Eusko Jaurlaritzak "herenegun!" hezkuntza programa aurkeztu du Euskadiren memoria hurbilaren inguruan

2018.eko ekainak 21

  • 2018-2019 ikasturtean, DBHko 4. mailako eta Batxilergoko 2. mailako ikasleek, programa pilotu baten parte-hartzaileek, Euskadiren aldirik berriena berrikusiko dute, Historia irakasgaian
  • Ekimena Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiaren, Hezkuntza Sailaren eta Gogoraren (Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua) lankidetzaren ondorio da

Gaur goizean, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, Jonan Fernandez Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiak, Aintzane Ezenarro Gogorako zuzendariak eta Maite Alonso Hezkuntzako sailburuordeak datorren ikasturtean martxan jarriko den hezkuntza-ekimena aurkeztu dute.

Herenegun! unitate didaktikoa eman dute ezagutzera; horren bidez, Memoria Hurbila (1960-2018) izenez ezagutzen denari dagokion aldiari heldu nahi zaio. Ekimenaren helburu nagusia da ikasleek Euskadiren historia hurbilean bereziki asaldatua eta bortitza izan den aldia ulertu ahal izatea. Era berean, baliabideak eskaini nahi ditu ikasleek beren buruari galdetu eta erantzun ahal izateko nola eta zergatik gertatu ziren iraganeko gertakariak eta nolako eragina duten orainean. Memoria Historikoari eta Memoria Hurbilari buruzko hausnarketak dimentsio etikoa du, zalantzarik gabe; baina, hezkuntzaren ikuspuntutik, dimentsio historikoa ere badu, eta hori islatu egin behar da. Ez dira dimentsio isolatuak; beren artean lotura dute eta elkarren osagarri dira.

2018-19 ikasturtean, ekimenaren sustatzaileen artean koordinatuta, martxan jarriko da esperientzia pilotu bat 8 bat ikastetxe publiko zein itunpekotan. Pilotaje-fase horren ondoren, ebaluatzeari eta gainerako ikastetxeetara zabaltzeari ekingo zaio: helburua da, legegintzaldi hau amaitu aurretik, herenegun! programa DBHko 4. mailako eta Batxilergoko 2. mailako ikastetxe guztiei eskaini ahal izatea.

Datorren ikasturtetik aurrera ikasgeletara eramango den materiala -une hauetan prestatzen ari da material hori- hezkuntza-tresnak modu antolatuan sortzeko prozesuaren ondorio da. Lau erreferentzia ditu:

  • 2020 Heziberri Plana. Gizarte Zientzien curriculumaren plangintza bereziak aldi honetarako DBHko 4. mailako eta batxilergoko 2. mailako ohiko irakasgaietan aztertu beharreko ildoak ezartzen ditu.
  • 2013-16rako Bake eta Bizikidetza Planaren kanpo-ebaluazioa. Besteak beste, gure historia hurbilari buruzko hezkuntzarekin lotura duten gomendio bereziak eskaini zituen.
  • Gogoraren Jarduera Plana. DBHko eta Batxilergoko historiaren curriculumean Memoria Hurbila sartzeko lantaldea sortzeko aurreikuspena jaso du.
  • Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiaren Hezkuntzako Programa Osagarriak aurreikusten du memoria hurbila DBHko eta Batxilergoko historiako irakasgaietan sartzeko proposamena.

Unitate didaktikoaren edukiak

Unitate didaktikoa “Aztarna Galduak” seriean oinarritzen da. Ordubeteko bost dokumental, hamarkaden arabera antolatuta, 1960tik 2011ra. Seriea 2016an estreinatu zen, eta aurreko legegintzaldian EiTBren eta Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiaren arteko lankidetza-akordioaren emaitza izan zen. Ikus-entzunezko produktu horrek Juan Pablo Fusi, Mari Carmen Garmendia eta Mariano Ferrer-en aholkularitza editoriala izan zuen.

Dokumental baterako bost ordu hezkuntzan baliatzeko gehiegi denez, bost kapituluko bertsio murriztua prestatzen ari da, 22-23 minutu ingurukoak. Lan hori aipatutako hiru pertsonek berrikusi dute. Ikuspegi didaktikotik eta pedagogikotik, ikus-entzunezko hori “Herenegun! programaren tresna dinamizatzaile nagusia izango da.

Esperientzia pilotuak, gaur emandako aurkezpen-koaderno horrez gainera, beste lau koaderno ere eskainiko ditu:

  1. koadernoa. Irakasleentzako oinarriko testua. Berriro ere eskatu genuen Juan Pablo Fusi, Mari Carmen Garmendia eta Mariano Ferrerren lankidetza, 1960tik gure herrialdearen historiaren inguruko 10 orrialdeko laburpena idazteko. Emaitza dokumentu bat da, eta horren erantzukizuna Eusko Jaurlaritzari dagokio, baina bere oniritzia du. Honako izenburu hau du: “ETA euskal testuinguru soziopolitikoan: sintesi historikoa, 1960-2011".

Koaderno horrek irakasleei sarrera-esparrua eskainiko die, ikuspuntu historiografikotik.

  1. koadernoa. DBHko 4. mailako Historiako irakasgaiaren barruko lan-plana. Bigarren dokumentu horrek lan-proposamen erraza eta bideragarria eskainiko du; gai horri 55 minutuko sei saio eskaintzea aurreikusten du. Bost, dokumental bakoitzarekin lanera bideratuak, eta, seigarrena, ondorio eta ebaluazioaren lanera bideratua.
  2. koadernoa. Batxilergoko 2. mailako Historiako irakasgaiaren barruko lan-plana. Koaderno hau aurrekoaren antzekoa da. 55 minutuko sei saiotan egin daitekeen lan-proposamena jaso du, baina ñabardura desberdinekin, ikuspuntu pedagogikotik, adinera eta ikaskuntza-prozesura egokituta.
  3. koadernoa. Dokumentazio osagarria. Laugarren koaderno honek irakasleentzat erabilgarriak izan daitezkeen testuak jaso ditu.

2018-2019 ikasturtean, Hezkuntza Sailak eta Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiak komunikabideei bidaliko dizkiete prestatutako material didaktikoak eta pilotajearen ezaugarriak.