Lehendakariak azpimarratu du Forondako aireportuaren lehiakortasuna sendotzen duela aireportuan DHLren instalazioak handitzeak

2017.eko irailak 20

Urkullu lehendakaria Arabako aerodromoko enpresaren instalazio berrien inaugurazioan izan da

Iñigo Urkullu lehendakaria DHL enpresak Forondako aireportuan dituen eta handitu berri diren instalazioen inaugurazioan izan da. Ekitaldian lehendakariarekin batera izan da Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia. Lehendakariak aitortu du enpresa handitzeko egindako inbertsioak sendotu egiten duela aireportuaren lehiakortasuna, eta esan du Euskadiko “ekonomiaren eta industriaren garapenerako oinarrizko azpiegitura” dela. “Inbertsioak oraindik ere gehiago zabaltzen dizkigu mundurako ateak”, erantsi du.  

Guztira 23 milioi euro jarri dira paketeriako enpresa alemaniarrak beste 7.500 metro karratu izateko bere gune logistikoan, eta zabalkunde horrek prozesatutako pakete-kopuruan ere izango du isla. “Berton finkatuta dauden enpresak direla eta, Gasteiz eta Araba Atlantiko europarreko hub logistiko garrantzitsuena da”, esan du Urkulluk. 

Lehendakariak lankidetza aldarrikatu du, hau bezalako jardueren bidez, “Arabak eta Euskadik Europako merkatura sartzeko plataforma logistiko gisa duten posizioa sendotzeko”. Eusko Jaurlaritzak, esan du, “abian ditu baliabideak” azpiegiturak, logistika eta barneko eta kanpoko konektibitatea hobetzeko. “Badakigu elkarrekin egin behar dugula lan agertoki globalean lehiakorragoak izateko”, erantsi du.

Gogora ekarri du, gainera, Jaurlaritzak hitzeman duela 8.800 milioi euroko inbertsioa egingo duela 2020ra arte ekonomia suspertzeko eta langabezia % 10etik beherakoa izatea lortzeko. 

Handitu berri diren instalazioen inaugurazioan egon dira ere Ramiro González Arabako diputatu nagusia, Gorka Urtaran Gasteizko alkatea, Pedro Elosegi Arabako Batzar Nagusietako presidentea, Javier de Andrés Espainiako Gobernuaren ordezkaria eta Begoña Llarena airoportuaren zuzendaria.