Eusko Jaurlaritzak 25.000 euro onartu ditu Labayru Fundazioarentzat, bere ikerketak sarera eraman ditzan eta gramatika liburu bat argitara dezan (Gobernu Bilera 2018-12-26)

logoconsejo.jpg

2018.eko abenduak 26

Diru-laguntza honen bitartez, ‘Labayru argitalpenak sarean’ eta ‘Gramatikatik estilora’ proiektuak landuko dira

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak 25.000 euroko diru-laguntza zuzena onartu du, bere gaurko saioan, Labayru Fundazioarentzat. Laguntza honen helburua da ‘Labayru argitalpenak sarean’ eta ‘Gramatikatik estilora’ proiektuak lantzea. Lehenengoak, Fundazioak paperean argitaratu izan dituen ikerketak Internetera eramatea du helburu; bigarrenak, berriz, gramatika-gai zehatzei buruzko artikuluak bilduko ditu liburu batean.

‘Labayru argitalpenak sarean’ proiektuaren bidez, Fundazioak azken 40 urtean argitaratu dituen 100 argitalpen sareratuko dira. Izan ere, azken lau hamarkadatan 400 argitalpenetik gora egin ditu Labayruk, baina paperezko euskarrian baino ez dira argitaratuta. Proiektu honen helburua da argitalpen gehienak sarera eramatea. Oraingoa lan zabalago baten lehen pauso modura aurreikusten da, eta lehenengo zati honetan, azpiegitura sortzeaz gainera, lehen 100 argitalpen horiek sareratuko dira.

‘Gramatikatik estilora’ proiektuaren bidez, Adolfo Arejita hizkuntzalariak gramatika-gai zehatzei buruzko artikuluak landuko ditu. Labayrutik adierazi dutenez, xedea ez da beste barik gramatikako lan bat egitea, euskara ondo eta egoki erabiltzea baizik. Horregatik, gaiak aukeratzeko orduan, erabilera errealetako adibideetan oinarrituko da, hedabideetan erabilitako edo nor edo nori entzundakoetan. Horrez gainera, ahozko hizkuntza izango du oinarri. Lanaren edukirako 25 artikulu aurreikusten dira, gai zehatzei buruzkoak. Liburuak honako ezaugarriak izango ditu: 180 orri inguru, neurria 17 x 24 zentimetro eta 500 aleko argitaraldia aurreikusten da.