Lehendakariak Katalunian elkarrizketarako bideak "premiaz" berrezartzeko eskatu du

2017.eko irailak 20

Gaur egin diren atxiloketen ondoren, esan du zoritxarrez “bueltarik ez duen puntu”rantz egiten ari direla

Iñigo Urkullu Lehendakariak Kataluniaren egoerari irtenbidea emateko elkarrizketarako, negoziaziorako eta akordiorako bideak “premiaz” berrezartzeko eskatu du. Hala esan du Guardia Zibilak erreferendumaren aurkako eragiketaren esparruan gaur goizean egindako atxiloketen berri izan ondoren egin duen balorazioan Graphenearen instalazio berrien inaugurazioan.

Urkulluk esan du, zoritxarrez, Estatuko botereak “bueltarik ez duen puntu”rantz egiten ari direla Kataluniari dagokionez, eta aitortu du egoera “oso kezkagarria” dela. “Dena ari da eskuetatik ihes egiten”, esan du. Lehendakariak, bestalde, ez du ezkutatu kezkatuta dagoela atzo Diputatuen Kongresuan “ez zelako onartu elkarrizketa politikoaren bidea, trantsiziotik dagoen erakunde-arazo nagusia ebazteko”. 

Hori dela eta, “alde guztiek” “egoera horri premiaz heltzeko” eskatu du; izan ere, “bizikidetza-eremuan sakon heldu behar zaio”. “Euskaditik, gure eskuetan dagoen neurrian, elkarrizketaren eta negoziazioaren bideetatik akordio- eta bizikidetza-espirituari berriz heltzeko gogoa adierazi nahi dut, errealitateen aitorpenetik abiatuta”, esan du amaitzeko.