Euskadiko eremu ahuletarako Talka Planak 18 jarduketa eta 64,1 M euroko erakundeen arteko inbertsioa jaso ditu 2018-2019 aldirako

181031_Parlamento_Arantxa_Tapia.jpg

2018.eko urriak 31

  • Eusko Jaurlaritzak koordinatu du, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiekin, Ezkerraldea, Meatzaldea eta Oarsoaldeko udalekin eta eskualdeetako garapen-agentziekin lankidetzan
  • Ezkerraldean, Meatzaldean eta Oarsoaldean, indarrean dauden eta eskualde horietan eragina duten neurri guztiak sendotuko dira, eta ekonomia suspertzeko, enplegua sortzeko eta gizarte-garapena hobetzeko jarduketa berriak sustatuko dira
  • Industria, formazioa, enplegua eta etxebizitza politikak bultzatzeko zuzkidura gehigarriak jasotzen ditu planak
  • Inplikatuta dauden eskualdeetako garapen sozioekonomikorako erakundeen arteko plan estrategikoa prestatzeko oinarria da

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak EGAren Legebiltzarreko Batzordean “ahul” gisa katalogatutako eremuetarako Talka Planaren berri eman du; 2018-2019 aldian izango du eragina eta eremu horietarako etorkizuneko plan estrategikorako oinarri izango da.

Eusko Legebiltzarraren 2018ko maiatzeko ondorioen txostenean jaso da enkargua, 2015aren eta 2017aren artean eginiko ponentziaren ondoren, non euskal ganberan ordezkaritza duten talde politiko guztiek parte hartu baitute.

Ondorioen txostenak Eusko Jaurlaritzari zera eskatzen zion:

  • Talka Plana prestatzea, eskualdeen beharrei premiaz erantzuteko, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila buru izateko eta betearazpen-aldia 3 hilekoa izateko.
  • Suspertze Sozioekonomikoko Erakundeen arteko Plan Estrategikoa garatzeko, urtebeteko epean, eta, bertan, administrazio guztiak (Europar Batasuna, Gobernu zentrala, Eusko Jaurlaritza, aldundiak eta udalak) eta gizarte- eta ekonomia-eragile gakoak inplikatzeko.

Nolanahi ere, Talka Plana bera Eusko Jaurlaritzako sailen, foru-aldundien, eraginpean dauden udaletako alkateen eta inguruko garapen-agentzien parte-hartzearekin prestatu eta egiaztatu da.

Eraginpeko eremuak

17 udalerri sartu dira; 10 Bizkaian, Meatzaldekoak eta Ezkerraldekoak (9 nukleo-eremukoak eta 1 eremu zabaldukoa, Erandio) eta 7 Gipuzkoan (4 Oarsoaldekoak eta 3 eremu zabaldukoak: Hernani, Hondarribia eta Irun).

“Eremu zabaldua” sartu da, horiek guztiak Indartu programan sartu direlako, Europak eremu ahultzat aitortu dituelako, eta lankidetzarako aukerak eta sinergiak daudelako.

Aztertutako udalerriek 450.000 biztanle baino gehiago dituzte, guztira, Euskadiko biztanleria osoaren % 21, eta, Bizkaian, biztanleria osoaren % 24,6 eta Gipuzkoan, % 23,8.

Talka Plana 2 eskualdeetako 17 udalerriri aplikatuko zaie, guztira, baina enfasi berezia jarriko da nukleo-eremutzat jotzen diren 14 udalerrietan.

Ezkerraldea eta Meatzaldea: Abanto Zierbena: Barakaldo, Muskiz, Ortuella, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Trapagaran, Zierbena, Erandio*

Oarsoaldea zabaldua: Errenteria, Lezo, Oiartzun, Pasaia, Hernani*, Hondarribia*, Irun*.

* Eremu zabaldutik barne hartutako udalerriak

Ezkerraldea, objektiboki eskualderik ahulena

Eskualdeetako eta udalerrietako egoera ahulari 3 adierazletan oinarrituta eutsi zaio: langabezia-tasa, DSBEren hartzaile-kopurua eta biztanleriaren instrukzio-maila; azken hori lehen mailakoetik gorako ikasketak dituzten herritarren ehunekotzat hartuta.

Hori horrela, Ezkerraldea eta Meatzaldea objektiboki egoera ahulean daude, lurraldearen gainerako eskualde eta udalerriekin alderatuta; eta Ezkerraldeko egoera are kaltegarriagoa da Meatzaldekoa baino, baina egoerak desberdinak dira, analisia udal-mailan egitean (aldea zabala dago Sestao eta Zierbena artean, esaterako).

Nahiz eta Oarsoaldea, aztertutako alderdiei dagokienez, oro har Euskadiren antzeko egoeran edo pixka bat hobean dagoen, Gipuzkoako batez bestekoaren aldean egoerak kontrako gapa erakusten du, bereziki Pasaia eta Errenteriaren kasuetan, bai eta Irunen ere.

Suspertze ekonomikoa, enplegua eta gizarte-garapena

Testuinguru horretan, talka-plana prestatu da, eskualdeko ikuspegi integratzailea duten ekimenekin; horretarako, udalerrien artean eta ondoko eskualdeekin egon daitezkeen sinergia guztiak sortzea bilatu da.

Administrazioaren mailek sustatutako ekimenen bidez, eremu horietan antzemandako mugak hobetu nahi dira eta suspertze ekonomikoan lagundu, bai eta enpleguaren sorreran, etxebizitza-parkearen kalitatearen hobekuntzan eta birgaitzean, gizarte-garapenean ere, prestakuntza-maila areagotu nahi da, hiri-berroneratzean eta mugikortasun-soluzioetan lagundu eta turismorako eta merkataritzarako espazioen posizionamendurako aukerak aztertu.

64,1 Milio gehigarriak 18 jarduketa berezitan edo diskriminazio positiboko jarduketetan eremu ahuletan

Planak 2018-2019 aldi honetarako ekimen berriak eta bereziak jaso ditu, martxan diren eta sendotu eta areagotu egin diren beste neurri batzuekin konbinatuta. Martxan diren ekintza horietako asko Legebiltzarrean 2015aren eta 2018aren artean eginiko ponentziaren testuinguruan ezarri ziren.

Ekintza horietako batzuk ingurune horietan modu berezian diseinatu eta aplikatu dira, eta beste batzuk EAErako orokorrak dira, baina eremu ahul horietarako diskriminazio positiboko irizpideak dituzte.

Talka Planaren barruan jaso diren zuzeneko 18 jarduketen aurrekontua 2018-2019 aldirako 64,15 M€-koa da (honela banatuta: 21,6 M€ baterakoak diren 9 jarduketetarako; 20,2 M€ Ezkerraldea-Meatzalderako 5 jarduketa berezietan; eta 22,3 M€ Oarsoalderako 4 jarduketa berezitan); kopuru horri, gerora, beste 63,2 M€ gehituko zaizkio, martxan jarri diren jarduketa batzuk amaitzeko.

Era berean, dauden bide eta trenbideen azpiegiturak sendotzeko 3 jarduketa osagarri* gauzatuko dira, eta horietarako inbertsio-planak zehaztu dira, 1.020 M€-an, bi eskualdeen artean banatuta: horietatik, 69,3 M€ 2018aren eta 2019aren artean gauzatuko dira, Planaren osagarri gisa (10,3 M€ Trenbidearen Hegoaldeko Saihesbidean eta 59,0 M€ Metropoliko Hegoaldeko Saihesbidean).

*zuzkidura hauek ez dira talka planaren aurrekontuan kontutan hartu

Jarduketa-plana:

A01- Alokairuko gizarte-etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien sustapen publikorako jarduketak

2018an Lezo, Errenteria, Santurtzi, Sestao, Barakaldo eta Portugalete udalerrietan dauden sustapenei 2019an Santurtzi (42), Sestao (24), Sestao (32) eta Pasaia (73) udalerrietan emango diren sustapen berriak gehitu behar zaizkie.

Zuzkidura gehigarria: 5,5 MM

A02- Partikular eta jabe-erkidegoentzat eraikinak eta etxebizitzak birgaitzeko laguntza-programa areagotzea

EAEn eraikinak eta etxebizitzak oro har birgaitzeko laguntza-programak areagotu egingo dira eta, horretarako, 2019ko deialdietan eremu ahuletarako % 5 areagotuko da.

Zuzkidura gehigarria 2018 eta 2019: 240.0000 euro

A03- Lan-inklusioarekin eta langabeen kolektibo handientzako gaitasun pertsonal eta profesionaletan trebatzearekin lotura duten proiektu bereziak (proiektu  bereziak)

EAE osorako programa, prestakuntza-ekintzekin, enplegu-aukeren azterkatarekin, lan-merkatuko premiak identifikatuz eta programan parte hartzen duten pertsonen kontratazioa sustatuz.

Gainera, Barakaldon proiektu pilotua aktibatuko da, Eraikuntzaren eta Birgaitze jasangarriaren sektore berezietan trebakuntza gutxiko edo oso gutxiko profilak dituzten pertsonak gaitzeko; bestalde, trebakuntza-jarduketak aktibatuko dira, Marketing Digitalean trebakuntza ertaineko eta ertain-altuko profilak dituzten pertsonentzat, 0,35 M-ko aurrekontuarekin

Zuzkidura gehigarria 2018 eta 2019: 1,015 M euro

A04- Gizarte-ekonomia kalitateko enplegua eta lurraldeko garapenarekin konprometitua dagoena sortzeko eragile gisa sustatzeko eta bultzatzeko

Enpresa kooperatiben sorkuntzari bide emango dion programa pilotua (funtsean enpresa txikiak), bai industria-eremuan, bai zerbitzuen eremuan.

Ebaluatu ondoren, beste eskualde batzuetara transferi daitekeen proiektu pilotu gisa ulertzen da; bertan, gizarte-ekonomiak pisu esanguratsua du.

2019an 0.5 M eurorekin jarriko da abian.

A05- Toki-erakundeek Gazteak Kontratatzeko Laguntza Programa abiaraztea    

Toki-erakundeek 8 eta 12 hil bitarterako gazte langabeak kontratatzea, toki-eremuan jarduera kualifikatzaileak eta onura publikokoak edo gizarte-interesekoak garatzeko, erakundeen egiturazko eginkizunen zerbitzura dauden langileen ordezkapena izan gabe.

Programa langabeziaren eraginpean bereziki dauden udalerriei baino ez zaie zuzentzen (30 urtetik beherako gazteen langabezia-indizea % 18,5ekoa edo gehiagokoa 2018ko deialdian).

Zuzkidura gehigarria 2018 eta 2019: 3,8 M euro

A06- Gazte Lana Gazte Enplegu Programa abiaraztea

30 urtetik beherako gazteen enplegua sustatzeko jarduerak, Ezkerraldeko, Meatzaldeko eta Oarsoaldeko toki-erakundeekin garatzekoak.

Ekintza 2014-2020rako Gazte Enpleguaren Programa Operatiboaren barruan sartzen da, eta helburu gehigarri du Talka Planaren eremu geografikoan jaso diren eskualdeetako premiei erantzutea eta/edo tokiko enplegu-aukerak aprobetxatzea.

Gazte Enplegu Programarako konprometitutako aurrekontua, 2019rako eta 2020rako urtean 2 M€-koa da (guztira, 4M€ izango dira).

A07- Enplegua sortzen duen ekoizpen-inbertsioa egiten duten enpresentzako laguntzen Indartu Programaren aparteko sendotzea

Laguntzetara jotzeko aukera ematea, ekoizpen-inbertsioa egiteko eta horrek lehiakortasuna hobetzeko eta, aldi berean, enplegua sortuko duen garapen ekonomikoa ekartzeko, itzuli beharrik gabeko laguntzen bidez.

% 30eko gorakada Indartu Programaren guztizko zuzkiduran (2 M€ gehiago 2018rako eta 2019rako, deialdi bakoitzean). Era berean, laguntzetara jotzeko eskakizunak malgutu egin dira, ETEek parte hartzeko aukera gehiago izan dezaten.

Gainera, areagotu egin da laguntza hori eska dezaketen udalerrien kopurua, eta EAEko batez besteko langabezia-tasa baino batez beste % 20 handiagoa duten guztiak sartu dira, baina, kasu honetan, laguntzak ETEei baino ez zaizkie zuzentzen.

2018 eta 2019 aldirako Indartu ekimenaren zuzkidura 16 MM , horietatik, 4 zuzkidura gehigarria.

A08- SPRILURrek Talka Planean jaso diren guneetarako industrialdeetako Renove Planaren baliabideen zuzkidura berezia egitea

Laguntzaren gehiengo zenbatekoa areagotzea (300.000 €-ra arte), bai eta laguntzako gehiengo ehunekoak ere (% 60ra arte), industrialdeetara, enpresa-parkeetara eta Talka Planean jaso diren udalerrietako jarduera ekonomikorako eremuetara bideratutako jarduketa guztietarako. Era berean, gaur egun dauden kontzeptuak zabaltzea planteatzen da (proiektuak eta berrurbanizazio-jarduketak gauzatzea, berroneratzea, urbanizazio publikoko eta pribatuko guneak birgaitu eta hobetzea) eta, horretarako, eremu horietan eragin handiagoa izango duten jarduketa bereziak sartzea, besteak beste, eraikinak eraisteko eta deskontaminatzeko eginkizunetan laguntzea; horrela, bi eskualdeetako industria-egoeraren analisiaren ondoriozko ezaugarri eta behar bereziei erantzun nahi zaie.

2019aren eta 2020aren artean egin beharreko eskaerak.

2019rako eta 2020rako Renove Plan Programaren dedikazio bereziak aurrekontuan urtean 1,2 M€ eragitea balioetsi da, eta gehienez 2,4 M€ arte aldi horretarako, bi eremuetatik aurkezten diren eskabideen arabera.

A09- Udal eta mankomunitate mailako aparteko beste jarduketa batzuk, gizarte- eta ekonomia- eta hirigintza-eremuetan eragin zuzena dutenak

Herritarren beharrei erantzuteko eta bizi-baldintzak hobetzeko, udalerri eta mankomunitate/eskualdeek 2018an eta 2019an eremu sozioekonomikoan eta hirigintzakoan eragin zuzena izango duten jarduketa berriak garatuko dituzte. Hemen kasurik esanguratsuenak aipatzen dira, dimentsioaren arabera:

Ikastunen Zentroa: Barakaldon lanbide-heziketako zentro berria finkatzea.

Muskizen, Itsaslur-Pobeñan, gizarte-ekintzailetzako proiektua.

Erandioko Tartanga auzoa berroneratzea.

Herrilab proiektua Oarsoaldean, ekintzailetza eta industria-egituraren, pertsona ekintzaileen eta eskualdea eratzen duten gainerako pertsonen artean sinergiak sortzea sustatzeko.

Errenterian Torrekua zentroa handitzea, artisautza eta teknologia berrien enpresen inkubagailu gisa.

E-LAN proiektua: Abanto-Zierbenako Teknologia Parke berriko enpresen beharretara lotutako enplegu berrien prospekzioa.

Udalek proposatutako ekimenak dira; horien epeak eta aurrekontu-proiekzioak oraindik zehaztu gabe daude Talka Planean.

A10- Hiri Berroneratze Integraleko esku-hartzea Ezkerraldea-Meatzaldeko auzo ahulen eremuetan

Proiektu berezien garapena honako eremu hauetan:

Portugalete. “Federico Martínez” multzoan 8 ataritan esku hartzea; 56 etxebizitza, guztira.

Sestao. Txabarri El sol BIAn esku hartzea, Sestao Berri sozietatearen bidez, guztira 260 etxebizitzatan, eta zenbait lokaletan.

Zenbatekoa, guztira, 2,80 M euro (Portugalete, 450.000 eta Sestao, 2.350.000)

A11- Ezkerraldea-Meatzaldeko Teknologia Parkea martxan jartzea

Abanto udalerrian, Nerbioi ibaiaren Ezkerraldean, teknologia-parke berria eraikitzea, 4.0 industrian eta fabrikazio aurreratuan espezializatua, gune horren aldeko apustua sendotzeko eta bertan suspertzeko pizgarria sortzeko. Gainera, parkean Euskadiko sektore energetikoko enpresen lehiakortasuna eta nazioarteko lidergoa sustatzeko zentroa egongo da, adimen lehiakorrean, garapen teknologikoan, ezagutzaren sorreran eta merkatu aurreratuenetarako sarbidean oinarrituta.

Nabarmentzekoa da helburu estrategikoa eta epe luzekoa dela; izan ere, parkearen erabateko errendimendurako 10-15 urte igaro beharko direla kalkulatzen da, nahiz eta aurrekontua 2018. urte honetatik gaitzen ari den.

2018rako eta 2019rako aurrekontua 9,71 M€-koa da.

Proiektuaren inbertsio publiko osoa 35,55 M€-koa izatea kalkulatzen da; zenbateko horri bertan finkatutako enpresen inbertsioa gehitu behar zaio.

A12-Ezkerraldea-Meatzaldeko Teknologia Parkean EIC (Energy Intelligent Center) proiektua ezartzea

Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta sektore pribatuaren baterako ekimen adierazgarria ezarriko da, eta energiaren sektorean zentratuko da: EIC (Energy Intelligence Center) eraikina.

EIC (Energy Intelligence Center) dagoeneko zenbait proiektutan ari da lanean, Euskadiko sektore energetikoko enpresekin, eta 2018an eta 2019an garapena jarraituko dute; era berean, aldi horretan proiektu berriak jarriko dira abian. EICek Ezkerraldea-Meatzaldeko Teknologia Parkean izango duen eraikin berria dela eta, 2019 aldian hasiko da eraikitzen.

2018rako eta 2019rako aurrekontua 7,5 M€-koa da.

Proiektuari heltzeko inbertsio publikoa, guztira, 22,93 M€-koa izatea zenbatesten da.

A13- Ezkerraldea-Meatzaldea eskualdeko Lanbide Heziketako prestakuntza-eskaintza sendotzea

Ezkerraldea-Meatzaldea eskualdean lanbide-heziketaren arloan dagoen prestakuntza-eskaintza bi ekintza bereziren bidez sendotzea:

Soldadurari eta galdaragintzari lotutako erdi-mailako graduko ziklo berria eskaintzea (Sestao).

Eraikuntza Adimendunean Lanbide Heziketako Zentro Integratua martxan jartzea, eskualdean ekoizpen-egitura berria izateko aukera edukitzeko eta jasangarritasunerako eremu garrantzitsu batean ikaskuntza aurreratuak ezartzeko (Sestao).

2019-2020rako bi ekimenei lotutako aparteko zuzkidura oraindik ez dago itxita (aldatu egingo da, izena eman dutenen kopuruaren arabera).

A14- Santurtzin Elkartegia - Enpresa Zentroa irekitzea, tokiko garapen jasangarrian eta orekatuan eragina duten enpresa-proiektuetarako

El Árbol poligonoan, Santurtziko Balparde auzoaren barruan, udal-eraikina egokitzea, 2.100m2-ko espazioa sortzeko, ekintzailetzarako ingurunea.  Zenbait eremutan egokituta, start-upak, industria arineko jarduerak eta bulegoak hartzeko gai izango direnak.

Elkartegia - Enpresa Zentroa 2018an irekitzea aurreikusten da.

Proiektuaren inbertsioa, guztira, 0,224 M€-koa da.

A15- Hiri Berroneratze Integraleko esku-hartzea Oarsoaldeko auzo ahulen eremuetan

Proiektu berezien garapena, guztira 10,43 M-ko inbertsioarekin.

Pasaia. Pasaia udalerrian esku hartzeko proiektua, Trintxerpe auzoan, guztira 450 etxebizitzatan, lokaletan eta zuzkiduretan. 8,2 M.

Irun. Desafektatutako trenbide-espazioa berrurbanizatzea (antzinako aduanako bideak eta eraikinak), “Irun bidea” proiektuari lotuta. 750.000 euro

Errenteria. Eraikinak egokitzea, liburutegia sortzea, zenbait puntutako eraginkortasun energetikoaren arloan konexioak eta jarduketak hobetzea.  839.675 €

Lezo. Igogailu berria sortzea eta konexioa hobetzea badiaren eremu osoan. 230.538 €

Oiartzun. Konexioa hobetzea, eta bidegorriei lotutako sarbideetan bereziki eragina izatea. 185.300 €

A16- AdinBerri proiektua abiaraztea, eta, horretarako, zahartzearen eta mendekotasunaren arloetan erreferentziazko berrikuntza-zentroa martxan jartzea

Zahartzeari eta mendekotasunari arreta emateko erreferentziazko berrikuntza-zentroa gauzatzea, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eredugarri gisa, Pasaiako badia berroneratzeko. Eraikuntza-proiektuan, halaber, bi solairutako lurpeko aparkalekua jasoko da, 425 ibilgailutarako; Hospitalilloko egungo kaian egongo da. Helburua Trintxerpeko eremu osoan aparkaleku faltarekin zerikusia duten arazo guztiei irtenbidea ematen laguntzea da.

Proiektu globalak 30 M€-ko proiektu zenbatetsia du, eta 2018-2019an gauzatzeko zenbatespena 8 M€-koa da.

A17- Lezon salgaiak batetik bestera eramateko plataforma industrial eta logistiko multimodala garatzea, Pasaiako Portua berraktibatzeko

Lezoko plataforma industrialean eta logistikoan eremu multimodal berria eraiki eta sustatzea.

Azterketa-faserako aurrekontua 0,45 M€-koa da. Fase horretatik aurrera, eraikuntza-fasearen inbertsio osoa zehaztuko da

A18- Pasaiako portu-ingurunea eraldatzea, lehiakortasuna eta negozio berrien erakarpena hobetzeko

La Herrera eremuan biltegietarako 32.600 m2 sortzea, antzinako eraikuntzen ordez; biltegi horietako batek (7.000 m2) ibiltzeko moduko estalkia izango du, eta Herrera-Trintxerpe oinezkoentzako sarbide berria inguratuko duten lorategietan integratuko da. Gainera, Herrera Iparraldean 19.000 m2 gaituko dira, eremuaren suspertze ekonomikorako funtsezko jarduera ekonomikoetarako. Azkenik, merkataritza-kaiak berritu eta gaitzea ere planteatzen da; horrela, biltegiak eta terminalak finkatu ahalko dira eta kaien erabilerak birbanatu ahalko dira, eraginkortasuna hobetu eta trafiko berriak erakarri ahal izateko.

Obrak, funtsean, 2018an garatuko dira, eta 2019aren hasiera baino lehen amaituta egotea aurreikusten da.

Eusko Jaurlaritzak 3,41 M€-ko aurrekontua du, 2018-2019 aldirako.