Eusko Jaurlaritzak Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentro Fundazioaren patronatuaren bileran parte hartu du

2018.eko abenduak 07

Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak, María Jesús San José Lan eta Justiziako sailburuak eta Jonan Fernández Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiak Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentro Fundazioaren patronatuak gaur Madrilen egin duen bileran parte hartu dute. Bileran, halaber, Gorka Urtaran Vitoria-Gasteizko alkatea egon da.

Fundazio horren patronatua ez da batu duela hiru urte baino gehiago. Lehen eta azken bilera 2015eko azaroaren 27an egin zen. Espainiako Estatuan pasa den ekainean gobernua aldatu ondoren, egoera hori zuzendu da. Uztailaren 20an Betearazpen Batzordea batu zen eta, ondorioz, gaur, abenduaren 7an, berriz ere batu da patronatua.

Topaketan gai-zerrenda luzea izan da, eta, metatu diren atzerapenak aintzat hartuta, onesteko jarri dira 2015., 2016., 2017., 2018. eta 2019. urteetako kontuak eta jarduketa-planak.

Gaurko bileran, TBOZFren patronatuak Terrorismoaren Biktimen Aholku Batzordearen eraketa eta funtzionamendu-erregimena ere onetsi ditu; batzordeak patronatuari eta Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentro Fundazioaren Betearazpen Batzordeari proposamenak eta aholkuak emateko eginkizunak ditu.

Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentro Fundazioaren helburuak honako hauek dira: terrorismoaren biktimen balio demokratiko eta etikoak babestu eta zabaltzea, biktimen memoria kolektiboa eraikitzea eta biztanleak, oro har, askatasuna eta giza eskubideak defendatzeko eta terrorismoaren aurka egiteko kontzientziatzea.

Zentroa Senatuko eta Kongresuko parlamentu-taldeen arteko ahalik eta adostasun-maila handienaren bitartez sortu zen, Terrorismoaren Biktimak Aintzatetsi eta haiei Osoko Babesa emateko Legearen (irailaren 22ko 29/2011) onespenaren ondorioz. Zentroa hura sortzean izan zen adostasunari eutsiz zuzentzeko proiektatu zen. Eusko Jaurlaritzako ordezkariek, patronatuaren gaurko bileran, etapa berri honetan proiektuaren ideia sortzeko izan zen adostasuna berreskuratzeak, babesteak eta hari eusteak memoriarako duen garrantzi estrategikoa nabarmendu dute.

TBOZFren patronatua 21 patronok eratzen dute: hamar estatuko administrazio orokorreko ordezkari dira, bai eta presidentea ere, hiru Eusko Jaurlaritzako ordezkari, bat Nafarroako Gobernukoa eta beste bat gainerako autonomia-erkidegoetako gobernuetakoak eta Ceuta eta Melilla hiri autonomoetakoak. Vitoria-Gasteizko alkatea –bertan dago Oroimenerako Zentroaren egoitza– patronoa da, bai eta Gorte Nagusietako bi kide ere, Kongresuak eta Senatuak proposatuta. Patronatua terrorismoaren biktimen ordezkari diren bi kidek ere osatzen dute.