Hezkuntza Sailak 2.845,4 milioi euroko aurrekontua kudeatuko du 2019an, aurten baino %4,5 gehiago

2018.eko azaroak 07

  • Lehen aldiz, Hezkuntza Sailak 100 milioi euro baino gehiago bideratuko ditu beka eta laguntzatara
  • Hezkuntza berriztatzera eta irakasleen etengabeko prestakuntzara bideratutako partideak 49,2 milioi izango ditu (+%4);
  • Euskadiko Lanbide Heziketaren aurrekontua %11,53 handitu da
  • Ikerketara bideratutako diru-kopurua %7,4 hazi da, lehen aldiz 50 milioi euroko kopurua gaindituz

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, gaur arratsaldez aurkeztu ditu Eusko Legebiltzarreko Ogasun eta Aurrekontu Batzordean Hezkuntza Sailak 2019rako atondu dituen kontuak, lan-taldeko sailburuordeak lagun zituela.

Aurrekontuen Lege Proiektuak 2.845,4 milioi euroko diru-kopurua jasotzen du Hezkuntza Sailarentzat. Honek, aurtengoarekin alderatuta %4,5-eko igoera esan nahi du. Hazkunde honen ondotik, Hezkuntza Sailaren pisua Eusko Jaurlaritzaren sail guztiekiko (zorra amortizatzera, Euskal Y-ra eta Hegoaldeko Tren-saihesbidera bideratutako kopurua albo utzita) handitu egin da, %26,7tik %26,9ra igarota.

Aurreko urteetan legez, hezkuntzak Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuen zutabe nagusietako bat izaten jarraitzen du, Euskadiko kapital soziala nahiz giza-kapitala osatzeko tresna estrategikoa baita. Hezkuntzari bultzada emateko egiten den ahalegin ekonomikoak, Jaurlaritzak bultzatzen dituen gainerako gizarte politikekin batera, aurrekontu osoaren %77,9 esan nahi du dagoeneko.

Hezkuntza Sailak aurkeztu duen gastu osoan, nabarmentzekoa da Lehen Kapitulua, pertsonal gastuei dagokiena, %6,1 hazi dela. Sailaren aurrekontu osoaren %47,8 hartzen du kapitulu honek, orotara 1.359,8 milioi euro. Atal honetan, soldatak %2,25 handitzeko aukera jasotzen da, eta baita Itzarrirako ekarpenak finkatzea ere. Hezkuntza Sailaren kasuan 28,2 milioi euroko kopurua esan nahi dute bi hobekuntza horiek. Kopuru horri beste 40 milioi gehitzen zaizkio, sindikatuen ordezkariekin lortutako akordioak bultzatzea ahalbidetuko dutenak (irakasle funtzionarioen, hezkuntza bereziko lan-kontratupeko langileen eta sukalde eta garbiketako langileen kidegoetan). Neurri horien artean, funtzionarioen egiturazko plantila 308 plazatan handitzea, hezkuntzako lan-kontratupekoena 40an ugaritzea edo Hezkuntza Premien Indizea aplikatzea jasotzen dira.

0-2 urteko haurren etapatik hasita, eta hezkuntzarako sarbidean berdintasuna bermatzeko, erronka demografiakoari heltzeko eta familia-kontziliazioko neurriak indartzeko konpromisoei jarraiki, nabarmentzekoa da Haurreskolak Partzuergoa finantzatzeko aurrekontuak duen igoera: 4.500.000 euro. Horrela, partzuergo honentzako diru kopuru osoa 47.535.215 eurokoa da, aurten baino %10,46 gehiago. Aurrekontuaren igoeraren zati bat Haurreskolak Partzuergoaren zerbitzuren doakotasuna finantzatzera bideratuko da, hau da, 18.000 eurotik beherako errenta duten familientzat, eta aldi berean matrikulatuta dauden bigarren neba-arreba eta ondorengoentzat. 

Beste behin ere, hezkuntza-kohesioaren eta ekitatearen aldeko ahalegina egiten da aurrekontu hauetan. Bekei dagokienez, Hezkuntza Sailak 100 milioi eurotik gorako hasierako diru-saila jaso du (unibertsitatez kanpoko bekak, unibertsitatekoak eta bestelako laguntzak barne). Horien artean, 57 milioi unibertsitatez kanpoko beketarako izango dira, nahiz eta kopuru hau handitu egin daitekeen, baldintzak betetzen dituzten familia guztiek dagokien beka jaso dezaten beharrezko gertatuko balitz.

Aipaturiko kohesio horren aldeko lana, Bidaiderik gabeko Adingabe Atzerritarrak (Mena izenez ezagutzen ditugunak) integratuz ere egiten da. Gazte hauek eskolatzeari loturiko lanak 448.000 euroko diru-partida du, aurreko urtearekiko 200.000 euroko igoera egin ondoren. 

Zailtasunik gehien duten ikasleentzako laguntza eskaintzen duen Bidelaguna programa 1,6 milioi euroko kopururaino hazi da. Gainera, eskolatze osagarriko programetara bideratutako diru-kopurua ere 145.000 euroan handitu da, eta 1,2 milioira iritsi orotara.

Hezkuntza berriztatzeari eta irakasleen etengabeko prestakuntzari bultzada ematen dien partidak 49,2 milioiko zuzkidura du (+%4); Hezkuntza sistema euskalduntzeko programak berriz, 43 milioi euroko kopurua hartzen du (+377.000 euro).

Bokazio zientifikoak ugaritzeko helburuz ikasleen konpetentzia zientifiko, teknologiko eta matematikoa garatzeari dagokionez –nesken artean bereziki- STEAM Euskadi Estrategiaren bidez konpetentzia horiek uztartzen dituen proposamen berria barneratzen da, 900.000 euroko aurrekontuarekin.

Aipatzekoa da, musika irakaskuntzako zentroei dagokienez, hauentzako diru-partida 11,4 milioi euroan kokatzen dela, %4ko hazkundearekin. Hauen artean, nabarmentzekoa da Udal Titularitateko Musika Eskolentzako izango den 400.000 euroko igoera (+6,19%).

Azpiegitura Planean, 2019rako partida 41.500.000 eurokoa izango da. Urte honetarako aurreikusita dago, besteak beste, honako eraikin berri hauek amaitzea: Iruarteta HLHI (Bilbon), Errekabarri HLHI (Gasteizen), Antonio Trueba BHI (Barakaldon), edo Arroako Eskola Txikia (Zestoan)

Era berean, Udalaguntza programara bideratutako 6.000.000 euroei ere bere horretan eusten zaie. Programa honen bidez, Udalekin lankidetzan, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan (udal titulartasunekoak baitira) hobekuntza lanak burutzen dira.

 

Lanbide Heziketa

Lanbide Heziketan, 2019ko aurrekontuek hezkuntza mota honen aldeko apustu garbia erakusten dute. Berriki onartu den Lanbide Heziketako Euskal Legeak eta aurki onartuko den Lanbide Heziketako V. Euskal Planak, Lanbide Heziketako eredu berri bat abian jartzea esan nahi dute. Ikasleen prestakuntza sendotzen duen eredua.

Lanbide Heziketarako aurrekontua, orotara, %11,53 haziko da. Igoera honek hainbat ekimenetan du isla, baina ekipamenduei bideratutako partida indartzen du bereziki, %63,62ko hazkundearekin (partida hau 3 milioi eurotik gora hazi da, 7.715.785 euroko kopurura iritsita).

Ikastetxeen gastuak ordaintzera bideratutako diruak ere hazkunde esanguratsua du, %12,11 hazten baita partida hau: milioi bat euroan hazi da, eta 9.256.230 euroko kopurura iristen da.

Aurrekontu proiektu honetan, azpimarratu beharrekoa da, Enpresa Txiki eta Ertainetan (ETE) eta Mikroenpresetan berrrikuntza bultzatzeko xedez partida berri bat sortu izana ere. “Berrikuntza Lanbide Heziketako Ikastetxeetan eta ETEetan epigrafearekin, 1,4 milioi euroko zuzkidura du.

Irakasleei dagokienez, hauen formaziorako bideratzen den diru-kopurua %9,17 hazi dela nabarmendu behar da, baina baita Lanbide Heziketak dituen erronka berriei aurre egiteko irakasle berriak kontratatzen Hezkuntza Sailak egiten duen ahalegin gehigarria jasotzen duten ataletan ere. Horrela bada, Lanbide Heziketa Duala indartzeko zereginerako irakasleak kontratatzeko partida 660.000 euroan hazi da, eta 2,6 milioi euro gehiago bideratu dira enpleagagarritasun handiena duten bost lanbide arloetan –Confebaskek hala identifikaturik- irakasleria handitzeko.

Euskarari dagokionez berriz, eta 2020an Lanbide Heziketako ikasleen %50ek ikasketak euskaraz egin ahal izateko helburuz, 1,2 milioi euroan hazi da partida

Era berean, teknologian gertatzen ari den bilakaera bizkorrak Tknikarako ekipamendu berritan inbertitu beharra dakarkio Hezkuntza Sailari. Horregatik, Tknika – Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntza Zentroaren (Hezkuntza Sailaren baitakoa) ekipamendutarako partida %73,26 hazi da (946.000 euro).

 

Unibertsitatea eta Ikerketa

Unibertsitatea eta Ikerketa atalean, Hezkuntza Sailak 427 milioi euroko aurrekontuarekin hornitu ditu Euskal Unibertsitate Sistema eta bikaintasunezko ikerketan diharduten gainerako eragileak. %3,64-ko igoera esan nahi du datu horrek.

Atal honi dagozkion partiden artean, nabarmendu beharrekoa da Ikerketaren arloak duen %7,4ko hazkundea. Ikerketaren arloan lehen aldiz 50 milioi eurotik gora kudeatuko dira. Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzaren 2019rako aurrekontua erabat dago orientatua unibertsitateko eta bikaintasun zentroetako oinarrizko ikerketa eta zientzia politika sustatzera.

Unibertsitate politika eta koordinazioari dagokionez, UPV/EHUren funtzionamendu eta hornikuntza gastuetarako 314 milioi euro aurreikusi dira, iaz baino %3,4 gehiago. Datu horrek aurreko urtean baino 10.000.000 euro gehiago esan nahi du.

Ekitate politiketako gastua handitu egin da. Azpimarratzekoak dira honako igoera hauek: 480.000 euro gehiago unibertsitate-beka orokorretarako (+ %1,85); familia ugarien tasak ordaintzeko zuzkidura, 91.000 eurokoa (+ %4,57); horiez gain, politika publikoen dokumentuan jasotzen den eran, unibertsitate-ikasketetarako prezio publikoak izozturik gelditzen dira, aurreko urteetan gertatu den legez.

Ikerbasque Fundazioari dagokionez berriz, eta bere Plan Estrategikoan harturiko helburuekin bat eginez, Hezkuntza Sailaren aurrekontuak igoera handia du fundazioarentzako: %13ko igoera, 1,7 milioi gehiago, 14,2 milioiko kopurura iritsi arte.

Nabarmendu beharrekoa da Euskampus Bikaintasun Campusaren partidak duen gehikuntza ere. Iazko 400.000 euroetatik  aurrekontu berriak jasotzen dituen 900.000 euroetara igaro baita. Igoera honekin Unibertsitatea-Enpresa Estrategiari loturiko ekintzak bultzatuko dira, bereziki 4Gune Klusterrarekin lotuak.

Aurrekontu honek partida berri bat sortuz zein lehengoak handituz egiten duen ahalegina ere aintzat hartzekoa da. Partida sortu berriak honako helburu hau du: bikaintasunezko ikerketa programak martxan jartzea lehentasunezko eremuetan eta RIS3 esparruetan; eta ikerketarako azpiegitura eta ekipamendu komunen finantziazioa handitzea. 4,2 milioi euro aurreikusten dira horietarako.

Aurreko 2017 eta 2018 urteetan DIPCn (Donostia International Physics Center) kokatutako Super-konputazio Zentroa eguneratzeko 2 milioi euroko inbertsioa egin ondoren, 200.000 euroko partida aurreikusi da aurrekontu honetan, azpiegitura hori erabilera eta eguneratze baldintzarik egokienetan mantendu ahal izateko.