Hauspoa proiektuari bultzada: ekimenera batu nahi duten ikastetxeei zuzenduriko jardunaldia antolatu du Hezkuntza Sailak

Maite Alonso Hezkuntza sailburuordea, Hauspoa proiektuaren inguruan antolaturiko jardunaldian, azalpenak ematen

2018.eko maiatzak 08

  • Euskadiko 28 institutu publiko ari dira egun Hauspoa proiektuan parte hartzen; autonomia dute hezkuntza-jarduerak eta eskola-denborak berrantolatzeko
  • Hezkuntza Sailak deialdi berria ireki du, datorren ikasturtetik aurrera beste 25 ikastetxe ere, gehienez, ekimenera batu daitezen
  • Gaur goizez burutu den lan-jardunaldian, 4 institutuk Hauspoan izan duten esperientzia partekatu dute proiektuan parte hartzeko interesa duten beste ikastetxe publiko batzuekin

Maite Alonso Hezkuntza sailburuordeak gaur goizez Bilbon parte hartu du, 2018-2019 ikasturtetik aurrera Hauspoa proiektuan parte hartu nahi duten Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako arduradunei zuzenduriko lan-jardunaldi batean. Sailburuordearekin batera jardunaldian izan dira Eugenio Jimenez Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendaria, eta Lucia Torrealday Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria ere.

Lan-saioak Bilboko Miguel Unamuno Institutuan elkartu ditu, batetik, azken urteetan Hauspoa ekimenean parte hartzen ari diren 28 institutuetako zenbait arduradun, eta bestetik ekimen horretara batu nahi duten ikastetxeetako zuzendaritza taldeak. Izan ere, Hezkuntza Sailak irekia baitu epea interesa duten ikastetxeek Hauspoa proiekturako eskaerak eta proiektuak aurkez ditzaten.

Eibarko Migel Isasi, Gasteizko Koldo Mitxelena eta Bilboko Miguel Unamuno institutuek, Elorrioko Institutuarekin batera, Hauspoa ekimenean bizi izan duten esperientzia kontatu diete, eta proiektuarekin bat egin zutenetik jaso dituzten emaitza onak ere azaldu dizkiete; bereziki ikasleen parte-hartze mailari buruzko emaitzak, edo ikastetxeko elkarbizitzarekin loturikoak. Hezkuntza Saileko arduradunek, aldiz, abian den deialdi berriaren ezaugarri nagusiak aurkeztu dizkiete, eta Hauspoan parte hartzeko asmoa duten ikastetxeek aurkeztu beharreko proiektuaren ezaugarriak zehaztu.

Hauspoa: 5 urteko ibilbidea

Hauspoa proiektua, ikastetxe publikoen barne-antolamendua berriztatzeko proiektua, 2013-2014 ikasturtean jarri zen abian proiektu pilotu gisa Euskadiko 13 institututan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako etaparako. Handik bi urtera, 2015-2016 ikasturtean, beste 15 ikastetxe batu zitzaizkion proiektuari, Hezkuntza Sailak irekitako deialdiaren bidez. 

Ordutik hona, 28 ikastetxe hauek –guztiak ere DBHko institutu publikoak- malgutasuna dute ikastetxeko hezkuntza-jarduerak eta eskola-denborak berrantolatzeko, era horretan autonomia handiagoz praktikan jarri ahal izan ditzaten euren egitasmo berritzaileak. Era berean, aukera dute hezkuntza ez formalak duen potentzialtasun metodologikoan ere gehiago sakontzeko, curriculumez kanpoko jarduera eta tailerra antolatzen baitituzte, horrela ikasleen artean motibazio handiagoa piztuz. Hasieratik, Hauspoa proiektuaren helburu dira: ikastetxeetan irakaskuntzaren kalitatea hobetzea eta ikasle guztien eskola-arrakasta sustatzea.

Hauspoa, ikastetxeen barne-antolamendua berriztatzeko proiektua

Hauspoa proiektuan parte hartzen ari diren 28 ikastetxeek –gainerako edozein institutuk bezala- hezkuntza arautuan DBHrako zehaztuta dauden 1.050 eskola-ordu ematen dituzte ikasturte bakoitzeko. Baina horiei, eta Hauspoan parte hartzeko bakoitzak prestatu duen proiektuari jarraiki, ikastetxeak ohiko ikasgaietatik kanpo antolaturiko beste jarduera eta tailer osagarri batzuk ere gehitzen zaizkie.

Eginiko ibilbideak erakutsi du, Hauspoa proiektua abian jarri den ikastetxeetan eskola-ordu arautuak goiz partean bildu dituztela, eta gainerako jarduera osagarriek arratsaldeetan aurkitu dutela lekua. Guztia, aurrez ikastetxeak aurkeztu eta Hezkuntza Sailak onarturiko hezkuntza-proiektu baten baitan. Ikastetxeak antolatzen dituen jarduera horietan eskaintza zabala izan daiteke benetan. Zenbait adibide aipatzen hasita, honako tailer hauek aurki genitzake: ingelera praktikoa, web orrialdeen diseinua, robotika, antzerkia, irratia eta telebista, pintura, argazkilaritza, mekanografia, sukaldaritza, teknologia, dantzak, arotzeria edo komikigintza, betiere ikastetxeak atondu duen proiektuaren arabera. Gainera, DBHn ematen diren eduki curricularretan sakontzeko berariazko saioek ere badute lekua jarduera horien artean.

Jarduera, tailer edo mintegi hauek, araututako eskola-orduetan ikasitako edukiak osatu eta aberasteko baliogarri gertatzen dira; ikasgai horietako edukietan sakon daiteke saio hauen bidez; edo konpetentzia bidezko ikasketaren alde egiten duten tailerrak izan daitezke. Tailer horietako batzuetan, gainera, maila eta adin desberdinetako ikasleek egin dezakete lan elkarrekin, batzuek besteengandik ikasteko bideak irekiz horrela.

Hauspoa proiektuaren barnean eskaintzen diren jarduera horiek, era berean, hezkuntza komunitate guztiaren inplikazioa ere lortu nahi dute: zuzendaritza taldearena, langileena (izan irakasle zein ez-irakasle), eta baita gurasoena ere.

Deialdi berria

Egun Hauspoan dauden 28 ikastetxeetan eginiko ebaluazioen emaitza onen ondoren, Hezkuntza Sailak deialdia zabaldu du berriro, DBH eskaintzen duten beste 25 institutu ere –gehienez- proiektu berritzaile honetara batu ahal izan daitezen 2018-2019 ikasturtetik aurrera. Horretarako eskaerak eta proiektuak maiatzaren 21a baino lehen aurkeztu beharko dituzte. Interesa duten ikastetxeek aurkezturiko proiektua Irakasleen Klaustroak, Ordezkaritza Organo Gorenak eta ikastetxean ordezkaritza handiena duen guraso elkarteak onartua izan beharko du.

Deialdi berriak, dagoeneko Hauspoan parte hartzen ari diren 28 ikastetxe horietako batzuek –euren esperientzia baliatuz- proiektura sartuko diren eta ibilbide berriari ekingo dioten ikastetxeen tutoretza egiteko aukera ere jasotzen du.