Lehendakariak Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteari zuzendutako idatzi batean "Europar Batasuna eratzen dugun erakunde guztiok migrazioaren arloan partekatutako estrategia" proposatu du

_foto_archivo_reunion_lehendakari_juncker.jpg

2018.eko abuztuak 08

Eusko Jaurlaritzak eskatu du iragaitzazko migratzaileen muga-kudeaketako prozedurek –Estatuko gobernuetako eskumena– legezkotasuna eta eraginpean dauden pertsonen berme eta giza eskubideak errespetatzeko

Egunotan iragaitzazko muga-kudeaketarekin lotuta jasotzen ari garen informazio batzuk direla eta, Eusko Jaurlaritzak zera adierazi nahi du:

  • Eusko Jaurlaritzak ez du “beroan” entregarik gertatzen ari delako berririk. Frantziako polizia etorkinak bueltatzen ari zaizkio Espainiako Polizia Nazionalari, Frantziaren eta Espainiaren arteko atzerritartasunaren inguruko alde biko akordioetan ezarritako prozedurei jarraikiz. Hiru bide aurreikusten dituzte: (1) Mugan atzera botatzea, (2) Schengen berrartzea (muga zeharkatu dutenetik 4 ordu baino gehiago igaro badira), eta (3) Berrartze sinplifikatua (4 ordu igaro ez badira).
  • Poliziak poliziari migratzaileak itzultzeko errealitate horrek eta haren segimenduak euskal autonomia-eremuaren eskumenak gainezten ditu. Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzak prozedura guztiak legezkotasunaren arabera eta horien eraginpean dauden pertsona guztien berme eta giza eskubideak errespetatuz garatzeko eskatzen du.
  • Eusko Jaurlaritza, gainerako euskal erakundeekin batera, bere eskumenen barruan, iragaitzazko migratzaileei eta gure herrialdean geratzea erabakitzen dutenei erantzun humanitarioa eta bidezkoa eskaintzeko lanean ari da.
  • 2015etik, Mediterraneoan krisi humanitarioa hasi zenetik, Eusko Jaurlaritzak elkarrizketa etengabea izan du Mariano Rajoyren gobernuarekin eta Pedro Sánchezenarekin. Harreman horren helburua, Eusko Jaurlaritzaren ikuspuntutik, erakundeen arteko koordinazioa hobetzea eta migrazioaren eta babesaren arloan politika publikoak aldatzea izan da, autonomia- eta toki-mailetako gobernuek beren kudeaketan eta garapenean eginkizun erabakigarria bete ahal izateko.
  • Ildo beretik, gaur, Lehendakariak gutuna bidali dio Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteari. Gutunean, Lehendakariak zera adierazi du: “egoera honen inguruan hausnarketa sakona egin behar dute Europako erakunde demokratiko guztiek”. Era berean, “estrategia partekatuaren” aldeko apustua egiten du, "epe labur, ertain eta luzeko ekimenak jaso dituenaren eta Europar Batasuna eratzen dugun erakunde guztion baterako ekintza eskatzen duenaren” apustua. Zentzu horretan “egungo egoera eta aurreikusitako bilakaera identifikatzen dituen, dauden premia eta baliabideak kalkulatzen dituen ekintza-programa” aldarrikatzen du eta, horretarako, “Nazioarteko Erkidegoak migratzaileen jaioterrietan jarduteko konpromiso kolektiboa planteatzen” du. “Euskadi –dio Lehendakariak– prest dago migrazioaren errealitateari, dela migrazio erregularrari, dela irregularrari, iragaitzazkoari, laguntzarik gabeko adingabeei eta besteri irtenbide eraginkorrak eskaintzeko Estrategia zehaztu eta garatzeko ahalegin partekatu hori bultzatzeko. Batera erakutsi behar dugu nolako gaitasun politikoa dugun giza eta gizarte jarrera sortzeko, Afrikako kontinentean hainbeste pertsonaren eta familiaren sufrimenduarekin amaitzeko erakundeen jarduketa-programa sortzeko".