Milioi bat euro Lanbide Heziketako itunpeko ikastetxeen hornikuntzarako (Gobernu Bilera 2018-12-26)
2018.eko abenduak 26
Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, 2018-2019 ikasturterako diru-laguntzak deitzen dituen Agindu bat, Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxeen hornikuntzarako.
Milioi bat euroko diru-kopurua duen deialdi honen xedea da Lanbide Heziketako itunpeko ikastetxeei, heziketa-zikloetan curriculum-garapenak eskatzen dituen metodo eta erreminta berritzaileak ezartzeko beharrezko dituzten ekipamendu eguneratuak eskuratzeko finantziazioan laguntzea. Laguntza horiek izan daitezke ekipamenduaren erosketa edo alokairuen kuotak finantzatzeko, nahiz ekipamendua instalatzeak eragindako gastuak arintzeko. Era berean, deialdi honek aurreikusiriko laguntzak Enplegu-prestakuntzarako eta lanbide-espezializaziorako programatarako ekipamenduak ere aintzat hartzen ditu.
Diruz lagunduriko ekipamendua ondorengo lanbide-arloetako heziketa-zikloetarako eskuratu beharko da, izan erdi mailako nahiz goi mailako zikloak: Elektrizitatea eta elektronika; Fabrikazio mekanikoa; Elikagaien industriak; Arte grafikoak; Ehungintza, jantzigintza eta larrugintza; Garraioa eta ibilgailuen mantentze lanak; Instalatze eta mantentze lanak; Kimika; Zurgintza eta altzarigintza; Energia eta ura; Itsasoa eta arrantza; Informatika eta komunikazioa; edo Osasuna.
Ikastetxeetatik jasoriko finantziazio eskaeren balorazioa egiteko, batzordeak kontuan hartuko dituen irizpideak dira: eskaera egiten duen ikastetxeak eskaintzen duen ziklo kopurua; ziklo horietan 2018-2019 ikasturtean matrikulaturiko ikasle kopurua; edo Enplegu-prestakuntzarako programatan emandako prestakuntza ordu kopurua.
Laguntza hauek eskatu ahal izango dituzte Lanbide Heziketako itunpeko ikastetxeek, 2018-2019 ikasturtean aurrez aipaturiko lanbide-arloetako erdi mailako edo goi mailako heziketa zikloren bat baldin badute.