Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek eta Euskadiko Gurutze Gorriak 1.984 migratzaile artatu dituzte joan den ekainetik

2018.eko abuztuak 13

Vitoria-Gasteiz, 2018 08 13

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak iragaitzazko migratzaileentzako larrialdiko aldi baterako harrera-zerbitzuei buruzko datuen balantzea aurkeztu du. Harrera-zerbitzu horiek zuzentzen zaizkie Estatuko kostaldera modu masiboan iritsi ostean, Euskal Autonomia Erkidegora itzultze-agindu batekin iristen diren eta Estatuan 30 egun baino gutxiago daramatzaten iragaitzazko pertsonei.

 

  • Baliabide horien bidez guztira 1.984 pertsonari eskaini zaie arreta Euskal Autonomia Erkidegoan —500 jardun baino gehiago egin da—.
  • Azken asteburuan, zerbitzu horien bidez, 471 pertsona artatu dira Euskal Autonomia Erkidegoan.
  • Gurutze Gorriak bere gain hartu du pertsona horiei guztiei ondorio horretarako prestatutako ostatuetan harrera egiteko ardura, euskal erakundeekin lortutako lankidetza-hitzarmenaren bidez.
  • Artatzen diren pertsonei, aholkularitza barnean hartzen duen lehen arretaz gain, ostatua, janaria eta edaria ere ematen zaie.
  • Baliabide hauetara guztietara iristen diren pertsonei osasun-arreta ere eskaintzen zaie; hasiera batean, Gurutze Gorriko kideek egiten dute osasun-arreta hori, eta, beharrezkoa bada, larrialdietara bideratzen dituzte, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailarekin koordinatuta.

 

Une honetan, gatazketatik edo pobrezia larriko egoeretatik ihes egiten duten pertsonen ezohiko migrazio-fluxuek jarraitzen dute.

 

Duela aste batzuk, Erakunde Arteko Mahaia eratu zuten Eusko Jaurlaritzak, hiru Foru Aldundiek, Bilbao, Donostia, Vitoria-Gasteiz eta Irungo Udalek, Gurutze Gorriak eta hirugarren sektoreko beste erakunde batzuek. Mahai horrek iragaitzazko pertsona migratzaile horien fluxuari arreta emateko lanean jarraitzen du, eta, horretarako, etengabe aldatzen ari den egoerara egokitzen ditu larrialdiko baliabideak. Mahaia astean behin biltzen den arren, egunero etengabe harremanetan dago, egoerari aurrea hartzen saiatzeko eta arreta ahalik eta hobe planifikatzeko eta antolatzeko.

 

Unean uneko egoerara egokitzea eta erantzun egokiak eskaintzea da erronka, eta, horretarako, hartara, behar-beharrezkoa da elkarlan eta lankidetza eraikitzailea.

 

Amaitzeko, aditzera eman behar da iragaitzazko pertsona migratzaileen iritsierari erantzuteko Erakunde Arteko Mahaiak proposatzen dituen harrera-baliabide guztiak GURUTZE GORRIAK koordinatzen dituela —mahaian parte hartzen duten erakunde guztien adostasunarekin eta koordinazioarekin— eta Estatuko kostaldeko iritsiera masiboetatik datozen iragaitzazko pertsonei zuzentzen zaizkiela, Gurutze Gorriaren eskutik iritsi edo beste bide batetik iritsi.