Eustaten Biztanleria Jardueraren araberako Inkesta: Artolazabal pozik, "langabezia pixkanaka murrizten doalako eta emakumezkoen okupazioa handitzen"

20_07_18_PRA.jpg

2018.eko uztailak 20

  • Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak azpimarratu du gizarteak, erakundeek eta enpresek enpleguetan kalitate gehiago izateko aukera eman behar dutela
  • “Etengabeko prestakuntza oinarrizkoa da lan-merkatu berrietan”

VG 20 07 2018

Eustatek eginiko 2018ko bigarren hiruhilekoko biztanleria jardueraren araberako inkestak dakar langabezia-tasak % 10era egin duela behera, eta biztanleria okupatuak gora egin duela, % 2,6, Euskadin, 2018ko bigarren hiruhilekoan. Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren iritziz, “azken urtean ehuneko puntu bat jaitsi izana, % 11,1etik % 10,1era, albiste ona da; izan ere, enplegu-merkatua berreskuratzeko bide zuzenetik goaz eta, horretarako, lanean jarraitu behar dugu, kalitate-kota batzuk lortzeko eta gehien behar dutenak lan-merkatuan sartzeko". Halaber baikortasuna erakutsi du “emakumeek lanpostu gehiago betetzen” dituztelako.

 

Euskal Autonomia Erkidegoko lan-merkatuaren gaineko 2018ko bigarren hiruhilekoko datuen arabera, 940.300 dira okupatuak, alegia, 23.400 pertsona okupatu gehiago daude, aurreko hiruhilekoaren aldean (+% 2,6), Eustaten datuen arabera. Bestalde, EAEko langabezia-tasa % 10,1ekoa da, 2018ko lehen hiruhilekoan baino ehuneko 1,2 puntu baxuagoa.

 

Artolazabalek nabarmendu du, Eustatek eginiko inkestaren arabera (Lanbidek izen-emateen datuen arabera kalkulatzen du), “pertsona aktibo guztiak okupatuta dituzten etxebizitzek gora egin” dutela, eta “behera, kide aktibo guztiak langabezian dituztenek”. Etxeen erdian baino gehiago, pertsona aktibo guztiak okupatuta daude, aurreko hiruhilekoan baino 9.500 familia gehiago”.

 

Biztanleria okupatuaren eta langabearen bilakaeraren emaitza gisa, jarduera-tasa % 57koa da 2018ko bigarren hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoan baino ehuneko zortzi hamarren gehiago.

 

Lurraldeen arabera, Bizkaian egin du gehien okupazioak gora, 14.100 okupatu gehiago baititu; gero Araban, 5.800 gehiago baititu, eta, ondoren, Gipuzkoan, 3.600 gehiago baititu. Hiriburuak direla eta, Vitoria-Gasteizen handitu da gehien okupazioa, 4.500 okupatu gehiago ditu; gero Bilbon, 3.400 gehiago ditu, eta Donostia-San Sebastianen, ordea, ez da aldaketarik egon.

 

Generoa dela eta, okupazioaren gorakada handiagoa da emakumeetan; 15.200 okupatu gehiago aurreko hiruhilekoan baino; gizonetan, 8.200 okupatu gehiago dira. Zerbitzuek erakarri dute okupazioa, 19.300 enplegu garbi sortu baitira. EAEko biztanleria okupatuak gora egin du zerbitzuen sektorean, 19.300 okupatu gehiago dira; industrian, 3.400 gehiago, eta, lehen sektorean, 800 gehiago. Eraikuntzan, ordea, okupatuen kopuruak behera egin du, 200 pertsona gutxiago dira.

 

Okupazioa

Okupazio-tasak, 16 eta 64 urte bitarteko pertsona okupatuen ehunekotan kalkulatuta adin horien guztizkoaren gainean, 1,9 egin du gora, aurreko hiruhilekoaren aldean, eta % 68,3an kokatzen da. Tasa hori % 72ra iritsi da gizonetan, eta % 64,7koa da emakumeetan.

 

Lurralde historikoen arabera, okupazio-tasa altuenak Arabakoa eta Gipuzkoakoa dira, % 69,8koa, eta aurreko hiruhilekoaren aldean ehuneko 3,4 eta 1,2 puntu gehiago, hurrenez hurren. Gero, Bizkaikoa, % 67koa, zeinak 1,9 puntu egin baitu gora.

 

Eustaten datuen arabera, gora egin dute pertsona aktibo guztiak okupatuta dituzten etxeek, eta behera kide aktibo guztiak langabezian dituztenek. 2018ko bigarren hiruhilekoan, kalkulatzen da Euskadin 885.000 etxe ingurutan heren batek ez duela pertsona aktiborik. Etxeen erdian baino pixka bat gehiago, pertsona aktibo guztiak okupatuta daude, aurreko hiruhilekoan baino 9.500 familia gehiago. Gainera, 35.500 etxek dituzte pertsona aktibo guztiak langabezian, aurreko hiruhilekoan baino 4.400 etxe gutxiagok.

 

Langabezia-tasa % 10,1era jaitsi da, aurreko hiruhilekoan baino ehuneko 1,2 puntu gutxiago. Euskadiko langabe-kopurua, alegia, enplegua bilatzen ari den, bilaketarako kudeaketa aktiboak egiten dituen eta, gainera, lan egiteko disponibilitatea duen pertsona-kopurua, urteko bigarren hiruhilekoan, 106.200 dela kalkulatzen da, aurreko hiruhilekoan baino 10.400 pertsona gutxiago. Emakume langabeen kolektiboa 54.500 pertsona dira; 7.300 pertsonatan egin du behera, eta, gizon langabeen kopuruak 3.000 egin du behera, guztira 51.700era arte hiruhilekoan.

 

Aurreko inkesta

Eustaten jardueraren araberako biztanleriaren aurreko inkestak, apirilaren 20koak, zera zekarren: “langabezia-tasa –apirilean– % 11,3koa zen, eta biztanleria okupatuak % 0,2 egin zuen behera 2018ko lehen hiruhilekoan autonomia-erkidegoan; behera egin zuten pertsona aktibo guztiak langabezian dituzten etxe guztiek”.  Euskal Autonomia Erkidegoko lan-merkatuaren gaineko 2018ko lehen hiruhilekoko datuen arabera, 916.900 dira okupatuak, alegia, 1.400 pertsona okupatu gutxiago, aurreko hiruhilekoaren aldean (-% 0,2), Eustaten datuen arabera.