Hezkuntza Saila Euskadiko ikastetxe publikoetako zuzendaritza taldeekin elkartu da

2018.eko abenduak 13

Maite Alonso Hezkuntza sailburuordea, Lucia Torrealday Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariarekin eta Eugenio Jimenez Ikastetxeen eta Plangintzako zuzendariarekin batera, Euskadiko ikastetxe publiko guztietako zuzendaritza taldeekin elkartu da gaur goizez. Hezkuntza Sailak ikasturte bakoitzean birritan antolatzen dituen lan saioak izan ohi dira hauek, Hezkuntza Sailburuordetza garatzen ari den lan-ildoak zuzendariei azaltzeko abagunea izateko asmoz, baina baita ikuspuntu trukerako edo ikastetxeen ekarpenak jasotzeko ere. Bileran parte hartzaile izan dira, era berean, ISEI-IVEIko zuzendari Xabier Aizpurua eta Hezkuntzako Ikuskari Nagusi Jose Angel Ayucar ere.

Gasteizko Mendizabala Institutuan burutu den bileran, sailburuordeak eta bere lan taldeak ikasturte honetan –Hezkuntza Sailaren lehentasunekin loturik- garatzen ari diren zenbait berrikuntza azaldu dituzte, eta baita barne ebaluazioen bidez aurreko 2017-2018 ikasturtean izandako eskola emaitzen berri eman ere. Bi arlo horiek, berrikuntzena nahiz barne ebaluazioen emaitzei dagokiena, ikastetxeentzat aukera gisa aurkezten dira, nork bere autonomiaren baitan eta izan dituen emaitzekin egin duen analisiaren aurrean, lehentasunezko zein ildo garatuko duen erabakitzeko: ikasleekiko esku-hartzean, ikastetxearen antolakuntza edo kudeaketari dagokionez, edo baita irakasleen prestakuntzan ere.   

Berritasunen artean, Alonso sailburuordeak aurreratu du Gaitasun Handiko Ikasleei arreta emateko Plana diseinatzen ari den taldea lanean ari dela dagoeneko (besteak beste, arlo horretan diharduten elkarteak tartean direla).  

Bestalde, bileran bertan izan diren zuzendaritza taldeekin hertsiki loturik, aipatzekoa da zuzendaritza taldeen %62k ikasturte honetan ekin diotela ibilbideari, ikastetxeetako profesionalek eurek horretarako ekimenak aurkeztu ondoren. Horretarako baina, lau urterako zuzendaritza proiektuak aurkeztu zituzten. Beraz, ikasturte honetan zehar formazioa eskainiko diete Berritzeguneek –zuzendaritzekin antolatu ohi dituzten mintegien baitan- berariazko modulu batzuen bidez.  

Aurten gainera, euskararako aditu taldea ere eratu da, unibertsitateko kidez osatua. Talde hau lanean ari da dagoeneko euskararen metodologia nahiz didaktikari loturiko gaietan, gure hizkuntzan komunikazio gaitasunean emaitzak hobetzea eragin dezaketen aldaketak egiten hasteko helburuz.

Horrez gain, eskola jazarpenari aurre egiteko Bizikasi ekimenak ere aurrera jarraitzen du, garatuz eta eskoletan ezarriz. Aurten irakasleek tutoretza saioetan erabiltzeko materiala izango dute, eta hau ezagutu eta egoki erabiltzeko formazioa ere jasoko dute. Ikasturte honetan abian jartzen ari diren beste zenbait berritasunen artean, sailburuordeak hizpide izan ditu ikastetxeetako irakurketa planak edo STEAM estrategiari bultzada ematea ere.

Bilerak bi saiotan burutu dira gaur goizez. Lehenik, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako zuzendariekin elkartu dira Hezkuntza Saileko arduradunak, eta Bigarren Hezkuntzakoekin ondoren.