Artolazabal: "Euskadik familiaren eta enpresaren arteko kontziliazio- eta erantzunkidetasun-eredu aurreratua eskaini dezake"

10_12_18_CONCILIA_30.jpg

2018.eko abenduak 10

  • Concilia 30: enpresek eta proiektu pilotuetako buru diren pertsonek informazioa, ezagutza eta esperientziak trukatzen dituzte

VG 10 12 2018

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren iritziz, “Euskadik familiaren eta enpresaren arteko kontziliazio- eta erantzunkidetasun-eredu aurreratua eskaini dezake, enpresek eta proiektu pilotuetako buru diren pertsonek informazioa, ezagutza eta esperientziak trukatzeko espazioa sortzeko interesa dagoela aintzat hartuta”.

           

“Kontziliazioaren inguruan enpresen erkidegoa eratzen ari gara, Concilia 30 topaketaren esparruan, eta, orokorrago, Euskadi erantzunkideagoaren eremuan. Honek aurrera darrai: iaz, hiru enpresak parte hartu zuten plan pilotuan, eta, aurten, 30ek”, esan du Artolazabalek, Lakuan esperientzia ebaluatzeko barne-topaketa batean; topaketan Ernesto Sainz Lanchares Saileko Aniztasuneko zuzendariak parte hartu du.

 

Artolazabal sailburuak honako hau nabarmendu du: “kontziliazioak dakarzkigun onurek euskal gizarte osoarengan du eragina; izan ere, euskal enpresen lehiakortasuna areagotzen da, enpresa-egitura hobetzen da, langileen motibazioa hazten da, enplegagarritasunak gora egiten du eta murriztu egiten da laneko ezbehar-kopurua eta osasun-arloko gastua”.

 

“Erantzunkidetasunez kontziliatzeak guztion ardura da, gizarte garen aldetik, baina baita enpresa eta erakunde publikoena ere. Guztion artean, hobeto prestatuta eta egituratuta dagoen gizartea lortu behar dugu, etorkizuneko erronkei heltzeko; berdintasunean eta familiekin konprometitua dagoen gizartea, zibikoagoa eta solidarioagoa”, esan du Artolazabalek.

 

 

Gaur goizeko bileraren bidez, informazioa, ezagutza eta esperientziak partekatu dira, eta, datorren urteko apirilean, ebaluazio orokorra egingo da. Iaz hiru enpresak parte hartu zuten eta, edizio honetan, ia 30 dira.

 

“Eusko Jaurlaritzak ulertzen du kontziliazio terminoak erantzunkidetasun hitzarekin bat egin behar duela: alegia, kontziliazio erantzunkidearen aldeko apustua egiten dugu. Azken urteotan norberaren, familiako eta laneko bizitza uztartzeko politika publikoak sendotu dira, eta hainbat ikuspegitatik heldu zaie, besteak beste, enplegutik, gizon eta emakumeen berdintasunetik, familia-politikatik eta gizarte-inklusiotik. Hori dela eta, gure ustez, kontziliazio terminoa zabaldu egin behar da eta erantzunkidetasun terminoari lotu behar zaio”, esan du Artolazabalek.

 

Sailburuak honako hau esan du: “kontziliazioa eta erantzunkidetasuna beharrezkoak dira familian; izan ere, kide guztiak inplikatu behar dira etxeko eta zaintzako eginkizunetan eta, horrela, horien oreka banatua lortu. Horrela, horiek eskatzen duten ahalegina hobeto balioetsiko da eta berdintasun-kota handiagoak lortzeko behar den kultura- eta gizarte-aldaketa lortuko da. Baita gizartean ere; izan ere, kontziliazioaren erantzukizuna ez da bakarrik eraginpean dauden pertsonena, gizarte osoarena baizik”.

 

Artolazabalek honako hau azaldu du: “Erantzunkidetasuna enpresetan inplikatzen diren alderdi guztietara ere zabaldu behar da: konpainiaren egitura eta bertan lan egiten duten pertsonak. Bi aldeek landu behar dituzte kontziliazioa hobetzeko akordioak, alde batek ere kalterik jasan gabe. Helburua ematea eta jasotzea da; eta alderdi hori lantzen ari da bereziki proba pilotu hauetan”.

 

Aholkularitza

“Langileen norberaren bizitzaren, familiaren eta lanaren arteko kontziliazioari ikuspegi erantzunkidetik heldu behar zaio, enpresak kaltetu gabe; horretan ari dira buru-belarri lanean Concilia 30 topaketan inplikatuta dauden 30 erakundeak. Zalantzarik gabe, eginkizun horri, epe ertainean, konpainia guztiek heldu beharko diote; izan ere, berton dugun errealitatea da”, esan du.

 

Concilia 30 programaren bidez, Eusko Jaurlaritzak honako asmo hau du: euskal familiei beren bizitza eta lana uztartzeko aukera ematea eta, horrela, jaiotza-tasa eta Euskadiko belaunaldi-txandakatzea hobetzeko; enpresa-mundua norberaren bizitza, familia eta lana uztartzeak eskaintzen dituen aukeren gainean sentsibilizatzea, kostu ekonomiko baxua eta gizarte-onura handia dakarrelako; kontziliazio erantzunkiderako neurriak ezartzearen alde egiten duten enpresei aholkularitza eta gizarte-aintzatespena eskaintzea; familia-, lan- eta gizarte-antolaketa erantzunkideari bide ematea, emakume eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko apustua egiten duena; eta Euskadiko enpresa guztietara estrapola daitezkeen esperientzia arrakastatsuak aztertzea.

 

“Kontziliazioarekiko konpromiso hori argi jaso da Familiei Laguntza Emateko IV. Erakunde Planean; bertan, ardatz bat, bigarrena, osorik da erantzunkidetasunaren, genero-berdintasunaren eta euskal gizarte osoari onurak dakarzkion kontziliazio erantzunkiderako neurrien ezarpenaren ingurukoa; izan ere, euskal enpresen lehiakortasuna areagotzen da, enpresa-egitura hobetu, langileen motibazioa areagotu, enplegagarritasuna hazi eta laneko ezbehar-kopurua eta osasun-arloko gastua murrizten da”, azaldu die Beatriz Artolazabalek bertaratu diren enpresei.