Euskadiko 16 eta 29 urte bitarteko gazteen langabezia-tasa % 15,1era jaitsi da 2017ko azken hiruhilekoan

Argitalpen-data: 

GEBren logoaIazko azken hiruhilekoko langabezia-tasarekin konparatuta zazpi puntuko jaitsiera izan du.

Biztanleriaren Jardueraren Arabera (BJA) sailkatzeko inkestaren 2017ko laugarren hiruhilekoari dagozkion datuak argitaratu berri direla-eta, Gazteen Euskal Behatokiak 16 eta 29 urte bitarteko gazteen langabezia-tasari buruzkoak aurkezten ditu.

Zer da langabezia-tasa?

Enplegurik ez duten baina lana aktiboki bilatzen duten persona aktiboen ehunekoa adierazten du langabezia-tasak, hau da, lan egiteko moduan egonik, azken lau asteetan lana bilatzeko gestioren bat egiten duten pertsona langabeen ehunekoa. Definizio honetan ez dira sartzen, beraz, lan bila ez dabiltzan ikasleak edo lan egin ezin duten gaigabetuak.

Zelako bilakaera izan du langabezia-tasak azken urtean?

2017ko laugarren hiruhilekoan Euskadiko 16 eta 29 urte bitarteko gazteen langabezia-tasa % 15,1 izan da, hau da, aurreko hiruhilekoan baino bi puntu txikiagoa (% 17,2 izan baitzen 2017ko hirugarren hiruhilekoan) eta 2016ko azken hiruhilekoan izandakoa baino zazpi puntu txikiagoa (orduan % 22,1 izan baitzen).

Jaitsiera hori gertatu bada ere, gazteen langabezia-tasak jarraitzen du Euskadiko biztanleria orokorrarenaren gainetik; hala ere, bi tasa horien arteko aldea txikitu egin da eta 2016ko azken hiruhilekoan alde hori hamar puntukoa izatetik urtebete geroago lau puntukoa izatera pasatu da.

Hiruhileko langabezia-tasaren bilakaera. Euskadiko gazteen eta biztanleria orokorraren arteko alderaketa

Eta zelako bilakaera izan du azken hamar urteotan?

Azken hamar urteetako bilakaera aztertzeko urteko tasetan oinarritzea da egokiena. Urteko tasa horiek lau hiruhilekoetako zifren batezbesteko aritmetikoa eginez kalkulatzen dira. 2017an Euskadiko 16 eta 29 urte bitarteko gazteen langabezia-tasa % 16,7 izan da, 2016ko batezbestekoa (% 23,7) baino zazpi puntu txikiagoa.

Bestalde, gazteen eta Euskadiko biztanleria orokorraren urteko langabezia-tasak konparatuz gero, ikus dezakegu biek joera berdina jarraitu dutela baina gazteen zifrak beti altuagoak izan direla.

Hala ere, 2009an krisialdi ekonomikoa hasi zenetik tasa batzuen eta besteen artean erregistratutako alde nabarmenak txikitu egin dira nolabait orain. 2013an eta 2014an, azken hamarkadako gazteen langabezia-tasarik altuenak (% 29,0 eta % 29,5, hurrenez hurren) jaso zirenean, alde horiek hamairu puntukoak baino handiagoak ziren; 2017an, gazteen langabezia-tasa berriro 20 puntukoa baino txikiagoa denean (% 16,7, hain zuzen ere), gazteen eta biztanleria orokorraren langabezia-tasen arteko aldea bost puntu eta erdikoa da.

Urteko langabezia-tasaren bilakaera. Euskadiko gazteen eta biztanleria orokorraren arteko alderaketa

Badago alderik sexuaren edo lurralde historikoaren arabera?

Urteko tasak aztertzen jarraitzen badugu, ikusiko dugu 2017an 30 urtez azpiko emakumeen langabezia-tasa adin horretako gizon gazteena baino handixeagoa dela: % 18,0 emakumeena eta % 15,7 gizonena.

Zifra horiek apurtzen dute azken urteotan jarraitutako joera, 2007 eta 2016 urteen artean gizon gazteen langabezia-tasa emakumeena baino handiagoa izaten baitzen.

Lurralde historikoei erreparatuz gero, ikusten da Gipuzkoak duela gazteen langabezia-tasarik baxuena (% 13,4, 2017an) eta Arabak, aldiz, altuena (% 19,6), Bizkaiak ere altua izanik (% 18,1).

Euskadiko 16 eta 29 urte bitarteko gazteen urteko langabezia-tasaren bilakaera (2007-2017), sexuaren eta lurralde historikoaren arabera

Datu horiek guztiak Biztanleriaren Jardueraren Arabera (BJA) sailkatzeko inkestatik datoz. Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) hiru hilean behin lantzen du inkesta hau Euskadiko 16 urtetik gorako biztanleriaren jarduera, okupazio eta langabezia egoera aztertzeko asmoz. Eustatek, hiru hilerik behin ere, 16 eta 29 urte bitarteko gazteei dagozkien datuak ematen dizkio Gazteen Euskal Behatokiari.

Datu hauek Gazteen Euskal Behatokiaren webguneraren estatistiketan ere kontsulta daitezke, Lana ataleko Jarduera, Okupazioa eta Langabezia azpiatalean, zehazki.

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!

Facebook logoa   Twitter logoa