Euskadi partaide duen proiektu bat izango da Europan berrikuntzaren ekosistemetan oinarritzen den industria-fabrikazioaren norabidearen eta diseinuaren buru

aernnova.jpg

2018.eko abenduak 10

  • Tapiak jendaurrean azaldu du Berrikuntzaren eta Teknologiaren Europako Institutuaren erabakia, Arabako Teknologia Parkean Aernnovak duen zentro berria inauguratzeko ekitaldian
  • Proiektua nazioarteko partzuergo batek kudeatzen du; partzuergoa 17 herrialdetako 50 eragilek osatzen dute, eta 5 berrikuntza-zentro izango ditu partzuergoak, bat Bilbon

Miñaoko Teknologia Parkean Aernnovak duen zentro berria inauguratzeko ekitaldia aukeratu du Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak Berrikuntzaren eta Teknologiaren Europako Institutuaren erabakiaren berri emateko: Euskadi partaide duen proiektu bat aukeratu da Europan berrikuntzaren ekosistemetan oinarritzen den industria-fabrikazioaren norabidearen eta diseinuaren buru izateko.

Proiektua, EIT Manufacturing, partzuergo batek kudeatuko du; partzuergoa 17 herrialdetako 50 eragilek osatzen dute, besteak beste, Tecnaliak, Alianza Ik4k, Aernnovak, Mondragon Taldeak eta ITP aerok.

Partzuergoak 5 berrikuntza-zentro izango ditu, eta horietako bat Euskadin izango da; horrela, partzuergoko tokiko eta nazioarteko eragileak bereziki intentsiboak izango dira “Made by Europe” industria-fabrikaziora bideratutako berrikuntzako, prestakuntzako eta ekintzailetzako proiektuak sortzen.

Zentroen sareak Bilbo, Gotenburgo, Milan, Viena eta Alemaniako Darmstdat hiria lotuko ditu, eta Euskadi izango da kudeaketaren erdigune.

Tapiak esan du ekimen hori Europako Batzordeak bultzatzen duela eta Euskadin garrantzi berezia hartzen duela; izan ere, industriaren alde egiten ari den apustua eta ahalegina berresten ditu.

Sailburuak zorionak eman dizkio Aernnovari, partzuergoaren partaide delako eta mekanizatuko zentro berriaren inaugurazioagatik; izan ere, garrantzi berezikotzat jo da, ekarpen handia egingo baitu enpleguaren sorreran, bai kuantitatiboki, bai kualitatiboki. Berrikuntza-zentro horretan, enpresaren eta Tecnalia, Tekniker eta Gaikerren arteko elkarlana ezinbestekoa izango da eguneroko lanean.