Emilio Sola: "Begisareren erakusketaren errealitate birtualaren bidez, ikusmen murriztua duten pertsonen arazoak hurbilagotik ezagutu eta gehiago lagun diezaiekegu"

Begisare_15_10_18_baja_visión_(5).jpg

2018.eko urriak 15

 

  • Vitoria-Gasteizko Hegoalde zentroan, “Retinosis Araba Begisare” elkartearen “Ikusmen Murriztua bizi ezazu” erakusketaren inaugurazioa
  • Ikusmen murriztua dutenek mundua nola ikusten duten ezagutzeko errealitate birtualeko betaurrekoak jartzeko aukera
  • Valentín Simón: “Pertsona bat ikusten ez duen pertsona baten egoeran hiru minutuz jarriz gero, bere portaera positiboki aldatuko da, betiko, eta ikusmen murriztua dutenen aliatu bilakatuko da”

VG 15 10 18

Emilio Sola Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko Gizarte Zerbitzuetako zuzendariak zera esan du gaur goizean: “egunotan Vitoria-Gasteizko Hegoalde gizarte-zentroan izango da Begisareren erakusketa; bertan izango den errealitate birtualaren bidez, ikusmen murriztua duten pertsonen arazoak hurbilagotik ezagutu eta gehiago lagun diezaiekegu. Aukera ona da nagusiak eta txikiak ikusmen-arazoak dituzten pertsonen bizitzara hurbiltzeko eta beren bizitza nola hobetu dezakegun ikasteko”.

 

Bestalde, Valentín Simón “Retinosis Araba Begisare” elkarteko presidenteak zera esan du: “Pertsona bat ikusten ez duen pertsona baten egoeran hiru minutuz jarriz gero, bere portaera positiboki aldatuko da, betiko, eta ikusmen murriztua dutenen aliatu bilakatuko da eta ikusmen murriztua dugunontzako baldintza hobeen sustatzaile”.

 

Biek, beste elkarte eta erakunde batzuetako ordezkariekin batera, gaur goizean Vitoria-Gasteizko Hegoalde gizarte-zentroan, Zumakadi ibilbidean, “Ikusmen Murriztua bizi ezazu” erakusketaren inaugurazioan parte hartu dute; erakusketa “Retinosis Araba Begisare” elkarteak antolatu du eta, bertan, errealitate birtualeko betaurreko batzuen bidez, ikusmen murriztua eragiten duten sintomak formatu fisikoan ezagut daitezke.

 

“Tresna horiek gure inguruneak, tratatzen gaituzten profesionalek eta biztanleek, oro har, gure begien bidez ikusteko eta gure zailtasunak ulertzeko balio dute”, esan du Valentín Simónek.  “Ikusmen Murriztua bizi ezazu” erakusketa Begisarek antolatu du, eta Vitoria-Gasteizko Udalaren Elkarbizitza eta Aniztasun Zerbitzuaren “Elkarrekin Bizitzen Ikasi” programaren laguntza du.

 

Hegoalde gizarte-zentroa irekitzeko ordutegian, urriaren 15etik 21era, erakusketako dokumentazio grafiko guztia ikusgai egongo da, zenbait plotter-ekin, eta horietan sintomak ageriko dira eta lotutako gaixotasunen azalpena; bisitariek beren zorroztasuna eta ikuseremua egiaztatu ahal izateko kartelak, Tengo Baja Visión eta Tengo Baja Visión VR APP-a azaltzeko triptikoak, bisitariek mugikorretan deskargatu eta instalatu ahal izateko.

 

Egunotan, “Como interactuar conmigo” izeneko zabalkunderako liburuxkak banatuko dira, hura ikusten dutenek jakiteko ikusmen-desgaitasuna duten pertsonei nola zuzendu. Arratsaldero, 17:30etik 19:30era, elkarteko boluntarioek bisitariei arreta ematen diete eta, horretarako, errealitate birtualeko betaurrekoak ematen dizkiete, mugikorrekin, Tengo Baja Visión VR aplikazioaren bidez sintomak erakusteko.