Gipuzkoak lurralderik garestiena dirau bere kabuz etxebizitza jabetzan nahi duten gazteentzako

Argitalpen-data: 

GEBren logoaGazteen Euskal Behatokiak argitaratu berri du ‘Etxebizitza-emantzipazioaren kostua Euskadin 2016’ izeneko txostena. Txosten honetan bere kabuz emantzipatu nahi duen 18 eta 34 urte bitarteko gazte soldatadun bati etxebizitza, jabetzan zein alokairuan, eskuratzeak dakarkion kostu teorikoa kalkulatzen da.

Eskuratze-kostu hori kalkulatzeko kontuan hartzen dira adin tarte horretako gazteen batez besteko soldatak, batetik, eta bestetik, Euskadiko lurralde bakoitzeko etxebizitzen batez besteko salneurriak, kontratatutako hipoteka-maileguen batez besteko interes-tasak bai eta mailegu horien batez besteko iraunaldia ere, erostea aukeratuz gero, edo batez besteko alokairu-errentak, alokatzea erabakitzen bada. Dena dela, estimazio teorikoa da, batez besteko balioak hartzen direlako kontuan eta ez kasu bakoitzeko berezitasunak (soldata, etxebizitzaren prezioa, hipoteka-maileguaren baldintzak, horrelakorik egonez gero, eta abar).

Euskadin merkatu librean etxebizitza erosteko 18 eta 34 urte bitarteko gazte soldatadun batek bere hileko soldata garbiaren % 54,9 bideratu beharko zuen 2016an. Zertxobait behera egin du datu horrek, 2015ean % 55,1 baitzen.

Lurralde historikoen arabera, zera ikusten dugu: Gipuzkoako 35 urtetik beherako gazte soldatadun batek bere hileko soldata garbiaren % 60,4 bideratu beharko zuen merkatu librean etxebizitza erosteko hipotekaren lehen hilerokoa ordaintzera.

Gipuzkoako kostuak 2014 eta 2015 artean ehuneko 8 puntuko beherakada izan zuen baina 2016an berriro ere gorakada izan du, hileko soldataren % 60,4ra heldu arte. Horrela, Bizkaiko gazteek jasan behar duten kostutik oso gora dago (hileko soldataren % 53,4); baita Arabako gazteek etxebizitza librea eskuratzearen kostutik ere (ia hogei puntu gehiago, hileko soldataren % 41,9).

Bestetik, Euskadiko alokairuko etxebizitzaren eskuratze-kostuari jotzen badiogu, honako hau ikusten dugu: 18 eta 34 urte bitarteko gazte soldatadun batek bere hileko soldata garbiaren % 66,9 erabili beharko luke. 2014tik alokairuaren eskuratze-kostua jabetzarenaren aurretik agertzen da.

Alokairuko etxebizitzaren eskuratze-kostuari dagokionez, Bizkaiko gazteak dira kostu handiagoei aurre egin behar dietenak (beren soldata garbiaren % 67,1); jarraian Gipuzkoako gazteak datoz (% 64,6) eta azkenik Arabako gazteak (hileko soldataren % 58,7), beti ere merkatu libreko etxebizitza bat bakarka alokatzeko egoera hipotetikoan.

Gipuzkoak lurralderik garestiena dirau bere kabuz etxebizitza jabetzan nahi duten gazteentzako

Zergatik daude lurraldeen arteko alde horiek? Etxebizitzen salneurrietan eta alokairu-errentatan, lurraldeen arteko ezberdintasun nabariak daudelako. Soldatatan, aldiz, ez dira ezberdintasun handiak nabarmentzen.

Esteka hauetan txosten osoa eta laburpena kontsulta daitezke.

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!

Facebook logoa   Twitter logoa