Beatriz Artolazabal: "gaur egun, langabezian dauden gazteen % 78k espero du hamabi hilean enplegu izatea, 2013an baino ehuneko hogeita lau gehiagok"

Argitalpen-data: 

Lanbide.

  • Gazteriaren Euskal Behatokiak "Aurrera Begira: Gazteen Aurreikuspenei buruzko adierazleak" ikerketaren bosgarren edizioa aurkeztu du
  • Gaur egun, langabezian dauden gazteen % 78k espero du hamabi hilean enplegu izatea, 2013an baino ehuneko hogeita lau gehiagok
  • Gazteen % 74k uste du ikasketak amaitzean bere prestakuntzarekin lotutako lana aurkituko duela; duela bost urte % 46k uste zuen hala

Euskal gazterian hobetu egin dira, funtsean, enplegutzeko aurreikuspenak, azken bost urtean, Gazteriaren Euskal Behatokiak eginiko "Aurrera Begira. Gazteen aurreikuspenei buruzko adierazleak" ikerketaren azken inkestak erakusten duenez. Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak azaldu du "besteak beste, lan-aurreikuspenen adierazleek hobera egin dutela, funtsean; izan ere, gaur egun langabezian dagoen gazteriaren % 78k espero du hamabi hilean lana aurkitzea, 2013an baino ehuneko hogeita lau gehiagok; orduan hasi ziren inkesta horiek egiten. Gainera, gazteen % 74k uste du ikasketak amaitzean bere prestakuntzarekin lotutako lana aurkituko duela; duela bost urte % 46k uste zuen hala".

Artolazabalek dioenaren arabera, behera egin du, halaber, ehuneko hogeita lau puntu, enplegua galtzeko arriskuaren hautematea edo lanean ari diren gazteen artean lan-baldintzek txarrera egitekoa; 2013an % 57 ziren eta, 2017an, % 33. Beste horrenbeste atzerrira emigratzeko beharrizanaren inguruko aurreikuspena dela eta; lehen % 16k aurreikusten zuen aukera hori eta, egun, % 11k.

Orainaren balorazioa eta etorkizunaren inguruko konfiantza-indizea areagotu egiten dira euskal gazteen artean; izan ere, Artolazabalek dioenez, "lan-aurreikuspenak hobetzeak dakar orainaren balorazio positiboagoa egitea eta etorkizunean konfiantza gehiago izatea. Etorkizunaren gaineko konfiantza-indizea 75 puntukoa da, 2013an baino hamaika puntu gehiago".

Bestalde, epe laburrean emantzipatzeko aurreikuspena berdin mantentzen da; izan ere, gazteen % 46k bere kontura bizi nahiko luke urtebeteko epean, baina ez du uste hala egin ahal izango duenik, 2013ko ehunekoaren antzera (% 45).

Inkesta

Aurrera Begira Gazteriaren Euskal Behatokiak urtero egiten duen ikerketa da; helburu da jakitea euskal gazteriak nola ikusten duen oraina eta zein diren epe laburrerako etorkizunaren inguruan dituen aurreikuspenak. Zundaketa euskal gazteriaren lagin bati eginiko telefono bidezko inkestan oinarritzen da; lagin hori 15 eta 29 urte bitarteko 1.512 gaztek osatzen dute; inkesta urte-amaieran egiten da, urtearen balantzea egiteko eta gazteriak epe laburrerako etorkizunaren inguruan dituen aurreikuspenak ezagutzeko.

Lana 2013an hasi zen, aurreko urteetan hasitako krisi ekonomikoaren ondorioa langabezia-tasen gorakada nabarmena izan zenean, ez bakarrik gazteriaren artean, baita gainerako biztanleen artean ere. Urte hartan, 16 eta 29 urte bitarteko gazteen langabezia-tasa % 29,0koa izan zen, aurreko urtean baino sei puntu handiagoa, eta euskal biztanleen batez bestekoa baino hamalau puntu handiagoa.

"Harrezkero, bost urte igaro dira, eta egoera aldatu egin da, eta 2017ko hirugarren hiruhilekoan, urteko inkesta egin aurretik, gazteen langabezia-tasa % 17,2koa zen, alegia, "Aurrera Begira" azterlanen seriea hasi aurreko unean baino ia hamabi puntu baxuagoa", esan du Artolazabal sailburuak.

Ikerketaren emaitzak 10 adierazleren inguruan antolatzen dira; adierazle horiek eragin berezia dute enpleguan eta emantzipazioan, eta, oro har, oso bilakaera positiboa erakusten dute. Datu orokorrez gainera, Aurrera Begira 2017 txostenean, adierazleen emaitzak eta horien bilakaera kontsulta daitezke, sexuaren, adinaren eta lurralde historikoaren arabera banatuta; adierazle bakoitza eraikitzeko informazio metodologikoa eta adierazleak prestatzeko oinarri gisa baliatu diren inkestako galdera guztiak, horiek ere sexuaren, adin-taldeen eta bizitokiko lurralde historikoaren arabera banatuta.

Ondorioak

Enplegua eta lan-aurreikuspenak eta diru erabilgarria dira txarren baloratu diren bizitzako alderdiak. Gazteriak hamar bizi-eremu bakoitzagatik sentitu duten gogobetetzea eta bakoitzari eman zaion garrantzia kontuan hartuta, ondorioztatu daiteke guztiak hartzen direla garrantzitsutzat eta gogobetetze-maila 50etik gorakoa dela (0-100 eskalan), kasu guztietan.

Gainera, garrantzia- eta gogobetetze-mailari dagokionez, azterlanak lau alderdi azpimarratzen ditu:

  • Alderdi nagusiak. Gazteriaren iritziz garrantzitsuenak direnak eta, aldi berean, gogobetetze-maila handiena eragiten diotena (85etik gorako balioak, kasu guztietan); familia, osasuna eta lagunak dira.
  • Bigarren mailakoak, gogobetetze-maila handiarekin. Gazteriak garrantzi handia ematen die, baina nagusiei baino gutxiago eta gogobetetze-maila ere altua da (75 eta 85 bitarteko balioak, kasu guztietan). Talde honetan sartzen dira ikasketak, aisialdia, harreman sentimentalak eta/edo sexualak eta familiarekin edo nor bere kontura bizitzea.
  • Bigarren mailako defizitarioak. Gogobetetze-maila 70etik beherakoa denean, garrantzia gorabehera. Lana edo lan-aurreikuspenak eta diru erabilgarria dira.
  • Hain esanguratsuak ez direnak. Bertan, garrantzi-maila 70etik beherakoa da, sentitzen duten gogobetetzea gorabehera. Talde honetan dago irudi fisikoa.

2017an, euskal gazteriaren % 11k uste zuen atzerrian egin beharko duela lan, nahi ez badu ere. Derrigorrezko emigrazioaren aurreikuspena jaitsi egin da puntu bat azken urtean; beraz, 2013aren aldean, bost puntuko beherakada egon da dagoeneko. Gazteriaren erdiari gustatuko litzaioke atzerrira lanera joatea, eta erdiak baino gehiagok nekez gertatuko dela uste du. Gazteriaren % 11k baino ez ditu bi baldintza hauek betetzen: gerta daiteke etorkizunean emigratzea eta ez du nahi hala gertatzerik.

Emantzipazio zapuztuaren aurreikuspenari aurreko urtean bezala eusten zaio, eta ia euskal gazteriaren erdiarengan du eragina. Urtebeteko epean emantzipazio-proiektu bat aurrera eramateko ezintasunak –ikerketa honetan emantzipazio zapuztuaren aurreikuspena izeneko adierazlean laburtzen da– gazteriaren % 46an du eragina, aurreko urtean bezala.

% 46 hori, nagusiki (% 45), nahi bai baina urtebeteko epean emantzipatu ezingo direla uste duten gazteek osatzen dute, eta, % 1 independenteki bizi diren pertsonak eta nahi ez baina beren gurasoen etxera bueltatu beharko dutela uste duten gazteek osatzen dute.

Enpleguarekin lotutako adierazleek nabarmen egin dute hobera, bai okupatutako gazteen artean, bai ikasten ari diren edo langabezian dauden gazteen artean. Enplegua galtzeko edo ezegonkortzeko aurreikuspenak behera egin du ehuneko bederatzi puntu, iazko balioen aldean, eta beste hamar gehiago aurreko urtearen aldean, eta, horrela, 24 puntuko aldea dago 2013an eginiko lehen neurketaren aldean. 2017. urtearen amaieran, lanean ari den gazteriaren % 25ek uste du gal dezakeela enplegua urtebeteko epean, eta % 8k uste du, nahiz eta lana ez galdu, balitekeela bere lan-baldintzek txarrera egitea.

Langabezian daudenen artean, enplegu-aurreikuspenak gora egin du bederatzi puntu, iazko balioen aldean, eta 2013an hasitako seriearen altuena da; langabezian dauden gazteen % 78k espero du urtebeteko epean enplegua aurkitzea. Halaber, gora egin du gazte ikasleen artean prestakuntzari lotutako enpleguaren aurreikuspenak; hazkuntza hori etengabea izan da 2013tik, eta, 2017an, % 74k espero du ikasketak amaitzean bere prestakuntzarekin bat datorren enplegua aurkitzea.

Gazteen gaitasunen gaineko konfiantza gazteek beren buruengan honako ezaugarri hauen inguruan duten iritzia neurtzen duen adierazlea da: langilea izatea, arduratsua, prestatua, parte-hartzailea, ekintzailea, idealista eta autonomoa. 0 eta 100 bitarteko eskala batean, euskal gazteria 70 puntura iristen da, aurreko urteko puntuaziotik hiru puntu beherago eta 2013ko baliotik lau puntu gorago (66). Gazteriari buruzko iritzia ematean, kolektibo gisa, gazteek beraiek sarrien nabarmendu dituzten ezaugarriak prestakuntza eta kualifikazioa dira (87 puntu). Gazteriari, beren iritziz, txarren egokitzen zaion adjektiboa “ekintzailea” da (57 puntu).

Etorkizuna

Euskal gazteria baikorra da nagusiki, etorkizunari begira. Bere egoera pertsonala, gazteriarena oro har eta Euskadirena, bere iritziz bost urteko epean nola bilakatuko den erakusten duen adierazleak 75 puntu eskuratu ditu, 100eko eskalan. Adierazle horrek gora egin ditu hiru puntu, iazko balioaren aldean, eta hamaika, 2013aren aldean.

Oro har, hobetu egin da euskal gazteek egungo uneaz eginiko balorazioa, eta, gainera, etorkizunaren gaineko konfiantzak gora egin du. Enpleguarekin lotutako adierazleek hobera egin dute, nabarmen: beherakada nabarmena egon da enplegua galtzeko edo ezegonkortzeko arriskuan lanean ari direnen artean, eta, aldi berean, hobera egin dute, nabarmen, enplegu-aurreikuspenek, langabezian daudenen artean, bai eta prestakuntzari lotutako enpleguaren aurreikuspenak ere ikasten ari direnen artean.

Lan egiteko derrigorrez atzerrira emigratzeko aurreikuspenak behera egin du, eta, 2017an, hamar pertsonatik batek uste du atzerrira joan beharko duela, lana bilatzera, hala egin nahi ez badu ere. Epe laburrerako emantzipazioaren aurreikuspenak ez du hobera egin; gazteen ia erdiak uste du ezingo duela bere kontura bizi datorren urtean, hala egin nahi badute ere. Nolanahi ere, gogobetetasun-maila pertsonalaren indizea altua da, bai eta gazteriaren gaitasunen gaineko konfiantza ere; nabarmentzekoa da daukaten prestakuntza-maila altua.