Hezkuntza Batzordea: Hezkuntza-azpiegituren Plana

2017.eko apirilak 05

  • Azpiegitura Planean jasotako lanen %80 exekutatua izan da edo tramitazioan ditu administrazioak
  • Hezkuntza Sailak 45 milioi euroan handitu du 2014-2018ko Hezkuntza-azpiegituren Planera bideratutako diru kopurua
  • 2013tik, %40 baino gehiago jaitsi da ikasgela modularren kopurua: 107tik 60ra. 2017-2018 ikasturtean kopuru hori 41 ikasgela modularretara jaistea aurreikusten da

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, Olatz Garamendi Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea lagun zuela, Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean agerraldia izan du gaur, 2014-2018 aldiko Hezkuntza-azpiegituren Planaren bilakaera azaltzeko. Plan honek, hastapenean, 254,6 milioi euroko aurrekontu aurreikuspena zuen 2014-2018 aldian gauzatu ahal izateko. Hala ere, Hezkuntza Sailak beste 45 milioi gehitu dizkio aurreikuspen horri, agertu diren behar berriei erantzun ahal izateko. Horrela bada, 299,6 milioi euroko inbertsioa aurreikusten da.

Agerraldian, Uriarte sailburuak Planaren betetze maila eguneratu du. Egun, Planak bere epealdiaren erdia gainditu duenean, bertan jasotzen diren lanen %80 baino gehiago exekutatuak izan dira edo tramitazioan ditu administrazioak (182tik 148): amaituta daude, edo burutzen ari dira, edo lanok hasi ahal izateko tramitazioei ekin die administrazioak. Zehazki, honako hauek dira egoerak:

  • 58* lan amaitu dira, Planean aurreikusitakoen %31,84
  • %7,14 exekuzioan daude, orotara 13** lan
  • 45*** lanen proiektua erredakzioan dago, %24,73
  • 32 obra kontratazio fasean daude, %17,58

Barneratutako lan berriak

Azpiegitura Plana aurkeztu zenean, 2014an, Uriarte sailburuak plan malgua zela nabarmendu zuen. Malgutasun horri esker, planaren hastapeneko planteamendu hura geroztik agertu diren behar berrietara egokitu ahal izan da, hala nola, irisgarritasuna hobetzeko lanak, edo eraikin berriak egitea. Honela, nabarmentzekoa da hastapenean jasotako jarduketez gain beste 43 lan ere burutu direla. Hauek burutzeko beste 45 milioi euro gehigarri bideratu dira, hastapenean Planak jasotzen zuen aurrekontuari gehitzeko. Dagoeneko amaituta dauden hainbat motatako lanak (Zarauzko Lizardi BHIn teilatua konpontzea, Bilboko  Cocherito Itsuen Baliabidetegiko irisgarritasun lanak, edo Basauriko Jose Etxegarai HLHIko irisgarritasun lanak, besteak beste), nahiz une honetan fase batean zein bestean garatzen ari diren proiektu esanguratsuak (Aldaialde HLHI, Antonio Trueba BHI handitzea, Salburua BHI, Bidebieta BHI handitzea, Tolosako Orixe BHI…).

Bestalde, azpiegituren programa hau obra txikiagoekin osatzen da. Atal garrantzitsua, ikastetxeen mantenuaz ari bagara, eta opor garaiak baliatuz, egungo espazioak egokitzeko eta hobetzeko aukera ematen duena. Lan hauetarako urteko 3 milioi aurreikusten zituen inbertsio-programak, baina aurrekontua izateak urtero diru-kopuru hori handitzea ahalbidetu du: 3,5 milioi izan ziren 2014an, 5,5 milioi 2015ean eta 5 milioi 2016an.

Aipatzekoa da era beran, Eusko Jaurlaritzaren ekimenez burutzen diren jarduerez gain, Hezkuntza Sailak urtero aurkezten duen Udalaguntza deialdia ere. Honen bidez, udal titulartasuna duten ikastetxeetan (Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan) lanak egiteko Udalek eurek aurkezten dituzten eskaerei ematen zaie erantzuna. Urteko 6 milioi euroko diru kopuruarekin, Eusko Jaurlaritzak lan hauen kostuaren %60 finantzatzen du, eta udalek gainerako %40 hartzen dute beren gain. Azken deialdiaren bidez, Hezkuntza Sailak 167 ikastetxetarako 298 eskaera artatuko ditu, 99 udalerritan.

Ikasgela modular gutxiago

Azken urteotan burutu diren lanei esker, aurreikusitako obra burutzen ari zen bitartean zerbitzua ematen zuten ikasgela modularren kopurua jaitsi egin ahal izan da.

Esanguratsua izan da azken urteotan izan den jaitsiera. 2012-2013 ikasturtean ehun ikasgela baino gehiago baziren moduluetan, 60 inguru dira ikasturte honetan. Helburua da, 2017-2018 ikasturtean zehar ikasgela modular horien kopurua 40ra jaistea.

Hezkuntza-azpiegituren Plana

Azpiegiturak hobetzeko Programa (2014-2018 aldirakoa), hiru Lurralde Historikoetan azterketa eta analisiak egin ondoren diseinatu zen. Aurretiazko lan horrek jarduera zehatzak jasoko zituen programaren lehentasunak ezartzea ahalbidetu zuen; egokitze (edo hobetze) lanak jaso ziren, bai eta azpiegitura berrien beharra ere, bilakaera demografikoa, migrazio mugimenduak edo azken urteetako joerak aintzat harturik.

Azpiegitura Planaren jarduna hiru ardatz nagusitan banatzen da:

  • Eskolatze beharrei erantzuna emateko lanak. Eraikinak handitzeko, egokitzeko nahiz berriak eraikitzeko 62 lan aurreikusten ditu programak, eskola-plaza berrien eskaerari erantzuna emateko.
  • Eraberritze, hobetze eta araudira egokitzeko lanak. Ekipamenduak berritu eta hobetzeaz gain (ez kontserbazio ikuspegitik soilik, baizik eskolari hezkuntza-erronka berrietara egokitzeko egiten zaion eskakizunetik ere begiratuta) programak azpimarra jartzen du ikastetxeek irisgarritasun egokia izan dezaten egin beharreko lanetan. 78 jarduketa planifikatu ziren.  
  • Udal jabetza duten ikastetxeen mantenu eta kontserbaziorako erakunde-arteko koordinazio eta elkarlana. Erakundeen arteko elkarlan partekatu eta koordinatuaren emaitza da, eta udal jabetzako azpiegiturak mantendu zein hobetzeko bideratzen den inbertsioa eraginkortasun handiagoz kudeatzea ahalbidetzen du. Programak Udalaguntza deituriko deialdiaren aldeko apustua egin du, udalen jabetzako ikastetxe publikoetan burutzen diren lanak elkarrekin finantzatzeko (Jaurlaritzak eta udalek)

*Amaitutako lanen artean, nabarmentzekoak dira:

  • Musikene – Euskal Herriko Goi-mailako Musika Ikastegiaren eraikin berria, Donostian.
  • Mariturri HLHI. Gasteizen kokaturik, eraiki berri den Zabalgana auzoko eskolatze-premiei erantzun ematen die.
  • Mungiako Legarda HLHI. Aurreko eraikin zaharraren ordez eraiki da, han egun indarrean den araudia betetzea ezinezkoa zela-eta.
  • Aiete HLHI, inauguratu berria, Donostian dago kokaturik eta izen bereko auzoak dituen eskolatze premiei erantzun ematen die.
  • Xabier Munibe BHI, Azkoitian, DBH-ko lau lerro hartzen dituena, eta 2016-2017 ikasturtean martxan jarri dena.
  • Bergarako San Martin Agirre HLHI, garai bateko Martinez de Irala ikastetxe zenaren instalazioak berritu eta modernizatzeko borondatearen emaitza.
  • Badaia BHI, Arabako Iruña Oka udalerrian, ingurune horretako eskolatze premiei erantzuna emanez.
  • Lekeitio BHI eraberritua, ikasturte honen hasierarekin jarri da martxan.
  • Beasaingo Txindoki-Alkartasuna BHIn egin diren handitze eta eraberritze lanak, 2016 amaieran hasi dira erabiltzen.

**Une honetan burutzen ari diren zenbait lan:

  • Zabalgana BHI, Gasteizen. DBHko 7 lerrorekin eta Batxilergoko 4rekin, Gasteizko auzo horretan izan den hazkundetik sortu diren beharrei erantzungo die.
  • Migel Altuna Lanbide Heziketako Institutua, Bergaran. Egungo eraikina ordezkatuko du, herriaren erdialdean egonik, institutuaren jarduera akademikoak eskatzen dituen funtzionaltasun eta azalera premiak ezin baititu bete hark.
  • Ugao-Miraballes BHI. Goi Nerbioi eskualdeko eskolatze premiak beteko ditu. Datorren ikasturtean ekingo dio ibilbideari, Hernani BHI-k bezalaxe.
  • Eretza Berri IPI, Gueñes udalerrian, 2017-2018 ikasturtean zehar jarriko da martxan.
  • Pagasarribide BHI, Bilbon. Pagasarribide HLHIaren ibilbidea osatuko du, Bigarren Hezkuntza eskainiz.
  • Bizkotxalde HLHI, Basauriko erdialdean. Eraitsitako eraikin zaharraren ordez ari da eraikitzen, arkitektura oztopoak zirela-eta ez baitzen Haur Hezkuntzako ikasleek erabiltzeko egokia. 2017-2018 ikasturtean jarriko da habian. 

***Proiektuaren erredakzioan dauden zenbait lan:

  • Aldaialde HLHI, Gasteizen
  • Albiz HLHI, Sestaon
  • Alkiza HLHI