horietako 300 euskaraz izango dira (egun, berrogeita hamar bat film daude euskaraz baina pertsona bat dago eginkizun horretan lanean, lizentziak izapidetuz, euskarazko filmak askoz ere gehiago izan daitezen hemendik gutxira).

Akordioaren bitatez, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak mailegu bakoitzaren prezioa ordainduko du, mailegu baten batez besteko prezioa 50 zentimokoa delarik. Honela, mailegua doakoa da erabiltzaileentzat eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bere baitan egile-eskubideak hartzen dituen prezioa ordainduko du. Sailak 93.000 euroko inbertsioa aurreikusi du urte honetarako, 186.000 mailegu ahalbidetuz. Nolanahi ere,proiektua abiarazi eta ondorengo hiletan aurreikusitako urteko inbertsioa nahikoa den ala ez ikusiko da.

Filmen kasuan, maileguak hiru eguneko epea esleitzen du eta erabiltzaileak nahi adina aldiz ikus dezake filma epe horren barruan. Erabiltzaile bakoitzak bi mailegu eska ditzake asteko; eta zortzi mailegu hilean, gehienez. Filmek genero ugari hartzen dituzte barne, eta jarraitu den irizpide nagusietako bat kalitatearena izan da. “Liburutegi Zerbitzuko langileen ardura izan da bahetze-lana egitea. 9.000 filmetik gorako hasierako eskaintza batetik, 1.600 film aukeratu dira beren kalitatea eta interesari erreparatuz, adierazi du Imanol Agotek. Gazteleraz eskuragarri dauden filmak -1.500etik gora egun- jatorrizko bertsioan ikus daitezke ere eta zenbait kasutan gaztelerazko azpitituluak jartzeko aukera ematen dute.

Egokitutako audioliburuak

Aipatu 1.600 filmez gain, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak egokitutako 600 audioliburu eskuratu ditu. Liburu horiek Daisy formatuan daude (Digital Accesible Information System-Informazio Sistema Digital Irisgarria). Irakurtzeko zailtasunak dituzten pertsonentzat bereziki pentsatutako sistema bat da: testua eta tratamendu berezia duen audioa uztartzen ditu.

Ondokoak dira sistema honen abantailak:

  • Nabigazio malguago bat (kapituluez haraindi, orrialde zehatz batera joateko aukera ematen du).
  • Testuaren tamaina egokitu daiteke.
  • Audioaren abiadura erabiltzaile bakoitzaren egoerara egokitu daiteke.
  • Irakurketa markak ezartzeko aukera ematen du.

Formatua ikusmen arazoak edo dislexiari loturiko arazoak dituzten pertsonentzat pentsatua dago bereziki, nahiz eta horrelako arazorik ez duten pertsonek liburu hauek maiz erabiltzen dituzten. Liburua erabiltzeko, halere, Daisy formatuko liburuak irakurtzea eta entzutea ahalbidetzen duen aplikazio bat aplikatu beharra dago. “Apustu honen bidez, Kulturaz gozatzeko eta kultura kontsumoa egiteko aukera bermatu nahi diegu biztanle guztiei. Euskadi, honela, bere liburutegi publikoetan ikusmen arazoak eta irakurtzeko arazoak dituzten pertsonentzat egokitutako mailegu digitalak eskaintzen dituen Estatuko lehen erkidegoa bilakatu da”, adierazi du Zupiriak.

Eusko Jaurlaritzak, ekimen hau bultzatu ahal izateko, argitaletxeak eta Benetch Fundazioa jarri ditu harremanetan, teknologiaren arloan lan egin eta gizarte-izaerako ekimenak sustatzen dituen irabazi-asmorik gabeko fundazioa. Kasu honetan, Eusko Jaurlaritzak Daisy formatuan dituzten lizentzia guztiak erosiko dizkie argitaletxeei, eLiburutegia proiektuko izenburuetako eskubideak erosten dituen baldintza berberetan. Ekimen hau esperientzia pilotu gisa planteatu da eta bere emaitzak ikusi eta gero, izenburu berriak erosteko aukera eztabaidatuko da argitaletxeekin. Agotek azpimarratu duenez, esfortzu berezia egin da euskarazko ahots-sintetizadorearen kalitatea hobetzeko, Daisy formatuko 600 audioliburu horien erdia euskaraz baitago.

Beste berritasun batzuk

Azkenik, Armiarmarekin sinaturiko akordio bati esker, eLiburutegiak literatura-txoko bat sortu du. Bertan, liburutegi digitaleko erabiltzaileek literatura-arloari loturiko pertsonen inguruko efemerideak jasoko dituzte egunero. Egile ezberdinen inguruko erreferentziak argitaratuko dira egunero eta, aldi berean, beren lanetara zuzenean sartzeko aukera emango da. Honela, atal berri honi esker, literatura-gomendioetatik edukietara zuzenean joateko aukera dago, literatura-komunitatearen kultura sustatuz.

eLiburutegiko datuak

eLiburutegia Estatuko liburutegi digital garrantzitsuena da, alde handiarekin: 15.200 liburu ezberdin ditu (bere atzetik datorren Kataluniak erdia ditu) eta, orain, filmak eta egokitutako audioliburuak gehitu zaizkie. Euskadi, gainera, bere liburutegi digitalean erabiltzaile gehien dituen erkidegoa da eta, portzentualki, mailegu digital gehien dituen laugarren elkargoa da (Madril, Katalunia eta Errioxaren atzetik). Kultura kontsumo eta ohituren inguruko Eusko Jaurlaritzaren azken Soziometroaren arabera, irakurleen erdiak (% 50) formatu digitalean irakurtzen dute (% 13 formatu digitalean bakarrik eta % 37 bi formatutan); 2004. urtean, % 18ak baino ez zuen formatu digitaleko testuak irakurtzen.

Liburutegi digital honek 24.000 erabiltzaile ditu, eta hilero-hilero, 500 erabiltzaile berri izaten ohi ditu. Uztaila eta abendua dira eLiburutegian mailegu-eskaera handiena duten urteko hilak (4.000 mailegutik gora hilean). 2017. urtean, eLiburutegiko saioen % 65,3a emakumezkoena izan zen; % 34,7a gizonezkoena. Adin-tarteei dagokienez, 35-44 urte bitarteko erabiltzaileen taldea da jendetsuena; 45-54 urte bitarteko erabiltzaileak datoz atzetik eta 55-64 urte bitartekoak gero. Ondokoak dira 2017. urtean mailegu gehien izan dituzten izenburuak: Kirmen Uriberen 'Elkarrekin esnatzeko ordua' (276 mailegu); Fernando Arambururen 'Patria', (192 mailegu); eta Karmele Jaioren 'Ez naiz ni' (151 mailegu). Momentu honetan mailegu gehien izan dituzten zortzi lanen artean, bost euskarazkoak dira eta beste hiruak gaztelerazkoak.

eLiburutegia proiektuak azken urteotan izan duen bilakaera oso adierazgarria izan da ere: 2015en (2014ko azaroan jaio zen) izan zituen 29.580 maileguetatik 45.456 maileguetara igaro zen iaz; eta erabiltzaileei dagokienez, 10.160 erabiltzaile zituen 2015en eta, egun, ia 24.000 ditu. Euskadiko Irakurketa Sareko Publikoko bazkideek liburutegiko beste zerbitzuetara sartzeko erabiltzen dituzun datu berdinak (bazkide zenbakia eta pasahitza) behar dituzte eLiburutegian sartzeko. Pasahitza ahaztu baduzu zure liburutegira jo beharko duzu eta berri bat emango dizute. Sareko liburutegi publiko bateko erabiltzaile ez direnek txartela eska dezakete udal liburutegian eta plataformara sartzeko beharrezko datuak emango zaizkie. Euskadiko Irakurketa Sareko Publikoak 925.936 bazkide ditu.