Barakaldoko Antonio Trueba BHI. Ikasleen lekualdatzea

2018.eko abenduak 04

Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuorde Olatz Garamendik eta Barakaldoko alkate Amaia del Campok prentsaurrekoa eskaini dute gaur eguerdiz, Antonio Trueba Bigarren Hezkuntzako Institutuaren inguruan sortu den ezusteko baten berri emateko. Urteko lehen hilabeteetan eraikina handiagotzeko lanei ekin zitzaien, 2014-2018 aldirako Hezkuntza Azpiegituren Planean jasota zeuden lanak.

Alkateak eta sailburuordeak azaldu dutenez, txosten tekniko batek berriki jakinarazi dio Hezkuntza Sailari egituran dituen zenbait gabeziak zalantzan jartzen dutela etorkizunean eraikina erabili ahal izatea. Aipaturiko txostenak dioenez, eraikinaren egiturak dituen gabezia estrukturalek berau eraistea gomendatzen dute, eta Institutu berriaren eraikuntzari ekitea, konponketak duen konplexutasuna nahiz instalazio hauen ezaugarriak eta antzinatasuna aintzat hartuta.  

Segurtasuna bermatzea helburu nagusi izanik, Hezkuntza Sailak ikasleak kokaleku berri batera lekualdatzea erabaki du, behin-behinean, ikasturte honetan zehar ikasketekin jarraitu ahal izan dezaten. 

Zehazki, eta egoera honen aurrean, berehala gauzatuko den neurri sorta bat hartu da:

  • Bihar asteazkena, abenduak 5, Antonio Trueba BHIko ikasleak ez dira klasera joango.
  • Datorren astean –zubiaren ondoren- eta behin-behinean, ikasleak Artazu Goikoa Ikastetxera eramango dira. Hezkuntza Sailak horretarako beharrezko den garraio zerbitzua ipiniko du.
  • Hezkuntza Sailaren eta Udalaren asmoa da ikasleak Barakaldora albait arinen itzultzea. Helburua da urtarrilean zehar ikasle guztiak Minas deritzon eraikinean kokatzea, Barakaldon.

Olatz Garamendi sailburuordeak nabarmendu du Barakaldoko Udalaren aldetik elkarlanerako aurkitu duen jarrera egokia, bizkortasunez jokatzea eskatzen duen ezohiko egoera honen aurrean. Era berean, Hezkuntza Sailaren lehentasunak une oro honako hauek izan direla berretsi du: ikasleen segurtasuna batetik, eta egoerak ahalik eta eraginik txikiena izatea ikasturtearen garapenean, bestetik.

Bestalde, eraikinean antzeman diren gabezia estrukturalak direla eta, Hezkuntza Sailak antzinatasun handieneko eta esku-hartzerik izan ez duten Euskadiko hezkuntza-eraikinetan azterketa sakona egiteko erabakia hartu du.