Lehendakaria Jesuiten Nagusi Arturo Sosarekin batzartu da Erroman

2017.eko urtarrilak 12

Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzak, Iñigo Urkullu lehendakaria buru dela, Jesuiten Nagusi izendatu berria den (2016ko urrian) Arturo Sosa aita ezagutzeko aukera izan du. Bileran Konpainiak egiten duen lanaz hitz egin ahal izan dute: errefuxiatuen arreta, gizarte-arloa eta nazioarteko lankidetza.

Jesuiten Nagusiarekin egindako bileran lehendakariarekin batera izan dira Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusi Jonan Fernández, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorza eta Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendari Monika Hernando.  Esperientziak partekatu dituzte nazioartean Konpainiaren arlo sozialaren ardura duen Patxi Álvarezekin, Kolonbian garatutako “bake eta elkarbizitzaren eskolak” esperientzia ondo ezagutzen duen Gabriel Ignacio Rodríguezekin, eta Libanon errefuxiatuekin lanean ari den Victor Assoudekin.

Konpainia 50 herrialdetan baino gehiagotan ari da lanean “Errefuxiatuentzako Jesuiten zerbitzua” programaren bitartez, migratu beharra duten pertsonak artatu eta integratzeko. Bileran aipatu denez, laguntzen ari diren hainbat herrialdetan Eusko Jaurlaritzaren laguntzak ere jasotzen dituzte Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bitartez. Lehendakariak Europa astintzen ari den krisi humanitarioan laguntzeko bere konpromisoa azaldu du. Horregatik, nazioartean informazioa biltzen ari da errefuxiatuak hartzeko aukera ezberdinak kontuan izateko.  

Arratsaldean bertan elkartuko da Iñigo Urkullu lehendakaria San Egidio Komunitatearekin, “korridore humanitarioak” izenekoen esperientzia errefuxiatuekin garatzen ari denarekin.  

Jesusen Konpainia

Arturo Sosa Venezuelako apaiz bat da (1948), eta 2016ko urrian izendatu zuten Jesusen Konpainiaren Nagusi. Konpainiak Latinoamerikako “Aita Santu beltz” bat hautatu zuen Euskadin berebiziko garrantzia izan duen ordena 1540an sortu zuen Loiolako Inazioren 30. ondorengoa izateko. Sosa aita Filosofian lizentziatu zen Andrés Bello Unibertsitate Katolikoan (1972), eta Zientzia Politiketan doktoratu zen Venezuelako Unibertsitate Zentralean. Ibilbide luzea egin du Unibertsitateko irakaskuntzaren eta ikerketaren arloan, eta hainbat lan ditu argitaratuta, batez ere Venezuelako politikari eta historiari buruzkoak.

Bileran, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak eta Kataluniako Gobernuak 2015eko uztailean aurkeztutako Inazio Bidearen proiektua bultzatzeaz hitz egin da. Proiektu turistiko honek Santiago Bidearen antzeko zerbait izan nahi du, eta Loiolako Inaziok 1522an Azpeitia jaioterritik Manresaraino egindako bidea da; bertan finkatu zuen bizitza espirituala egiteko eta Jesusi jarraitzeko asmoa.