2019an landa eremuko elkarte profesionalek ezingo dute diru-laguntzarik jaso zuzendaritza taldeetan emakumerik ez badago

Tapia_Dia_Mujer_Rural_1.JPG

2018.eko urriak 15

  • Neurria, ahobatez 2015ean onartutako Emakume Nekazarien Euskal Estatutuak jasotzen du eta 3 urteko epea izan dute elkarteek egokitzapena egiteko
  • Emakume Nekazarien Euskal Estatutua izan da gaur Lakuan egin den Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko egunaren ospakizunaren ardatza

Euskadi osotik etorritako ehun emakume baino gehiagok ospatu dute gaur Eusko Jaurlaritzak Gasteizen duen egoitzan Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna. Arantxa Tapiak, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak itxi duen ekitaldiak gai nagusitzat izan du Emakume Nekazarien Estatutuaren garapena. Estatutu hori aho batez onartu zuen Eusko Legebiltzarrak 2015eko urrian.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailak antolatu du zabalkundea egiteko ekitaldia eta departamentuko sektoreko arduradunen eta Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordearen babesa izan du.  Hasierako hitzen ondoren, Emakume Nekazarien Estatutuaren Oraina eta Etorkizuna izeneko ponentzia azaldu dute Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendari Irma Basterrak eta Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari Ikerne Zuluagak.

Parte hartze orekatua lortzeko bidean

Lehendabizi, Estatutuaren edukia eta helburuak azaldu dituzte eta, ondoren, sektorearen egungo egoera zehaztu dute eta, bereziki, Estatutua bultzatu eta helburu horiek lortzeko bidean Eusko Jaurlaritzak dituen planak. Horrela, bada, aurten bertan abian izango dela adierazi dute.

Honakoak dira 2018an zehar garatu diren lan lerro nagusienak: nekazaritzako ustiategietan emakumeen titulartasuna sustatzea (nekazaritza sektorean 21.796 dira titularrak eta horietatik 7.402 emakumeak, %34), nekazaritza sektoreko erakundeetan emakumeen ordezkaritza bultzatzearekin batera; eta, gainera, sektorearen araudia egokitu nahi da, emakumeak sektorean aitortzea eta ikusgarritasuna ematea eta genero ikuspegian eta ikuspegitik heziketa eskaintzea. Gainera, iragan urtarrilean Estatutuaren Jarraipen Batzordea eratu zen, Estatuaren betetze mailaren jarraipena egin ahal izateko xedearekin.

Erabaki organoetan ordezkaritza

Baieztatu zutenez, “lehentasunetako bat da erabakitze organoetan gizonen eta emakumeen ordezkaritza orekatua lortzea. Helburu horretan guztiok gaude inplikatuta: administrazioak, elkarteak eta nekazaritza sektorea, oro har”.

Jakina da nekazaritza arloko elkarte eta erakunde profesional ugarietako erabakitze organoetan emakumeek ordezkaritza txikia dutela, eta Estatutuaren helburuetako bat da gizonak eta emakumeak masa sozialean presente egotea eta erabakitze organo horietan modu orekatuan parte hartzea. Parte hartze hori errazteko, euskal administrazioak honako bi datak azpimarratu ditu: bata, 2019ko urriaren 22a, egun horretatik aurrera ez baitzaie diru laguntzarik emango nekazaritza alorrean ari diren  erakunde profesionalei, enpresa erakundeei, sindikatuei edo bestelakoei zuzendaritza organoetan emakumerik ez badute; eta, bestea, 2021eko urriaren 22a, egun horretatik aurrera ez baitzaie diru laguntzarik emango emakumeen presentzia zuzendaritza organoetan gutxienez orekatua ez bada. Hau da, organoen %40a emakumeez osatua egon beharko da gutxienez.

Marixe Noyaren hitzaldia

Ikerne Zuloagaren eta Irma Basterraren parte hartzearen ostean, Marixe Noya Arrizabalagarena etorri da.  Bere hitzaldiaren izenburua “Ahalduntzen duten kulturak” izan da, eta bertan azaldu du zer ulertzen den emakumeek  gune publikoan edo nekazaritza sisteman duten parte hartzeaz. Kritika egin du esparru pribatu eta esparru publikoa banantzen direlako eta argi utzi nahi izan du emakumeek betidanik parte hartu dutela landa inguruneetako ekonomian eta, gaineratu, nekazaritza sistemak ez zuela bizi iraungo sarritan ordainik gabe etxean nahiz landan emakumeek egindako lanik gabe.