Lehendakariak bere babesa eman die startup-ei Grapheneako instalazio berrien inaugurazioan

2017.eko irailak 20

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak Graphenea enpresaren instalazio berriak inauguratu dituzte Miramongo parke teknologikoan. Lehendakariak Eusko Jaurlaritzaren babesa adierazi die startup-ei, enpresa-azeleratzailea den Bind 4.0 ekimenaren bidez egiten dena. Bigarren edizio honetan 385 eskaera jaso dira orotara, eta horietatik 292 nazioartetik iritsitako proiektuak dira.

Egoitza berriaren 600 metro karratuen inaugurazioan izan dira Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olano, Donostiako alkate Eneko Goia eta konpainiaren zuzendari Jesús de la Fuente, gonbidatuei instalazio berriak erakusteaz arduratu dena.

Lehendakariaren esanetan Graphenea da euskal enpresek “jarraitu behar duten eredua”, egungo enpresa-jardueraren osagaiak biltzen baititu: “gogo handiz eta lan profesional handia eginez abian jarritako startup-a da”, Euskadiko ikerketaren ekosistematik sortua, nazioarteko dimentsioa duena eta trakzio-enpresen laguntza eta inbertsioa duena. Alde horretatik, aitortu du Eusko Jaurlaritzaren betebeharra dela “era honetako enpresak Euskadin sortzen, hazten eta garatzen lagunduko duen eta ekosistema hori sendotuko duen” politika ekonomiko eta industrialari eustea.

Horrela, lehendakaria Bind 4.0 moduko programen bidez startup berrien garapena sustatzearen aldekoa da, "gure herriaren apustu estrategikoa” izanik, esan du.  “Ekintzaileei, enpresei eta industriari laguntzen jarraituko dugu”, adierazi du lehendakariak, eta helburu gisa ezarri du industria BPGren % 25 izatea eta langabezia % 10etik beherakoa izatea lortzea.

Graphenea 2010ean sortu zen inbertsiogile-talde pribatu baten eta nanoGuneren ekimen bateratuaren esparruan, kalitate handiko grafenozko olatak egin eta merkaturatzeko eta material horretan oinarritutako teknologiak garatzeko. Donostian finkatutako konpainia hori munduko enpresa nagusia da sektore horretan gaur egun, eta merkatu globaleko kuotaren % 14 du. Bere fakturazioa bi milioi eurokoa da hazkunde-ahalmen handia duen merkatuan.