Lehendakariak René Cassin 2018 saria José Palazón eta Juan José Aguirre aktibista eta giza eskubideen defendatzaileei eman die

2018.eko abenduak 10

  • Eusko Jaurlaritzak gizarteko pertsona ahulenen giza eskubideak defendatzeko aktibista horien lana aintzatetsi du

Iñigo Urkullu Lehendakariak giza eskubideen René Cassin 2018 saria banatu die José Palazón eta Juan José Aguirre aktibista eta giza eskubideen defendatzaileei, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean.

Sariak Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiak banatzen ditu, eta banaketa-ekitaldia Lehendakaritzan izan da; bertan, Eusko Jaurlaritzako sailburuak izan dira, bai eta Jonan Fernández Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusia eta Monika Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria ere.

Aurten Eusko Jaurlaritzak eman duen René Cassin saria banatzeko ekitaldian, Lehendakariak nabarmendu du gizarte bat ezin dela bilakaeran oinarritu, “azken horiek aintzat hartzen ez baditu, baldintza zailenak eta kaltegarrienak bizitzera behartuta dauden pertsonak, gizonak, emakumeak eta adingabeak. Lehendakariak aitortu du ohore handia dela sari hau entregatu eta Afrikan eta Afrikatik duintasunaren alde borrokatzen diren pertsona eta erakunde guztiak aintzatestea. 

Lehendakariak, bestalde, Euskal Herriko Unibertsitatean giza eskubideen defentsan antolatu den ekitaldia ere aipatu du. Iritzi askatasuna oinarrizko eskubide bat dela azpimarratu du Lehendakariak. “Ikasle batek bere ideiak defendatzeagatik jasandako jazarpena erabat salatu nahi dugu, eta gure elkartasuna adierazi nahi diogu”, esan du.

René Cassin saridunak: José Palazón eta Juan José Aguirre

Eusko Jaurlaritzak René Cassin 2018 saria José Palazón eta Juan José Aguirre aktibista eta giza eskubideen defendatzaileei eman die: José Palazón, Haurren Giza Eskubideen aldeko Elkarteko (“Prodein”) aktibista eta sortzailea da, eta Juan José Aguirre apezpikua da Bangassouko elizbarrutian, Afrika Erdiko Errepublikan, eta pertsona ahulenen defendatzailea.

José Palazón Haurren Giza Eskubideen aldeko Elkarteko (“Prodein”) aktibista eta sortzailea da, Melillan. Bizi osoa darama etorkinek eta errefuxiatuek Europar Batasunaren hegoaldeko mugan bizi dituzten giza eskubideen urraketa larriak ikusarazteko eta salatzeko ahaleginetan. José Palazónek migrazioen kausa bidegabearen defentsan lan egin du.

Juán José Aguirre misiolari konboniarra da eta Bangassouko (Afrika Erdiko Errepublika) elizbarrutiko apezpikua, duela 38 urtetik hona. Ia lau hamarkadez, Aguirre munduko herrialde pobreenetako batean ahaztuta dauden pertsonen bozgorailu izan da. Erlijioen artean elkar ulertzeko batzordeak eratzea lortu du, emakumeen bizi-baldintzen hobekuntzan izugarrizko lana garatzea lortu du eta, halaber, bere herriari duintasunez bizitzea eragozten dioten interes ekonomikoak salatzea lortu du. Batik bat, Juan José Aguirrek migratzaileak harrera- eta itxaropen-lurraldera iristeko bizi duten muturreko ahultasun-egoeraren defentsan lan egin du.

René Cassin saria

René Cassin saria Eusko Jaurlaritzak sortu zuen, beren jarduketaren bidez gure gizartean giza eskubideen balioak sustatzen laguntzen duten pertsona fisiko edo juridikoen lana jendaurrean aintzatesteko. Sariak René Cassinen izena hartu zuen. René Cassin 1887an Baionan jaio zen, eta Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren inspiratzaile nagusitzat hartzen da. 1968an Bakearen Nobel Saria jaso zuen.

Aurten, René Cassin saria Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 70. urteurrenaren eta Bakearen Nobel saria René Cassini entregatu zioteneko 50. urteurrenaren testuinguruan antolatu da.