Euskararen Eguna Lehendakaritzan

1_euskaraldi.jpg

2018.eko abenduak 10

Euskararen Nazioarteko Egunarekin batera amaitu zen joan zen astelehenean, abenduak 3, Euskaraldia, euskararen erabilera sustatzeko Euskal Herri osoan egin den ariketa soziala.

Erakundeek eta herri ekimenetako eragileek elkarrekin antolatu dute ekimena, eta, emandako datuen arabera, 220.000 herritarrek baino gehiagok hartu dute parte: % 74k ahobizi rola hartu dute, eta % 26k belarriprest izateko hautua egin dute.

Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritzako langileak eraikineko atrioan bildu dira Euskaraldiaren amaierako ekitaldian. Euskal Herri osoko herri eta hiri askotan ere, festa giroan eman diote amaiera kanpainari.

Aurreneko aldiz, euskararen erabilera jarri da erdigunean, begirada hizkuntza ohituretan jarrita. Kanpainak iraun duen hamaika egunetan sortu diren inertzia eta hizkuntza ohitura berriei eustea da orain erronka.

Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritzan, esaterako, datorren urterako “Bikain” – euskararen kalitate ziurtagiria lortzea da helburu. “Bikain” esparru sozioekonomikoan euskararen presentziaren erabileraren eta hizkuntza-kudeaketaren normalizazio-maila egiztatzen eta aitortzen dituen dokumentua da.