Ingurumen sailak Cadagua ibaiaren ur-goraldiei aurre egiteko lanak hasi ditu Zallan

2017.eko uztailak 27

  • Adjudikazio-aurrekontua 4.310.000 €koa da; lanok 18 hilabetetan bukatzea aurreikusten da
  • Arriolak nabarmendu duenez “uholdeei aurre egiteko lan garrantzitsuenetakoak dira Zallakoak” eta “hondamen-arriskuko ur-goraldiei nabarmen egingo die aurre” 

URA-Uraren Euskal Agentziak asteon hasi berri ditu Cadagua ibaiaren ur-goraldiei aurre egiteko lanak, Zallako Mimetiz auzoan. Lanok xede dute ibilguari ur-hustuketarako ahalmen handiagoa ematea, hartara, inguruko etxebizitza, enpresa eta azpiegituren segurtasuna handitzeko -ibaiaren ur-goraldi errepikakorrekiko-. Ingurumen, lurralde-plangintza eta etxebizitza sailburu, zein URAko lehendakari, Iñaki Arriolak lan-eremua bisitatu du Zallako alkate Javier Portillorekin batera. Lanok kilometro bateko luzerako tartean egingo dira, 4,3 milioi euroko aurrekontua dute, eta 18 hilabete aurreikusten dira burutzeko.

Zalla-Güenesko uholde-arrisku handiko eremuan (UAHE) egingo dira lanak;  bertan, hainbat etxebizitza eta jarduera ekonomiko dago,  Cadagua ibaiaren ur-goraldi errepikakorrek bere egin nahi izaten dituenak. EAEn uholdeei aurre egiteko lanen artean, inbertitutako euro bakoitzeko erasan murrizte handienetakoa dakarte lanok.

Balizko erasan horiek sortu litezke, bai ibilguak egun ur-hustuketarako ahalmen gutxi duelako -erabilera urbanoak estututa,  ur-goraldiek bere egin beharko luketen zonaldean-, baita uren emari askea oztopatzen dituzten azpiegiturengatik -hala nola El Charco-ko zubia, edota beste presa txiki batzuk ere-. Horiek horrela, ezinbestekoa da azpiegitura-lanak egitea: ibilguan bertan -berau zabaldu eta oztopoak erauzteko-, nahiz El Charcotik ibaian behera dagoen meandroan -bertan ubide berria egingo da ur handietarako-.

Arriola sailburuak adierazi duenez “Cadaguako lan hauek Uraren Euskal Agentziaren uholdeei aurre egiteko proiektuen artean garrantzitsuenetakoak dira; eta ibaitik gertu diren pertsona eta ondasunen segurtasun-maila handitu, zein ur-goraldiek sor lezaketen arriskua gutxituko ditu”. 

Hiru lan-mugarri

Hiru lan-mugarri nabarmenek osatzen dituzte lanok. El Baular-eko auzotik eta El Charco-ko zubira arteko tartean, urei ibilbide berri  bat egokituko zaie urak handitzen direnerako. Ibilgu berria emari oparoenentzako bidea izango da Ibaiondoko auzoan: hartara, 100 urteko  errepikatze denborako  uraldiak saihestuko dira. Ibilgu berri hori 440 m luze izango da, 3 m zabal eta metro bat hondo, bataz beste; emarien abiadura murrizteko,bestalde, meandroak egingo dira. Ibaiaren emariak apal datozenean, aldiz, ibilgu berri hori lehor izango da, eta aisialdirako gune berri bat izango da.

Halaber, ahalmen hidrauliko handiagoko zubi berri bat eraikiko da, herriko polikiroldegira sarbidea bermatzeko.

Lanok, El Charco-ko zubia ordezkatzea aurreikusten dute: berriak ur-hustuketarako ahalmen handiagoa izango du. Hori egiteko, baina,  eskuin ertzeko etxebizitzak bere horretan jarraitzea ahalbidetuko da. Ibilguan euskarrririk gabeko 41 m luzerako zubi berria izango da. Egun denak ez du ur-hustutze nahikoa ahalbidetzen ur-goraldien emariak pasarazteko; aitzitik, emari handiek zubiarekin talka egitea erraz dute, eta, ondorioz, ibaian gora ur-lamina hazarazteko arriskua agerikoa  da.

Beste alde batetik, El Charco eta San Pedro auzoko FEVEren geralekuaren arteko tartean,  ibilgua zabalduko da: 660 metroko tartean,  25 eta 55 metro arteko zabalera berria izan dezan. Hartara, ur-goraldietarako ibilgu berria egiteaz gain, ezkerreko ibaiertzean mota bat eraikiko da.

Azpimarratzekoa da lanok aintzat hartuko dituztela ibaiertzeko landaredia ez kaltetzea (haltzadi kantauriarra), intereseko habitat naturala baita.

Informazio gehiago