Justizia zuzendaritzarentzako saria

Justizia zuzendaritzarentzako saria

2018.eko urtarrilak 19

María Jesús San José Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justiziako sailburuak jaso du Eusko Jaurlaritzaren Justizia Zuzendaritzari emandako merezimendu profesionalen ondoriozko domina. Aintzatetsi dute Justizia Zuzendaritzak “auzitegi barruko bitartekaritzaren sustapenean egin duen ekarpen handia eta izan duen konpromisoa”.

Ekitaldi horretan, San José sailburuak Euskadiko Justizia Konpontzaileko Zerbitzu berriaren garrantzia nabarmendu du. Diseinatu den zerbitzu hori izango da, hain zuzen ere, Europako justizia konpontzaile integraleko auzitegi barruko lehen zerbitzua, eta prozesu penalaren barruan txertatuko da. “Une honetan, duela hamarkada bat hasitako bideari jarraipena emateko erantzukizuna dugunok interes argia dugu hiritarrei eskaintzen diegun zerbitzua etengabe hobetzeko”. Aditzera eman duenez, gizarte-harremanak lehengoratzean, bakegintzan, konponketan eta erantzukizunean oinarritzen da justizia konpontzaileak bultzatzen duen justizia. “Justiziak —erantsi du— gatazkan nahastuta dauden pertsonen beharrak hartzen ditu kontuan, eta komunikazio-espazioak artikulatzen ditu. Komunikazio-espazio horietan sustatuko da eztabaiden konponbide elkarrizketatua, biktimak jasandako kaltearen konponketa, biktimen gizarteratze positiboa eta erkidegoko gatazken baketzea”.

Bitartekaritzako eta Gatazken Konponketako Espainiako Eskolak eta haren Diario de Mediación egunkari digitalak antolatutako ekitaldia gaur arratsaldean egin da Madrilgo Ekitaldi Zentroan. Ekitaldi horretan saritu dituzte, besteak beste, Luis Aurelio González Bitartekaritzaren Aldeko Magistratuen Europako Taldeko Espainiako presidentea, Granada Emilio Calatayud adingabeen epailea, Paulino Fajardo abokatua eta bitartekaria, eta Pedro García Aguado waterpoloko jokalari olinpiko ohia eta telebistako profesionala.

Epaimahaiak Eusko Jaurlaritzako Justizia Zuzendaritzaren lana saritu du, eta, horretarako, aitzatetsi du Justizia Zuzendaritzaren “ibilbidea, ahalegina eta gatazkak konpontzeko metodo alternatiboak ezartzen jarraitzeko borondate argia”. Euskadin, 2007an eman zitzaion hasiera esperientziari, Auzitegi Barruko Zerbitzuaren sorrerarekin. Zerbitzu horrek deribazio judizial bidez soilik esku hartzen du, eta fiskaltzaren adostasunarekin. Hasiera-hasieratik elkarlanean jardun du Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiarekin, urteko memoriak prestatzeko lanean zein ereduen eta protokoloen diseinuan. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak berak emandako datuen arabera, Euskadin egiten da Espainia osoan egiten diren bitartekaritzen % 60. Euskadi erreferentziazko eredua da Justizia Konpontzailean; izatez, Euskadik diseinatu du prozesu penalean txertatzen den Europako justizia konpontzaile integraleko auzitegi barruko lehen zerbitzua.

Justizia Konpontzailearen lehen birtualitatea da biktima kokatzen duela sistemaren oinarrian, 2015eko apirilaren 27ko Biktimen Estatutu Juridikoaren Legeak eskatzen duen bezalaxe. Izan ere, Lege horrek arautzen du biktimak eskura izatea Justizia Konpontzaileko Zerbitzuak —jasan duen kaltea konpon dakion— eta, horrez gain, Lege horrek lehen aldiz arautzen du, modu integralean, biktimak prozesu penalean duen parte-hartzea; biktimak egiteko aktiboa eta protagonismo handiagoa izango du prozesuan, kaltea legezko baldintzetan ez ezik, baldintza moral eta emozionaletan ere konpon dakion.

Arlo penalean, organo judizialen eta hiritarren esku jartzen du bide judiziala osatuko duen metodo osagarri bat, epaitegietara eta auzitegietara iristen diren gatazkak kudeatu ahal izango dituena. Delitu bat egin duen pertsona eta haren biktima beren borondatez jar daitezke haien gatazka konpontzeko saio baten mende, zenbait teknika konpontzaileren bidez (bitartekaritza, zirkuluak edo hitzaldiak). Pertsona arau-hausleari egindakoaz eta eragindako kalteaz edo galeraz modu eraikitzailean erantzuteko aukera eskainiko zaio, eta biktimari protagonismoa emango zaio gatazkaren transformazioan eta ebazpenean.

Familiaren esparruan, familia- eta gizarte-harremanen konpontzailetzat jotzen da, baita familiaren etorkizuneko erabakien erantzuletzat ere, elkarbizitza hautsi den egoera baten ondoren edo familiako kideen inguruabar pertsonalak eta/edo ekonomikoak aldatu diren egoera baten ondoren, tartean adingabeko seme-alabak daudenean edo zaurgarritasun-egoera berezi batean daudenean. Zehazki, oinarritzen da gurasoen baterako erantzukizunean, adingabeekin eman beharreko denboraren banaketan, familia-etxebizitzaren erabileraren esleipenean, adingabeen gastuen kuantifikazioan eta banaketan eta bikotekideen arteko konpentsazio ekonomikoan.