Uruguaiko Ordezkarien Ganberak "Gernikako bonbardaketari" buruzko erakusketa hartu du

04.12.17-_Homenaje_a_las_víctimas_de_Gernica_0019.jpg

2017.eko abenduak 07

Gernikako bonbardaketari buruzko erakusketa Uruguaiko Ordezkarien Ganberaren Gelaurrean inauguratu zen, Montevideon. Montevideoko Euskal Erria Euskal Senidetasun Erakundeak antolatu duen kultura-astearen esparruan egin da erakusketa, 2017. urtean gertaera tragikoaren 80. mendeurrena gogora ekarriz.

Protokolo-ekitaldiaren buru izan ziren Ganberako lehendakari José Carlos Mahia, historialari Xabier Irujo Amezata eta Euskal Etxeko lehendakari Agurtzane Aguado. Bertan izan zen, halaber, Euskadiren Argentinako ordezkari (Mercosur) Sara Pagola Aizpiri. Eusko Jaurlaritzaren izenean eskertu zuen Uruguaik euskal herritarrei beti egin dien harrera ona, are historiaren une zailenetan ere, Agirre lehendakariak berak 1941ean Montevideora iritsi zenean egiaztatu zuen moduan.

Ekitaldian Euskal Etxeko abesbatzak parte hartu zuen, Francisco Simandoniren zuzendaritzapean, eta erakunde bereko dantzari batek ohorezko aurreskua dantzatu zuen. "Bombardeo de Gernika / Gernikako Bonbardaketa” erakusketa Gernikako Bakearen Museoarena da eta Euskal Erria erakundeak Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren lankidetzarekin egin dituen kudeaketei esker iritsi da Montevideora.

Euskal Erria erakundeak 80. urteurrenaren omenez Montevideon antolatutako programazioaren barruan, Xabier Irujok “Gernikako bonbardaketari” buruzko hitzaldia eman zuen Errepublikako Unibertsitateko Humanitate eta Zientzien Fakultatean, omenaldia eskaini zen hiri horretako Gernika Plazan bonbardaketaren oroitzapenezko monolitoaren aurrean, eta Euskal Erria erakundeak 2017an argitaratu dituen liburuen aurkezpena egin zen. Florida hirian, Uruguaiko hiriburutik 104 km-ra, 80. urteurrenari buruzko plaka bat jarri zuten “Gernika plazaren” birmoldaketen inaugurazioan, eta Xabier Irujok ere bonbardaketari buruzko hitzaldia eman zuen hiri horretan.